Conchy eta Ana Vergara ahizpak lehenik eta behin odolak lotzen ditu, baina afizio partekatua ere badute: josketa. Orain dela 10 urte hasi ziren elkarrekin proiektu partekatu batean eta baserritar jantzien sorreran espezializatu dira. Vergara ahizpek azaldu dutenez inguruko herrietan antolatutako azokak dira beraientzako erakusleiho nagusiak, beraiek egindako jantzi bakar eta originalak erakusteko.
Nolatan erabaki zenuten jantzi hauen sorreran espezializatzea?
Conchy: Nik betidanik josi izan dut. Pixkanaka gero eta baserritar jantzi gehiago egiten hasi ginen eta horrela artisau azoketan parte hartzera animatu ginen. Anak puntuzko gauzak egiten zituen eta nik bestelako jantziak, beraz, bion lana bateragarria zela konturatu ginen. Elkarrekin gero eta gauza gehiago egiten hasi ginen eta honaino iritsi gara.
Nola antolatzen zarete?
Ana: Nik puntuz egindako gauzak egiten ditut, hau da, tokillak, kaikuak eta antzeko gauzak. Nire ahizpa berriz, jantzigintzan zentratua dago eta gonak, blusak, mantalak, galtzak, alkandorak eta bestelakoak egiten ditu.
Jendeak oraindik, data jakin batzuetan bada ere, baserritarrez janzteko ohiturari eusten dio?
Ana: Azken urteetan baserritarrez janzteko ohitura handitu egin dela esango nuke. Izan ere, lehen haurrak bakarrik janzten ziren eta ikastolara eramateko zen. Orain, ordea, data berezietan jende heldua ere baserritarrez janzteko ohitura hartzen ari dela dirudi. Ez dakigu inbidiarengatik den edo ohiturari eusteagatik.
Conchy: Hainbatetan gertatu izan zaigu lehenengo gurasoak haurrarekin etortzea jantzia egiteko eta gerora gurasoak ere animatzea baserritar jantzia egitera, haurrak bakarrik jantzi ez daitezen.
Urria baserritar arropa prestatzen hasteko goizegi dela eman dezake, ezta?
Ana: Egia esan urte osoan zehar egiten ditugu baserritar jantziak, baina urrian hasten da guretzat lan karga handieneko garaia. Orain hasten gara enkargu gehienak jasotzen.
Zer egin behar du jendeak zuek egindako baserritar jantzi bat lortu nahi badu?
Conchy: Jendeak parte hartzen dugun azoken bitartez ezagutzen gaitu batez ere. Azoketan jendeak gure lana gertutik ikusteko aukera du eta zerbait berezia nahi badu, neurrira eta gustuaren arabera egindako jantziak ere egiten ditugu.
Eskuz egindako jantziak izanda, bakarrak eta bereziak dira?
Conchy: Bai, noski. Ez dituzu guk egindako bi jantzi berdin topatuko, guztiek zerbait ezberdina dute.
Zer da egun jendeak gehien eskatzen duena?
Ana: Egia esan eskaerak askotarikoak dira, bakoitzaren nahiak desberdinak diren aldetik. Esaterako, kaikuen kasuan alde gutxi dago, kolorea kenduta, forma aldetik oso antzekoak baitira. Jantzien kasuan berriz, estilo asko daude eta aldaketa asko onartzen dituzte.
Conchy: Bereziki nabaritu dugu orain haur bat jaiotzen denean jendea jaioberriarentzako baserritar jantzia oparitzeko ohitura hartzen ari dela. Izan ere, azkenaldian horrelako eskari asko jaso ditugu.
Baserritar jantzien kasuan ere nabaria da moden eragina?
Conchy: Bai, izan ere, lehen ohiko baserritar jantzi beltza erabiltzen zen bakarrik. Orain aldiz, kolore eta estanpatu askotako jantziak ikusi daitezke eta, hain zuzen ere, hori da jendeari atentzioa ematen diona.
Baloratzen al ditu jendeak jantzi horien atzean dauden lan ordu luzeak?
Conchy: Denetarik dago. Azoketan parte hartzen dugunean batzuetan jendea postura hurbiltzen zaigu gure lanarengatik zoriontzeko, nahiz eta erosteko asmorik ez izan, baina lana ikusiz gozatzen dute. Beste batzuentzat ordea, oihal puska bat zatitzea eta jostea bezain erraza da.
Zein azoketan parte hartu ohi duzue?
Ana: Inguruko hainbat azoketan parte hartzeko ohitura dugu. Aurten adibidez azoka hauetan parte hartzeko asmoa dugu: urriaren 23an Beran, Lurraren Eguna ospatzen baita. Urriaren 27 eta 28an, berriz, Elizondoko ferian izango gara, azaroaren 18an Donezteben eta azaroaren 24an Lesakan. Guretzako data bikainetan egiten dira horiek, Gabonen aurretik.
Jendeak asko berritzen ditu baserritar jantziak?
Conchy: Baserritar jantzia ez da urtero erosten den zerbait, baina egia da batez ere haurren kasuan eskaria handiagoa dela, azkarrago aldatzen baita beraien gorputza. Gure bezero askori hainbat baserritar jantzi egin dizkiegu jada, ia jaio zirenetik eta handitzen joan diren heinean. Gainera, bezero finkoak dituzunean beraien gustuekin asmatzea errazagoa da.
Zenbat denborarekin eskatu behar dira neurrira egindako jantziak?
Ana: Enkargua ahal bezain laster egitea gomendatzen dugu beti, horrelako jantzien sorrerak denbora asko eskatzen baitu. Esaterako, denbora asko behar da kaiku bat egiteko, tartean gerta daitezkeen ezustekoak kontuan hartu gabe.
Orain orokorrean etxeetan josteko ohitura murriztu dela nabaritu duzue?
Ana: Ez pentsa. Badirudi jende gaztea josteko ohitura berreskuratzen hasi dela, batez ere, pandemiaren ostean.
Conchy: Guk bereziki nabaritu dugu pandemiak ferietan parte hartzeko aukera kendu digula. Orain, berriz, eskaria asko handitu da, bi urteren ostean haurrei batez ere jantziak txiki geratu zaizkielako.
Nola aurreikusten dituzue aurtengo Gabonak?
Ana: Lehen enkarguak jasotzen ari gara. Nik, bertako jendearen eskariez gain, Altsasu bezalako toki urrunagoetako eskariak jasotzen hasi naiz. Beraz, badirudi jendea Gabonetara begira gogotsu dagoela eta festa eta ospakizunerako gogoa duela.