Be Veggie azokak formatu zabalagoa izango du aureten, abenduaren 8tik 10era egingo baita Ficoban. Enpresa erakusktarien kopuruak ere gora egin dute eta 70 baino gehiago izango dira aurtengo parte-hartzaileak; 2022an baino %30 gehiago. Azokak beganoak, flexibeganoak, begetarianoak eta kontsumitzeko eta bizitzeko modu berriak esploratzen ari diren pertsonak biltzen ditu.
Dohainik izango dira jaialdiko sarrera eta aparkalekua. Aurten ere, txakurrak ere ongietorriak izango dira Be Veggien. Ekimena arrakastaz probatu zen 2022ko edizioan, eta 100 txakur baino gehiago izan ziren.
Be Veggieren proposamenak askotariko aukerak eskainiko ditu: % 100 landare-jatorrikoak diren elikagaiak, beganoentzako egokiak diren produktuak eta zerbitzuak: kosmetikakoak, modakoak, habitatekoak, ostalaritza eta turismokoak, etab. Besteak beste, honako enpresa hauek izango dira Be Veggien: Mommus, Banbu, Rollito Vegano, Vanetta Foods, Veggie Karma, Yogi Tea, Nuveg- Energy Feelings, Yuit, Labei Sosmetics, Delicatalia, Aberyne, Kombucheria, Help Cosmetics eta askoz gehiago.
Aurreko edizioetan bezala, Be Veggiek jarduera-programa zabal bat diseinatu du: hitzaldi informatiboak, mahai-inguruak, sukaldaritzako tailerrak, musika zuzenean eta aisialdiko beste proposamen batzuk. Helburua da giro egoki bat sortzea, jaialdira joaten diren guztiek esperientziak eta ezagutzak partekatzeko eta elkarrekin ondo pasatzeko aukera izan dezaten.
Era berean, Be Veggie topagune bat izango da animaliak errespetatzeko eta zaintzeko kontzientzia sustatzen duten erakunde, babesleku eta entitateentzako ere, haientzako informazioa eta ezagutza partekatzeko bilgunea ere izango baita azoka.
Azokara batuko diren izen propioak
Aitor Sánchezek, @midietacojea izenaz ere ezaguna denak, hitzaldia emango du Be Veggien; gaia: “Nola egin dieta % 100 begetala modu osasungarrian” (Igandean, abenduaren 10ean, 16:30ean). Bere hitzaldian, dieta begano baten nutrizio-egokitzapenari buruzko zalantza ohikoenak argituko ditu, eta alor horretako azken aurrerapen zientifikoak ere partekatuko ditu.
Miriam Jiménez Lastra (@miriamjlas) soziologoa, politologoa eta bitartekaria da, eta hitzaldi batean parte hartuko du, eta ez du inor epel utziko. Miriamek Be Veggiera joaten direnei azalduko die bera nola igaro den zezenketen zale izatetik begano izatera (abenduaren 9an, larunbatarekin, 12:30ean).
Bestalde, Paula Marrerok (@itsplanetbased) planteatuko du ea dieta beganoa jasangarria den planetaren ikuspuntutik. Kontuan hartuta elikadura-katea kausa dela berotze globalaren % 81ean, ur-kutsaduraren % 73an eta lurreko biodibertsitate-galeraren % 78an, Paulak azpimarratuko du beharrezkoa dela elikadura jasangarriagoa izateko gakoak ezagutzea. (abenduaren 9an, larunbatarekin, 11:30ean).
Laura Peinadok (@laurapeinadorodriguez) kontsumo kontzientea aukeratu du Be Veggien esku hartzeko. Helburua da kontsumitzen ditugun artikuluek duten inpaktuaz jabetzea eta egoera bakoitzerako alternatiba jasangarriena aukeratzea. (abenduaren 10ean, igandearekin, 11:30ean). Laurak bizimodu jasangarria zabaltzen du bere orritik (‘Laura – Vida sostenible’).
‘Kombucha, larru vegano berria’ da Be Veggieren programan aztertuko den beste gai iradokitzaile bat. Adele Orcajada, Material Driven-eko bazkide eta Basque Bio Design Center-eko zuzendari akademikoa, eta Airí Ferrer, Fashion Revolution Euskadi enpresakoa (@fash_reveuskadi), izango dira tailer hau zuzenduko dutenak. Tailerrean, aplikazio asko dituen biomaterial bat nola lortu erakutsiko dute, besteak beste ehungintzan aplikatzeko, larrua ordeztu baitaiteke Kombucharen scoby-arekin (bakterien eta legamien kolonia sinbiotikoa). (abenduaren 9an, larunbatarekin, 11:30ean).
Animaliak, animaliak babesteko legea eta babeslekuak izango dira Be Veggieren jarduera paraleloen programan aztertuko diren beste gai batzuk.
Komunikazioari buruzko mahai-ingurua
Komunikazioa funtsezko alderdia da beganismoaren inguruko jardunaldietan. Kontua ez da soilik produktuak erakustea. Garrantzitsua da heztea, informatzea, filosofia beganoa sustatzea, elkarrizketa eta ulermena sustatzea, eta komunitate beganoa indartzea. Horrek balio beganoak eraginkortasunez zabaltzen eta bizimodu etiko eta jasangarriagoa sustatzen laguntzen du.
Horregatik, aurten ere komunikazioko mahai-inguru bat egingo da. Bertan izango da moderatzaile eta parte-hartzaile gisa Andrea Arrizabalaga (@andyarriza), EITBko aurkezlea eta beganoa; eta harekin batera, Rocío Cano Couto (@veganaynormal), Soziologiako lizentziaduna, Erantzukizun Sozial Korporatiboko eta Jasangarritasuneko masterra eta dibulgatzailea, eta Dalia Ramos (@dalioga), kazetaria eta “Cocina fácil sana y rica en proteínas” liburuaren egilea.
Showcooking-ak, erakusketak, yoga, haurrentzako jarduerak, musika zuzenean, zozketak…
Sukaldaritza-tailerrak dira Be Veggie bisitatzen dutenen artean arrakastatsuenak. Aurten, ez da faltako Be Veggieko ohiko bat, Helenka Santos sukaldaria (@helenka_santos); eta Paula Martínezek (@laluaverde) ere parte hartuko du, eta sukaldaritza grekoaren plater gozoenetako batzuk bertsio beganoan nola prestatu erakutsiko du.
Ez dira faltako, ezta ere, Vinyasa Flow-ko eskolak, María Eskitxabelen eskutik (@eskymaddi), edo Fashion Revolution Euskadi-ren (@fash_reveuskadi) moda beganoaren erakusketa, edo haurrentzako tailerrak, zuzeneko musika DJekin eta kontzertuak arratsaldeetan; esaterako, Ghau (@gaartxot) taldearena. Zozketak ere izango dira saritutakoek erakustokietako standetan eros dezaten.
Sektoreko erreferente bat
Be Veggiek lortu du, merezimendu osoz, leku bat egitea estatu mailako ekimen beganoen munduan. Hori dela eta, sektoreko erreferentziazko erakundeek babesa ematen diote, ekitaldira bertaratuta eta ekintzak antolatuta.
Edizio honetan, aurrekoetan bezala, azoka antolatzeko laguntza emango du Espainiako Begetarianoen Batasunak (UVE). Be Veggiek beganismoaren beste erreferente baten babesa ere eskuratu du, Proveg Internacional-ena, hain zuzen. Iaz bezala, erakunde horrek galdetegi bat egingo du, ikusteko ea pertsonak benetan ohartzen garen gure elikatzeko moduak ingurumenean nolako inpaktua duen. Be Veggie bisitatu aurretik eta ondoren jendea elkarrizketatzeak aukera emango die, halaber, haztatzeko ea halako ekitaldiek zenbateraino eragiten duten bizimodu aldaketetan.