Be Veggie jaialdia abenduaren 3an eta 4an egingo da Ficoban

Bere urteroko hitzordura itzuliko da Ficobara, Gipuzkoako Erakustazokara, Be Veggie, bizimodu % 100 begetala zabaltzen duen ekitaldia. Gizartean gertatzen ari den ohitura aldaketarekin batera eboluzionatzen ari da ekitaldia ere; izan ere, gero eta gehiago dira elikadura erabat begetalaren aldeko hautua egiten duten pertsonak.

Jasangarritasunagatik eta animaliekiko enpatiagatik beganismoari atxiki zaion populazio talde gero eta handiago hori gogoan, Be Veggiek antolatu duen ekitaldiak uztartu egin ditu erakusketa eskaintza handia eta jarduera programa bat, beganismoa zer den eta haren oinarrien arabera nola bizi jakiteko. Ezagutzarako eta hausnarketarako gunea izango, baina baita aisialdirako eta jostetarako ere.

Azokaz gozatzeko sarrera eta aparkalekua doakoa izango da. Be Veggieren webgunetik zuzenean sarrera deskargatzeko aukera dago. Abenduaren 3an, larunbatean, azoka goizeko 10:00etatik 20:00etara zabalik egongo da eta abenduaren 4an, igandean, berriz, 10:00etatik 19:00etara.

Bizimodu beganoaren 360º-ko ikuspegia
Laugarren edizio honetan erakusketa gune ugari izango ditu Be Veggieren proposamenak, 55 enpresa erakusketarik eskainiko baitituzte elikagai % 100 beganoak, beganoentzat egokia den kosmetika eta moda, Zero Waste produktuak eta toxikorik gabeak, argitalpenak, eta irabazi asmorik gabeko zenbait elkarte ere bertan izango dira, santutegiak eta bizimodu beganoaren inguruko kontzientziazioa helburu duten erakundeak horien artean. Eskaintza horri esker, bizimodu horren 360º-ko ikuspegia izango dute Be Veggie ekitaldira bertaratzen direnek.

Elikaduraren atalean, jaialdiko garrantzitsuena, honako hauek osatuko dute erakusketa eskaintza: fruta eta barazkiak, olioak, fruitu lehorrak, haziak, lekaleak, haragiaren ordezko prozesatuak, superelikagaiak, elikagai gehigarriak, gozogintza beganoa, edariak eta, jakina, foodtruck eta azokan bertan probatzeko sukaldaritza (pintxoak, errazioak, kafea, gozoak…), in situ datatzeko elikadura beganoaren askotariko proposamena.

Informazio hitzaldiak
Berriketan gunean bizimodu beganoaren berri ematen duten hitzaldiak izango dira. Aurreko urteetan bezala, Emausek modu jasangarrian apaindu du gune hori. Dietetika eta nutrizioko masterra duen Ana Calvok emango dio hasiera programari. Solasaldi horretan, Be Veggieren erakunde laguntzaile den Unión Begetariana Española (UVE) erakundeak babestua, Ana Calvok azalduko du ongizatearen alderdi guztietan aurrera nola egin bizimodu beganoarekin.

Haren ondoren, Crueln-Free Asami izango dugu, freelance ikertzailea, dibulgatzailea eta eduki sortzailea, eta cruelty-free kosmetika industriako greenwashingari buruz hitz egingo du. Lucía Martínezek, dime qué comes izenaz ere ezaguna, zientzia handiena duten best seller begetarianoen edo ¿Qué le doy de comer? gidaren egilea, giza elikaduran eta dietetikan graduatua, elikadura begano osasungarrian jarriko du arreta. Reserva Hijos del Bosque GKEak emango dio amaiera abenduaren 3ko (larunbata) jardunaldiari. Zauritutako animalia basatiei sorospena eta lehen laguntza eman behar izanez gero, kontuan hartu beharreko protokoloei eta eman beharreko funtsezko urratsei buruz hitz egingo du.

Rosa María Cajigak, bioetikan doktorea Suitzako Basileako Unibertsitatean, emango die hasiera Be Veggieren bigarren jardunaldiko hitzaldiei, eta animalien eskubideei buruz hitz egingo du. Ondoren, Izaskun Unibaso izango dugu, eduki sortzailea, hazkuntzari eta beganismoari buruzko dibulgatzailea eta Peace Love Vegan webgunearen egilea.

Mahai inguruak: plant based elikadura, komunikazio beganoa eta moda
Be Veggieren helburua ere bada gai berari buruzko ikuspegi desberdinak aztertzea eta aurrez aurre jartzea, eta, horregatik, hainbat mahai inguru antolatu dira. Horietako batean, plant based elikagaien joera berriak jorratuko dira, honako aditu hauen eskutik: Clara Talens (AZTI zentro teknologikoko Elikagai Berrien arloko ikertzaile seniorra), Marta Verona (nutrizionista eta Masterchef 6 lehiaketaren irabazlea) eta MILOS DUKAT (Isauki seafood-eko Ceo/sortzailea).

Animaliei laguntzeko komunikazio eraginkorra izango da mahai inguruan jorratuko den beste gai bat. Honako hauek hartuko dute parte: Rocío Cano Couto, soziologian lizentziatua, Erantzukizun Sozial Korporatiboko eta Jasangarritasuneko masterra eta @veganaynormaleko dibulgatzailea; Miriam Jiménez Lastra, soziologoa, politologoa, bitartekaria, aktibista eta sare sozialetako dibulgatzailea; eta Verónica Larco, Be Veggieren erakunde laguntzailea den ProVeg Españako Komunikazio zuzendaria.

Modaren mundua eta jasangarritasunerako bidea izango dituzte eztabaidagai hurrengo mahai inguruan. Honako hauek hartuko dute parte: Airí Ferrer, Fashion Revolution Euskadiko koordinatzailea, Diseinuan (Elisava & University of Southampton) eta Business Sustainabilty Mangamenten graduatua (Cambridge Institute for Sustainability Leadership), 20 urtez aritu da modaren industrian lanean hainbat arlotan, diseinuarekin hasi eta produkzioarekin edo taldeen kudeaketarekin buka, Europan eta Asian, 6 urtez bizi eta lan egin baitzuen han; Adele Orcajada, ikertzailea, liburuzaina eta materialen komisarioa 2014az geroztik, eta Material Driven agentziako bazkidea, diseinu agentzia eta materialen liburutegia, non materialen berrikuntza aztertzen jarraitzen duen markekin eta erakundeekin; eta Julen Urtxegi, Wave Back Project markaren sortzaileetako bat da, Gk Green Fashion-ekoa.

Aktibismoa: pasibotasunaren aurkako ekintza da hurrengo mahai inguruaren izenburua. Honako hauek hartuko dute parte: Izaskun Serbiola, Mater zentroko zuzendaria, proiektu ekosozial berritzaileen diseinuan eta garapenean espezializatutako zentroa, ingurumena gehiago errespetatzen duten pertsonen eta kolektiboen bizimodua sustatzea helburu duena; eta Fridays for Future Gipuzkoa mugimenduaren, Anonymous eta L214 animalien aldeko elkarte aktibista frantsesaren ordezkariak.

Congeetik Gabonetako gozokietara, phoskitoetatik eta txokolatada beganotik igarota
Sukaldean Be Veggieren sukaldaritza eta showcooking tailerren gunea da. Arrakasta handiko proposamena da jaialdia bisitatzen dutenen artean. Helenka Santosek, Be Veggieren ohiko kolaboratzaileak, erakutsiko digu nola prestatu neguko hartzituak, sagar eta aza txukrutarekin.

Gabonetako errezetak Patricia Menendezek prestatuko ditu, besteak beste, itsaski zaporeko krema, arkume gisatu beganoa, bonboiak eta turroi flana.

Cristina Francok, Raíces de Ibizakoak, bibrazio handiko sukaldaritza beganoa proposatuko digu, energiaz eta zorionez betea.

Paula Martinezek sartuko ditu congee arrozaren zaporeak, Asiako sukaldaritzako platera, arroz saldatsu eta krematsu modukoa, gosari gisa hartzen dena, baina “bazkalorduan” ohikoak diren zapore gaziak dituena.
Eta haurtzaroko zaporeak gogora ekarri nahi dituzten guztientzat, hala nola Phoskitoak, Pantera Arrosa… Agueda Ubeira Naveiras @Chupipostres-ek bere sekretuak erakutsiko dizkigu haurtzaroko postreen bertsio beganoak sortzeko. Euskal plater tradizionalak nahiago dituztenentzat, Helenka Santosek erakutsiko die beganizatzen.
Eta aurten, berritasun gisa, Be Veggiek txokolate beganoa hartzera gonbidatuko gaitu larunbatean, Donostiako Bombonería Maitienaren eskutik.

Moda erakusketa
Fashion Revolution Euskadik, modaren industriaren erreforma sistemikorako kanpainak egiten dituen Fashion Revolution mugimendu globalaren parte denak, erakusketa bat ekarri du Be Veggiera, bi ataletan banatua. Zati bat moda jasangarriaren industriako terminologiari eta kontzeptuei buruzkoa da. Eta, bestean, modaren industriarako erronka handiena diren 4 GJH aukeratu dira, bai eta helburu bera, hauxe da, moda berde eta garbia lortzeko lan egiten duten enpresa, erakunde eta zentro batzuk ere, hala nola Good Clothes Fair Pay, Bcome, SKFK, Tytti Thusberg, Koopera, Basque Design Center.

Haurrek ere badute beren txokoa Be Veggien
Be Veggieko parte aktiboa izaten hasi nahi duten haurrek ere aurkituko dituzte elikadura beganoan sartzeko proposamenak. Bi jarduera antolatu dira haientzat.

Animalia eta landare mundua. Bertan, marrazkiak koloreztatuko dituzte, animalien munduari eta natura inguruneari balioa emateko, naturaren zaintza azpimarratuz. Horrez gain, beste animalia batzuekiko errespetuaren garrantziarekin lotutako horma irudia egingo dute elkarlanean.

Musika ona Be Veggiera bisita girotzeko
Be Veggieren eszenatokiko oihala igoko duen lehen interpretea Jean Rohner cumbia harlecore music izango da, identitate disidente guztientzat. Haren ondoren, Arrow&Bonne, Xabi Arratibelen bakarkako proiektua, musikari multi instrumentista eta Donostiako eszenako kidea 2007tik. Igandeko jardunaldiari hasiera emateko, Nagore Fernandez ahotsean eta Xabier Mendiluze gitarran arituko dira, Radio Rebelde donostiar bikote akustikoa, eta 80-90eko hamarkadako bertsiorik onenak ekarriko dizkigute Ficobako pabilioietara.

Flautarako beganata esklusiboa Be Veggierentzat
Be Veggie izan da Efraín Oscher flautista eta konpositoreak jaialdian estreinatuko den konposizio hori sortzeko erabili duen inspirazio iturria. Entzun nahi duten guztiek hitzordua dute abenduaren 5ean, igandearekin, 11:15ean.

Vinyasa Flow klasea
Yoga ere leial itzuliko da Be Veggierekin duen hitzordura, jaialdian ohikoa den María Eskitxabelen eskutik. Hauxe da helburua, bere hitzetan: “Nire klaseek ez epaitzera eta esterillan erakutsi beharko zenukeen modu hori askatzera animatzen zaituzte. Aldiz, yoga perfekziotik haratago doan praktika dela irakatsiko dizute, eta ikasteko, hazteko eta askatzeko aukera emango dizute”.

Landa lanak Be Veggien
Lau ediziotan bakarrik, Be Veggie erreferente bihurtu da bere esparruan. Horren adierazgarri da edizio honetan osasun erakunde ospetsu batek eta Proveg bezalako beganismoko erreferente batek Be veggien hainbat landa-lan egitea erabaki izana.

Alde batetik, Nafarroako Osasun Ikerketarako Institutuko eta Nafarroako Unibertsitateko ikertzaileak Be Veggiera etorriko dira VeganScreener europar proiektuan parte hartzeko interesa duten boluntarioak biltzera. Proiektu horren helburua da beganoen nutrizio balioei buruzko galdeketa bat garatzea eta baliozkotzea. Parte hartzea erabakitzen dutenei bitaminen, mineralen eta beste biomarkatzaile batzuen azterketa zabala egingo zaie doan.

Bestalde, Proveg Internationalek, Be Veggieren erakunde laguntzaileak (elikadura-kontzientziaren aldeko erakundea), munduko animalia kontsumoa 2040rako % 50 murriztea du helburu. Provegek inkesta bat egingo du jakiteko ea pertsonak ohartzen garen gure elikatzeko moduak zenbateraino eragiten duen ingurumenean. Be Veggie bisitatu aurretik eta ondoren jendea elkarrizketatu ahal izateak aukera emango die, halaber, haztatzeko halako ekitaldiek zenbateraino eragiten duten bizimodu aldaketetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude