Behobiako eraldaketak aukera handiak aurreikusten ditu auzoaren etorkizunerako

Astelehen honetan, Hirigintzako ordezkari Miguel Ángel Páezek orain arte Behobiako bi eremu garatzeko emandako azken pausoen berri eman du; zehazki, Mendipe eta Lastaola Postetxea garatzeko azken pausoen berri.

“Behobian, berrikuntza garrantzitsua dago egiteko bi eremu oso zehatzetan, eta sektore publikoa lan handia egiten ari da bertan. Denbora eskatzen duten garapen urbanistikoak dira, baina, behin zertuta, auzoaren etorkizunerako aukera handiei bide emango diete. Behin beste puntu batzuk berrituta, hala nola Guardiako Kidegoa, eta oinezkoentzako pasealekua eta auzoa Azken Porturekin lotzen duen bidegorria bukatuta, Behobiako bihotza berrurbanizatu beharko da, eta Mendipe eta Lastaola
Postetxea eremuei eragiten dien guztia egin”, nabarmendu du Miguel Ángel Páezek.

Mendipe izeneko eremua Endarlaza hiribidearen eta Lastaola Postetxea kalearen artean dago, eta 17.906 m2-ko azalera du. Ordezkariak azaldu duenez, Plan Berezia onartuta, hirigintzako jarduketa programa ere onartu da, baita bide publikoak antolatzeko urbanizazio proiektua ere, zeinak fasetan banatzen duen antolaketa. Era berean, proiektuak eremua atseginagoa izateko elementuak “marrazten” ditu ingurunerako, gaur egun eremu batzuk degradatuta baitaude. Horrela, adibidez, berdeguneak planteatzen ditu gasolindegiaren inguruan, baita jolasen eta gimnasia egiteko aparatuen gune bat ere, eta Lastaola Postetxea kalearen inguruan espaloi eta pasealekuak eraikitzea planteatzen du gaur egun horrelakorik ez dagoen tokietarako.

Proiektatutako lehenengo aldaketetako bat gasolindegia berrantolatzea da eta sarrera eta irteerak hobetzea. Bada, horretarako, duela gutxi, gaur egun dagoena eraisteko lizentzia eman da; horrela, lurzorua hondeatzeko eta kutsaduratik garbitzeko plana aurrera eraman ahalko da, eta lurpeko tanga eta hodiak eta kutsatuta egon daitezkeen lurrak garbitu.

Bestalde, gogoan izan beharra dago aurreikuspenen arabera bizitegiak garatuko direla gasolindegiaren atzealdean, instalaziotik zuhaitzen bidez bereizita. Alde batetik, etxebizitza libreen hiru bloke planteatu dira, 71 etxebizitza guztira, eta, bestetik, laugarren bloke bat, Zaisa 3rako sarreratik gertuago egongo dena, babes ofizialeko 32 etxebizitzatarako.

Auzorako sarrera berri bat
Lastaola Postetxea izeneko eremua hasierako fasean dago oraindik, baina martxanjarraitzen du. Irungo erdialdetik Behobiarako sarreran dago, eta Juan Thalamas Labandibar kalearen eta Endarlaza hiribidearen arteko loturak osatzen du batez ere. Hirigintza Arloak jakinarazi duenez, eremuaren barne berrikuntzarako plan berezia hasieran onartu da dagoeneko, eta administrazio eskudunen txostenen zain dago behin betiko onartzeko. Nolanahi ere, jadanik badira oinarrizko gidalerro batzuk: proposatutako antolamendua bizitegitarako erabilerara (etxebizitza publikotarako erabilera) egokituta mantentzea eta eremua inguruneko hiri egituran eta bertako paisaian integratzea, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren araberako helburuetan, antolamendu irizpideetan eta parametroetan oinarrituz.

Ordezkariak gogorarazi duenez, eremua suspertzeko aldez aurretik eman beharreko urratsetako bat bertan dauden gasolindegiak lekualdatzea da. 2015ean berretsi zen hori, lekualdaketa hitzarmenarekin, eta laster egingo da aurrera, jada eraisketa lizentzia eman baita. Gasolindegiak eramanda, antolamendu berriari ekin ahalko zaio, zeinaren barruan, gaingiroki, biribilgune bat eraikitzea aurreikusten den Juan Thalamas Labandibar kaleak eta Endarlaza hiribideak bat egiteko eta María Juncal Labandibar, Lastaola Postetxea eta Darío Regoyos kaleak gurutzatzeko.

Plan Bereziaren formulazioak itxura atseginagoa emango dio inguruneari, berdeguneak sortuta oinezkoentzako ibilbide nagusien ondoan: inguruko eremuetatik datozenak luzatu eta lotuko dituzte, eta ibilbideak GI-636 errepidetik (Juan Thalamas Labandibar kaletik) bereizi eta babestuko. Era berean, egungo eremu degradatua berrantolatzen du Plan Bereziak, antolamendu berri baten bidez, babes publiko eta sozialeko etxebizitzak hartuko lituzkeena barnean: aurreikuspenen arabera, babes ofizialeko 90 etxebizitza inguru eta 60 etxebizitza libre.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude