Behobian gauzatutako “Auzo sortzailea” programaren emaitzak aurkeztu dira

Astearte honetan, Kulturako ordezkari Juncal Eizaguirre Behobian izan da, “Auzo sortzailea” programaren emaitzak ikusten, bere arloak koordinatzen baitu.

Programaren esparruan, auzo bakoitzeko beharrizan edo desioak identifikatzen dira, aisialdiari, gazteriari, hirigintzari eta askotariko beste alor batzuei dagokienez, eta esku hartzeko erronka bat ezartzen da; betiere, tresna bezala arte garaikidea erabilita. Helburua, auzotarrak eta artistak elkarrekin harremanetan jartzeaz eta herritarrei baliabide berriak eskaintzeaz gain, espazio publikoan esku hartzea da, artea eta kultura deszentralizatzen laguntzeko. Aurreko edizioak Katean, Elitxu-Lapitzen eta Urdanibian egin ziren.

Behobian, berriz, “Nabigatuko dugu?” izenburuko proiektua sortu da, gizarte plural, berdinzale eta baliotan aberats bat aldarrikatzeko, bakearen, maitasunaren, bizikidetzaren, babesaren eta elkarrekiko errespetuaren alde manifestatzen dena. Emaitza komunitatearen parte hartzeaz sortutako ekintza artistiko bat da, paperezko itsasontziez osatutako instalazio artistiko iragankor batek lotzen dituen bi mural, non herritarrek gizartea eraldatzeko mezuak jarri ahalko dituzten, eta auzoaren bi parteak eta Bidasoa ibaia eta itsasoa lotuko ditu instalazioak, ur komunitarioetarantz nabigatzeko eta, horrela, mezu global bat helarazteko.

Juncal Eizaguirrek nabarmendu duenez, “ekimenaren laugarren edizioan ere, kultura Irungo auzoetara gerturatzeko konpromisoari eutsi diogu. Programa honen esparruan, protagonistak auzotarrak dira beti: arte garaikidearen bidez, auzoko espazioak dinamizatzen dituzte; parte hartzaileek ideiak proposatzen dituzte, eta artista eta haren kultur bitartekaritza, berriz, ideiak zertzeko arduradunak dira. Gainera, emaitzak tokian tokiko ingurunea hobetzea dakar”.

Zehazkiago, Irantzu Lekueren proiektu honetan, “itsasontziak uretan barrena mugitzeko, elkarrizketatzeko, konektatzeko garraiobideak dira. Urak batzen gaitu. Ura gara, eta, ildo horretatik, etengabe isurtzen eta bilakatzen gara. Ibai guztiak itsasoratzen dira. Itsasoan egiten dugu topo, itsasoan dira mugak lausoen. Hori dela-eta, mugatik abiatuko gara, Behobiatik, gure mezuak, gure balioak mundu osora helarazteko”, azaldu du artistak.

“Nabigatuko dugu?” komunitatearen baitan ehundutako proiektu bat da, Pio Baroja institutuko Arte Batxilergoko ikasleekin, Behobiako auzo elkartearekin, Irantzu Lekue artistaren laguntzarekin eta auzoko adinekoentzako zentroko erabiltzaileen eta interesatu diren banakoen parte hartzearekin ondutakoa.

Azken egunetan, proiektua aberastu egin da, instalazio artistikoa eratzeko sortutako paperezko itsasontziak bildu baitira. Era berean, auzoko egiturazko elementuak pintatzeko partaidetza prozesuak eraman dira aurrera, hala nola Behobiako auzo elkartearen eraikinaren alboko pareta, Guardiako Kidegoaren eraikinaren alboko eskailerak eta María Juncal Labandibar kaleko parkingeko horma beherea pintatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude