Bakarne Atxukarro, Irundarra jaiotzez baina egun Iruñean bizi den kazetari eta idazlea da. “El café de los miércoles” tituluarekin idazleak bere lehen eleberria kaleratu du aspaldian armairuan eta bere barnean gordeak zeukan istorioak aireratuz. Horrela, Atxukarrok azkenaldian kaleratutako liburu eta proiektu ezberdinen inguruan hitz egin du.
Berezia da zuretzat zure liburuak aurkezteko Irunera etortzea?
Bai oso berezia da niretzat, gainera nire lehen nobela delako. Bi urtez tiradera batean gordeta izan ostean, aurten kaleratu da eta asko maitatzen dut.
Orain dela gutxi hiriarekin lotura estua duen “Irun. Historia erraldoia” liburuaren proiektuan parte hartu zenuen, ezta?
Zoritxarrez ni ez naiz Irunen bizi, baina, hemen gauzak egiten ditut eta oso harreman estua dut hemengo jende eta erakunde batzuekin. Horregatik, abenduan “Irun, historia erraldoia” izena duen liburua kaleratu genuen. Oso liburu polita da. Liburua irudi, antzinako argazki eta testu ezberdinez osatuta dago eta testu horietako batzuk nik idatzi nituen. Testuek Ondare elkarteko erraldoien jatorria azaltzen dute eta Oskarbi elkarteko idazleek pertsonai horiekin loturiko kontakizunak idatzi zituzten. Idazle bakoitzak barruan zeukana bere erara atera zuen eta oso istorio bitxiak sortu dira horrela, benetan aberatsa den liburua osatuz. Zehazki, nik hiru testu idatzi nituen. Lehenengoan nire amatxiri omenaldia egin nion, bera Hondarribikoa zen eta opila beti nola ematen zidan kontatzen dut bertan. Bigarrenean nire izebari buruz idatzi nuen, luzaroan berak kantineren jantziak egin baititu eta berak kontatutako bitxikeriak azaltzen saihatu naiz. Azkenik, Bidasoa eskubaloi taldearen inguruko testua idaztea egokitu zitzaidan. Hortaz gain, Oskarbi taldekoek Luis Mariano, erromatarrak, … pertsonai asko daude.
“Lan hau beste lan batzuekin batera tiradera batean gordeta nuen”
Orain, ordea, zure lehen nobela kaleratu duzu. Zergatik erabaki duzu zuren lanean aldaketa hau egitea?
Ez da aldaketa bat. Niretzat idaztea behar bat da, idazteko premia daukat beti barrukoa ateratzeko. Kaleratu berri dudan lan hau beste lan batzuekin batera tiradera batean gordeta nuen. Aurreko urtean Erein argitaletxekoekin bilera izan nuen ipuin bilduma bat kaleratzeko asmoz eta bileran haientzat emakumearen inguruko gaiek interes handia zutela azaldu zidaten. Gordeta zegoen istorio bat nuela kontatu nien eta, lana erakutsi eta denbora gutxira eskatu egin zidaten, lan hori gordeta izatea ulertu ezinik. Horregatik esaten dut ez dela aldaketa bat, nik jada gauza asko idatziak dauzkadalako. Beste gauza bat kaleratzea da. Nik jada haurrentzako ipuinak edo helduentzako bestelako gauzak kaleratuak neuzkan, baina, ez nobelarik. Esaterako, Gizalabak liburua biografia laburrez osatuta dago. Beraz, hauxe da nik kaleratutako nire lehen eleberria.
Zergatik erabaki duzu bere aurreko bizimoduarekin apurtu nahi duen emakume batean istorioa kontatzea?
40 urte betetzeak eragin ohi duen krisialdiarekin loturik dagoela esango nuke. Jada liburua irakurtzen hasi diren askok esan didate, kasu askotan liburuko protagonistarekin identifikatuta sentitzen direla. Izan ere, egia baita askotan gure bizitzako uneren batean gelditu eta aurretik zer egin ote dugun galdetzen diogula gure buruari. Behin ekuatorera iritsita benetan gauzak egiten hasteko unea dela ulertzen dugu. Niri ere antzeko zerbait gertatu zitzaidan, 2016. urtea urte latza izan baitzen niretzat. Nire ama gaixotu eta, azkenean, hil zitzaigun, beraz, nik oso gaizki pasatu nuen horregatik eta oso galduta ibili nintzen. Hurrengo urtean, berriz, oso gaixorik ibili nin-tzen ni eta ospitalean amaitu nuen normalean haurrek hartu ohi duten birus baten ondorioz. Gainera, urte horretan ere arazo asko izan nituen lan arloan. Guzti hori elkartuta denboraldi oso txarra izan zela esan dezaket. Ostean, 2018an lagun batek barruan gordeta nuen guzti hori ateratzeko idatzi behar nuela esan zidan. Hasieran ideia ez zitzaidan gehiegi gustatu eta horretarako gaitasunik ez nuela edo nire lanak ez zuela ezertarako balioko errepikatzen nion nire buruari. Idazten hasi nintzenean buruan neukan istorioa erabat aldatu zen eta liburu hau sortu zen. Barruan nuena ateratzeko modua izan zen eta kajoi batean gorde nuen, nire helburua dagoeneko bete nuela pentsatuta. Lehen aipatutako Erein argitaletxeko bilera horri esker, ordea, orain lana kalean dago.
Kasualitatea da martxoaren 8aren inguruan emakumeen buruhausteak lantzen dituen liburua kaleratzea?
Kasualitatea dela eta ez dela esango nuke. Guztiok dakigun bezala, pandemiak kalte handiak eragin ditu arlo ezberdinetan eta, ondorioz, liburu honen argitalpena atzeratu behar izan genuen. Lana kaleratzeko data berria bilatzen hasi ginenean Emakumearen Nazioarteko Egunaren inguruan kaleratzea aproposa izan zitekeela pentsatu genuen eta horregatik erabaki genuen data honetan publikatzea. Hala ere, ez da soilik data honen inguruan irakurri daitekeen lana, liburu guztiz atenporala da eta urte osoan zehar irakurri daiteke. Gainera, irakurketa ez bakarrik emakumeentzat, gizonezkoen- tzat ere gomendagarria izan daitekeela esango nuke eta liburuaren tituluan “los miércoles” hitza agertu arren, asteko egun guztietan irakurri daiteke.
Kazetari senak literaturan guztiz ohikoak ez diren gaiak lantzera bultzatzen zaitu?
Bai, kuriosoa da, nik inoiz ez dudalako horrelako premiarik izan, hau da, inoiz ez ditut emakumeak bilatu, baina, emakumeek ni bilatu nautela esango nuke. Duela bi urte Iruñeko Euskalerria Irratikoekin kolaborazioa hasi nuen eta astero “Gizalabak” izeneko irrati saioa egiten hasi ginen biografia labur batzuk ezagutarazteko asmoarekin, emakume ezberdinen lorpenak zabaltzeko. Hortik abiatuta, joan den urtean “Gizalabak” izeneko liburua kaleratu nuen eta ez dakit zergatik edo nola iritsi naizen emakumeei buruz idaztera, baina, oso garran- tzitsu bihurtu dira niretzat. Kazetari gisa esan dezaket gauzak asmatu eta imajinatzeko trebeegia ez naizela, bai, ordea, gertatzen diren gauzak ikusi eta behatzeko. Hortaz, kazetaria izanda baliteke errazagoa izatea istorio horiek ateratzea eta paper batean islatzea.
Zure azken lana aurkezten duzun bitartean jada buruan beste proiekturik duzu?
Bai, baina, zorte txarra ematen du gauzak aurreratzea, beraz, ez dut ezer esango.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.