Behobia-Donostia: Lasterketari baten kronika

Behobia-Donostiaren eguna kolore biziz markatuta egoten da milaka herri-korrikalariren egutegian. Urteko kirol-helburu nagusia izaten da gehienentzat, eta izen ematearen momentutik hasten da haren prestaketa nekeza. Entrenamenduak planifikatzea izango da lehen urratsa, saio kopurua eta Behobiaren aurretik egin beharreko lasterketak hautatzea.
Konplikatua da plangintza perfektua osatzea, baina are zailagoa zorroztasunez betetzea. Udaren amaierako beroak, udazkeneko euriak, lesioek edo ohiko ustekabekoek kolokan jarri dezakete korrikalariaren prestaketa. Ahaleginak eta bi egingo ditu, hala ere, eragozpenak gainditu eta azaroaren hasierara sasoi betean iristeko.

behobia6_n
Hasieran hobekuntza agerikoa izango ez den arren, asteak igaro ahala gorputza gai izango da kilometro gehiago eta intentsitate handiagoan egiteko. Korrikalariak lasterketetan nabarituko du bilakaera, batez ere. Behobia-Donostia baino astebete lehenago eskuratu beharko du puntu gorena. Azken astean garrantzi-tsuagoa izango da atsedena hartzea, gorputzak egindako lana barneratzeko eta probara deskantsatuta iristeko. Bezperan ohiko urduritasunak hartuko du korrikalaria. Elikadurari eta hidratazioari inoiz ez bezala erreparatuko die, eta zalantzak sortuko zaizkio: “Behar bezainbeste entrenatu al dut?”, “ez al naiz nekatuta iritsiko?”, “gai izango naiz helburua betetzeko?”.
Aurreikuspenak egingo ditu, eta lasterketa behin baino gehiagotan irudikatuko du. Egun handia iritsiko da azkenean. Goizean goiz esnatuko da korrikalaria, digestioa egiteko nahikoa denborarekin. Gosariarena aukera pertsonala izango da, ohituraren eta zaletasunen araberakoa. Ondoren, aldez aurretik aukeratutako arropa eta zapatilak jantziko ditu. Dortsala eta txipa aurreko egunean prestatuta utziko ditu zuhurrenak.
Korrikalari irundarrak abantaila izango du, berotzen hurbildu ahal izango baitu irteera ingurura. Azken Portura iristerako nabarituko du lasterketa eguna dela. Jendetza ibiliko da inguruan, zira edo kamiseta zaharren bat jantzita, berotze ariketak egiten. Behobian musikak, esatarien iruzkinek eta jendearen arteko elkarrizketek giroa berotuko dute pixkanaka. Irteera puntuan kokatzean, tentsioak gora egingo du nabarmen.

domina51814_n
Prestaketan egindako ahaleginak, jasandako sufrimenduak gogoratuko ditu korrikalariak. Hausnartzeko eta hunkitzeko denbora izango du hamar segundoko atzera kontaketan.
Baina irteterakoan, nahikoa lan izango du jendetzaren artean tokia egiten. Lehen kilometroa ziztu bizian pasako da, kolpe eta aurreratzeen artean. Nafarroa ibilbidea, Colon pasealekua eta Gipuzkoa ibilbidea oraindik lekua aurkitu ezinik egingo ditu korrikalariak.
Edonola ere, Landetxara iristerako hasiko da nekea nabaritzen. Laster iritsiko da, gainera, lasterketako oztopo handiena. Gain-txurizketa mendatea proba zorrotza izango da korrikalariarentzat. Ondo neurtu beharko du indarra, hamabi kilometro baino gehiago izango dituelako aurretik gora iristerakoan.
Gaintxurizketa gaindituta, ibilbideko tranpa iritsiko da. Lintzirin arteko jaitsierak erritmoa bizkortzeko aukera ematen du. Baina gerora antzeman egin daiteke. Errenteriako txalo zaparradek korrikalaria indarberrituko duten arren, laster dastatuko du berriro ibilbidearen gogortasuna. Kaputxinoseko aldapak min handia egingo du, eta Pasaiara bidean egindako ahaleginen ondorioa nabarituko du korrikalariak. Lasterketaren hiru laurden egin ditu, baina azken malda gogorra geratzen zaio oraindik. Buenavistako gorabeherak aurrekari izango dira, eta Miracruzeko gainak azken kolpea emango du.
Gurutze-bide izan daiteke, nahikoa indar gorde ez baldin bada. Jaitsiera luzea etorriko da ondoren, bukaezina batzuetan.
Baina behin azken zuzengunea hartuta, indar apurrak zukutuko ditu korrikalariak. Oihuen eta txaloen olatuak helmugaraino eramango du. Marra gainditzearen sentsazioa izango da egindako ahaleginaren saririk onena. Gerorako geratuko dira egindako denbora eta lasterketaren balorazioa. Behobia-Donostia bukatu eta gozatu izanak asebeteko momentu horretan du korrikalaria. Izterrak heldu, burua makurtu eta irribarre zintzoa egingo du.
Irteeran bezala, hamarka irudi etorriko zaizkio burura, segundo bakar batzuetan. Behobia-Donostiaren liturgiaren azken aurreko urratsa izango da. Merezitako bazkari oparoa etorriko da ondoren.

Unai Oiartzun

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude