Irungo Udala Behar Bidasoa GKEarekin elkartu da Ruandako larrialdi-egoeran laguntzeko. Azken hilabeteetan izandako euriteen ondorioz, herrialdea larrialdi egoeran aurkitzen da. Kalte pertsonalez gain, etxeak, nekazal eremuak eta sarbidea ahalbidetzen duten zubi zein errepideak larriki kaltetu dira, populazioaren %40a gosetearen atalasearen ingurura bultzatuz.
2018ko urtarrileko hilabetetik Ruandan izandako euriteek kalte larriak eragin dituzte. Nyabarongo ibaiaren gainezkatzearen ondorioz 8 pertsona hil dira eta 50 etxebizitza suntsitu dira. Hortaz gain, uztak guztiz galdu dira eta herrirako sarbidea ahalbidetzen dute zubi zein bideak suntsitu dira. Gainera, lurraren ezegonkortasunaren ondorioz, lur-jauziak gertatzeko arrisku larria da.
Monica Martinez, Garapenerako Lankidetzarako ordezkariak azaldu du, “urtero, Lankidetza departamentuak kopuru bat erreserbatzen du bere aurrekontutik, larrialdiko egoera batzuk gertatzen badira, aktibatzeko”. Aurten, Kabugako familiek bizi duten egoera larria dela eta, Udalak larrialdi-kopurua Behar Bidasoa erakundearen eskuetan jartzea erabaki du. Irungo Udalaren laguntza sei hilabetez 150 familia laguntzeko erabiliko da, babarrunak eta artoa behartsuen artean banatu eta gose-arazoak arintzen laguntzeko.
“Bestelako erakunde eta pertsona partikularren
laguntzari esker kudeatzen ari gara larrialdi-egoera”
Agustin Ugarte, Behar Bidasoako presidentea
Agustin Ugartek, Behar Bidasoa GKEko presidenteak azaldu duenez, “bestelako erakunde eta pertsona partikularren laguntzari esker kudeatzen ari gara larrialdi-egoera”. Irungo Udalaz gain, Azpeitiko Udalak, Mamore fundazioak, Estellako Elkargoak eta pertsona partikularrek egindako dohaintzak Kabugara beharrezkoak diren elikagaiak bidaltzeko erabiliko dira.
Arazo kate amaigabea
Ruanda Giza Garapen Indizearen arabera, 177 herrialdeen artean 151 postuan aurkitzen da. Larrialdi egoeran, herrialdearen arazoak areagotzen dira, gosea eta oinarrizko beharrez gain, bestelako buruhausteak eraginez. Hala nola, haurren huts egitea eskolara, paludismo eta malaria kasuen areagotzea, higiene arazoak edo edateko ura lortu eta garraiatzeko arazoak, besteak bete, azaleratzen dira biztanleen egunerokotasunean.
Pixkanaka, larritasun mailaren arabera, herrialdean sortutako arazo berriei konponbidea bilatu beharko zaie, azken 20 urteetan Behar Bidasoa erakundeak Kabugako garapen-poloan emandako aurrerapausoak ezerezean gera ez daitezen.