Nuria Alzaga Gizarte Ongizate arloko ordezkariak gaur jakinarazi du etxeko laguntza zerbitzuan hobekuntzak egingo dira. Izan ere, bi kontratu berri sartu dira indarrean. Programa horretan 60 urtetik gorakoei etxeko laguntza eta laguntza pertsonala ematen zaie, etxebizitza partikularretan zein adineko autonomoentzako etxebizitzetan.
Alzagaren esanetan, “eskura dugun guztia egiten jarraitu nahi dugu, adinekoak, mendekotasun egoeran daudenak eta egoera sozial zaurgarrian daudenak etxean gelditu ahal izan daitezen eta ahalik eta autonomia maila handienari euts diezaioten. Kontratu bakoitzaren bidez zerbitzua hobetzen laguntzea dugu helburu, eta sortzen doazen beharrei erantzutea. Azken batean, garrantzitsua da mendekotasun egoeran daudenek eta senideek Udalera eta arreta jasotzeko beharrezkoak dituzten baliabideetara jo ahal izan dezaten”.
Irungo Udaleko etxeko laguntza zerbitzua laguntza eta prebentzio zerbitzu bat da, erabiltzaileen etxean bertan ematen dena adinekoei etxean gelditzen laguntzeko. Hain zuzen ere, etxean moldatzeko eta komunitatean integratzeko laguntza eta laguntza pertsonala ematen zaie erabiltzaileei, bakartuta gera ez daitezen.
Langile kopuruaren bikoizketa
Kontratu berriari esker, aurten, martxotik abendura bitartean, etxeko laguntza zerbitzuak 2.134.646 euroko aurrekontua izango du, eta, horrela, hobekuntza kuantitatiboak zein kualitatiboak egin ahalko dira: batetik, giza baliabideak ugarituko dira, erabiltzaile eta senideei arreta hobea emateko, eta, bestetik, enpresako langileen egoera hobetuko da, eta, horren ondorioz, zerbitzuaren kalitatea nabarmen hobetuko.
Aurrerantzean, lau lagunek osatuko dute zerbitzua, aurreko kontratuarekin alderatuta bi pertsona gehiagok, eta koordinazio taldeak urteko egun guztietan emango du zerbitzua, 07:00etatik 22:00etara bitartean; alegia, zerbitzuak 5.244 ordu gehiago emango ditu etxeko laguntza eta laguntza pertsonala.
Adineko autonomoentzako etxebizitzetako zerbitzuari dagokionez, berriz, ordu kopurua doituko da, erabiltzaileen egungo beharretara egokitzeko.
Zerbitzu jasangarria
Indarrean sartuko den beste kontratu berria etxeko otordu zerbitzuari dagokiona da. Beronek ere aurrekoa hobetuko du, eta 317.000 euroko aurrekontua izango du urtea bukatu bitartean.
Etxeko otordu zerbitzuaren bidez, otordu prestatuak eramaten dira etxeetara, nutrizioaren ikuspegitik osatutako dieta askotariko eta orekatua egiteko menuak, erabiltzaileen beharretara egokituta, espezialista batek gainbegiratua.
Bada, kalkuluen arabera, kontratu berriaren bidez, 4.929 otordu banatuko dira hilean: 144 egunean, orain arte baino % 31 gehiago. Aurreikuspenen arabera, berriz, 51.535 otordu banatuko dira, eta 6.579 etxebizitza komunitarioetan.
Kontratuaren berritasun nagusia menuak prestatzean ingurumenean oinarritutako ikuspegia kontuan hartzea da: enpresa esleipendunak, ahal duen neurrian, bertako eta garaian garaiko produktuak erabili beharko ditu, ahalik eta inpaktu txikiena izateko ingurumenean.
Hondakinen kudeaketa, minimizazioa eta gaikako bilketa ere enpresa esleipendunaren kontura izango dira, eta enpresak ingurumen arloan indarrean dagoen legedia bete beharko du. Alde horretatik, funtsezkoa izango da zerbitzu egiteko erabiltzen dituen ontziak biodegradagarri eta konpostagarriak izatea.
Garraioak ere kontuan hartu beharko ditu ingurumen gaiak, eta ibilbideak ibilgailuen isuriak minimizatzeko moduan osatu beharko dira, ihes gasak isurtzeari buruzko Euro 4 arauarekin bat etorriz betiere.
Zerbitzuak, martxa betean
2023an, zerbitzuak 303 irundarri eman zien arreta: 205 emakumeri eta 98 gizoni. Guztira, etxeko laguntza zerbitzuko langileek 52.076,75 ordu egin zituzten. 129 lagunek (erabiltzaileen % 42,57k) etxeko laguntza bakarrik jaso zuten; 78k (% 25,74k), laguntza pertsonala; eta 96k (% 31,68k), biak.
Etxeko otordu zerbitzua, berriz, 176 lagunek erabili zuten: 95 emakumek eta 81 gizonek. 62ri (erabiltzaileen % 35,22ri) mendekotasun mailaren bat aitortua zitzaien, eta 114 (52 emakume eta 62 gizon) (% 64,77) autonomoak ziren, edo mendekotasuna baloratu gabekoak.
Batez beste, hilean 126,27 familiari eman zitzaien zerbitzu: 117ri gutxienez eta 139ri gehienez. Guztira, 39.593 otordu banatu ziren; batez beste, hilean 3.299.