Euskal Ligarako puntuagarriak izango diren hurrengo jaitsierak urtarrilaren 15ean eta 29an egingo dira
Abenduaren 18an Santiagotarrak Kirol Elkarteko aulki mugikorreko arraunlariek denboraldi berria hasi zuten. Gainera, lehen jaitsiera eremu ezagunean jokatu zuten, Bidasoa ibaia jaitsi ostean, Hondarribiko puntaleraino iritsi baitziren. Denboraldiko lehen jaitsiera izan arren, txapelketak hainbat garaipen utzi zituen klub irundarrean.
5 urte igaro dira azkenekoz Aulki Mugikorreko Gipuzkoako Ligako Lehen Jaitsiera Bidasoa ibaian egin zenetik. Bidasoako jaitsieran Gipuzkoako hainbat klubek parte hartu zuten eta, zehazki, Santiagotarrak Kirol Elkarteko aulki mugikorreko 56 kirolarik parte hartu zuten 22 ontzi osatuz. Parte-hartzaile irundarrek 8 garaipen lortu zituzten. Gizonezko Jubenilak 8koan Jon Ander Penas, Ander Ibargoyen, Xabi Etxebeste, Alex Conde, Pablo Martinez Lacar, Hugo Rodriguez, Beñat Martinez, Ibai Otxoa eta Bittor Bazterra lemazaina izan ziren garaipena lortzen lehenak. Ostean, Beñat Fernandez, Bittor Lekuona, Ander Aramendi eta Julen Villafranca lemazainik gabeko 4 gizonezko kadeteak eta Jone Laguardia, Leire Navaridas, Maria Martinez Lacar eta Maialen Bengoetxea emakume kadeteak 4 scull-ean garaile izan ziren. Laukoteekin jarraituz, Mikel Laguardia, Markel Irigoyen, Adour Illarramendi eta Inhar Romano 4 sculleko mutilak ere beren kategoria irabazi zuten.
Talde txikiagoetan, berriz, Luken Solozabal eta Julen Beltran gizonezkoen kadete scull bikoitzean nagusitu ziren. Gizonezkoen kadete skiff-ean Jokin Antunez izan zen irabazle eta emakumezkoen infantil skiff-ean Maialen Zapiain. Azkenik, emakumezko jubenil scull bikoitzean Ane Calvok eta Maitane Zapirainek irabazi zuten.
Banku mugikorreko arraun-ligaren lehen jaitsiera eguerdiko 14:00etan hasi zen. Infantil eta kadete mailako arraunlariek 4.000 metroko erloju kontrakoa jokatu zuten. Minutu bateko tartea utzita Behobiako zubitik irten eta Hondarribiko Puntalera iritsi ziren. Jubenilak eta seniorrak berriz, 6.000 metroko erlojuz kontrakoa jokatu zuten, punttetatik irten eta Hondarribiko Puntaleraino iritsiz.
Denboraldi berriaren hasiera
Iñaki Zabaleta Santiagotarrak klubeko arraunlari infantil eta kadeteen entrenatzailea izateaz gain, klub irundarreko ordezkaria da Arrauneko Euskal Federazioaren aurrean. Zabaletak azaldu duenez, arraunlarien denboraldia, arraun olinpikoa praktikatzen dutenen kasuan, irailaren bukaeran hasi ohi da normalean, orduan egiten baitira denboraldiko lehen entrenamenduak. “Abendura arte kirolariak entrenamenduetan murgildurik ibili ohi dira eta ez dute beste helbururik izaten”, azaldu du arraunlari gazteen entrenatzaileak. Arraunketa txapelketak, berriz, abendutik aurrera hasten dira. “Lehen txapelketa horiek denboraldi hasierakoak direnez, kirolariei ez zaie aparteko emaitzarik eskatzen, uretan kilometroak egiteko aitzakia bat baino ez dira eta gauzak probatzeko momentua dira, besterik ez”, gaineratu du Iñaki Zabaletak. Gainera, azkeneko urtea Covid-19arengatik guztiz baldintzatuta egon dela gogoratu du entrenatzaileak. Denboraldiko lehen txapelketa pandemiaren 6. olatuaren erdian jokatu bada ere, txapelketa normaltasun osoz jokatu zela azaldu du Zabaletak. Izan ere, aurreko urtean jokatutako hainbat txapelketetan ikusleek ez zuten txapelketaz gozatzeko aukerarik izan, baina oraingoan ez zegoen horrelako murrizketarik indarrean.
Arrauna aire librean praktikatzen den kirola denez, beste kirolekin alderatuta hainbat abantaila dauzka. Izan ere, Covid-19a dela eta hartutako neurriek ez diete arraunlariei hainbeste eragiten. “Hala ere, eguraldi txarrarekin, euriarekin eta hotzarekin kirola praktikatzea tokatzen zaigu”, erantsi du Zabaletak. Beraz, egoera honetan arraunak bere alde on eta txarrak dituela argi dago. Esaterako, gimnasioan egiten den lana guztiz baldintzatuta dago murriztapen neurrien ondorioz eta klub irundarreko arraunlariak egoera berri honetara egokitu behar izan dira. “Gimnasioan ematen dugun denboran arduraz jokatzeko neurri guztiak hartzen ditugu eta pandemiaren aurretik egiten genituen hainbat gauza egiteari utzi behar izan diogu”, azaldu du Iñaki Zabaletak.
Denboraldi berrirako helburuez galdetuta, Iñaki Zabaletak honakoa azaldu du: “gure helburua talde bezala garatzen jarraitzea izango da”. Horretarako arraunera ahalik eta jende gehien erakarri nahi dute eta, ez hori bakarrik, kirolean inplikatzen den jendea izatea nahi dute. Adibidez, urtero arazo berdinari aurre egin behar izaten diote. Unibertsitatean dabiltzan edo ikasketetan zentratuta dauden gazte askok arrauna uzteko erabakia hartzen dute eta udaran, ikasturtea amaitu ostean, berriro kirola egiten hastea erabakitzen dute. Hain zuzen ere, egoera horretan egon ohi dira 11 urtetik gorako eta 20 urte baino gehiago dauzkaten arraunlari asko, beraz, helburua taldea egonkortzea eta hobetzea izango da.
Banakako helburuei dagokienez, berriz, Iñaki Zabaletak azaldu du Naroa Zubimendi Sevillan Espainiako Selekzioarekin kontzentratuta dagoela entrenatzen eta Aitzpea Gonzalez, berriz, Banyolesen. “Haien helburua udan nazioarteko txapelketetan Espainiako Selekzioarekin arraun egin ahal izatea da”, adierazi du entrenatzaileak. Bien bitartean, horien atzetik Santiagotarretako arrauneko sekzioko beste kirolariren bat sartzeko aukerarik badute sekulakoa izango dela aurreratu du.
Hurrengo jaitsierak urtarrilaren 15ean eta 29an egingo dira eta, Bidasoa ibaian egindako lehen jaitsierarekin batera, guztiak Arrauneko Euskal Federazioak antolatzen duen Jaitsieren Euskal Ligarako puntuagarriak izango dira. Horietan Santiagotarretako kirolariek haien onena ematen jarraitzeko eta ligako sailkapenerako puntu berriak lortzen jarraitzeko aukera izango dute.