Balazta, Badoa eta Recycl ‘Arte elkarteek 2023rako jarduera-egitaraua aurkeztu dute. Bidasoa Txirrindaz programaren bitartez Irunen, Hondarribian eta Hendaian bizikletaren erabilera sustatu nahi dute mugikortasun ekologiko eta ekonomikoa lortzeko.
Proiektua eskualdeko herritarrek aukeratu zuten mugaz gaineko proiektuen bozketa batean. Hain zuzen ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Département des Pyrénées Atlantiques erakundeek deitutako deialdi batean proposatu zen.
“Bizikleta, desplazamendurako benetako irtenbidea dela uste dugu, kontuan hartuta erregaien prezioak, ingurumenaren aldetik izan ditzakegun ondorioak eta klima aldaketa dela eta” dio Claire Dutrillauxek, Recycl ‘Arteko koordinatzaileak .“Ez dago ezer ekologikoagorik bizikletaz mugitzea baino, eta, gainera, ez da konplikatua. Joan-etorrietan pertsona autonomo bihurtzeko, bizikleta bat lortu behar duzu, eta bizikleta horretaz gozatzen ikasi, bai eta bizikleta prest jartzen eta konpontzen ikasi ere”
Proposatutako ekintzak
Proiektuaren barnean 15 ekitaldi antolatuko dituzte elkarteek guztira. Lehen ekintzak azaroaren 26an egin ziren Hendaian ospatutako La Recup jaiarekin. Bestetik, martxoaren 25ean topaketa bat antolatuko da Euskadi, Nafarroa eta Akitaniako bizikletarekin zerikusia duten elkarteen biltzeko. Horrela, esperientziak ezagutzeko, ideiak partekatzeko eta elkarrengandik ikasteko aukera izango dute parte-hartzaileek Palmera Montero zentroan egun osoko ekitaldian.
Tailerrak
Bidasoa Bizikletaz egitasmoaren barnean guztira 12 tailer antolatuko dira. Guztira, Irunen 6 tailer egingo dira, Hondarribian 2 eta Hendaian 4. Kalean auto-konponketako tailer mugikorren bidez, hirietan bizikleta-irteerak antolatuz, bizikletaren inguruko elkarteekin topaketak eginez eta gure bidegorrien diagnosi bat eginez, ekonomia sozial eta solidarioaren hiru egitura horien bidez, hiritarrak zirkulu horretako kide izatera gonbidatu nahi dituzte. Era horretan, klimaren eta hiri atseginagoen mesedetan mugitzeko. Premisa edo mezua hau izango litzateke: “Lor dezakegu!”.
Irunen otsailaren 7an, 21ean eta 28an Recycl’Artek Balazko kideei prestakuntza tailerrak eskainiko dizkie. Hala ere, edonork izango du Balaztaren egoitzan egingo diren tailer horietan izena emateko aukera eta gehienez 10 pertsonako taldeak sortu dira.
Bestetik, Irungo hainbat auzoetan bizikletaren autokonponketa tailerrak emango dira. Martxoaren 4an Moskun, Recycl ‘Artek eta Balaztak bizikletaren autokonponketa tailerra emango dute. Beraz, tailer honek otsaileko tailerretan ikasitakoa praktikan jartzeko aukera emango du. Apirilaren 4ean Balaztak Larreaundin bizikletaren autokonponketa eta bide publikoan zirkulatzeko irteera tailerra egingo du. Ekintza 2022an egin ziren emakumeentzako tailerretako parte-hartzaileentzat pentsatua dago, baina interesa duen edozeinek parte hartuko ahalko du. Azkenik, maiatzaren 6ean Arbes auzoan Badoak bizikletaz jolasteko tailerra, askaria eta bizikletaz paseatzeko ekintzak antolatuko ditu.
Hondarribia auzoetako bi tailer egingo dira. Lehena maiatzaren 15ean izango da eta Recycl ´Arte elkarteak emakumeei zuzendutako bizikletaren konponketa tailerra eta bide publikoan zirkulatzen ikasteko tailerra izango da. Bigarrena, berriz, maiatzaren 16an izango da eta Balazta elkarteak gidatuko du.
Hendaiako bizikletaren autokonponketa tailerrak ekaina eta uztaila artean egingo dira eta Recycl ´Arte elkarteak zuzenduko ditu.
Bizi Bilketa
Badoak, berriz, maiatzaren 14an “Bizi bilketa” jaia antolatuko du. Hiru zutabe egingo dira, udalerri bakoitzetik bat (Hendaia, Recycl ‘Arte; Irun, Balazta eta Hondarribia, Badoa). Elkarrekin Hondarribirako bidean bidegorrien egoeraren eta bizikletaz ibiltzeko beste espazioen balorazioa egingo da. Azkenik, Hondarribian bateratze bat egingo da dinamiken bidez, leku bakoitzaren alde positiboa eta negatiboa baloratuz.