Behobiaren eraldaketa hasi da

Astelehen honetan, Hirigintzako ordezkari Miguel Ángel Páezek Lastaola Postetxea garatzeko emandako azken pausoen berri eman du, joan den hilabetean Plan Berezia behin betiko onartu baitzuen Udalbatzak. Behobian dago Lastaola Postetxea.

“Udalaren ekimen honen helburua hiria josten jarraitzea da, eta, kasu honetan, Behobiako hiri bilbea zabaltzea, badakigu-eta auzoak arazo bat duela josturaren aldetik. Bada, Mendipe hasia da eraldatzen eta eraikuntza lanak martxan daude dagoeneko. Hurrengo pausoa Lastaola Postetxea izango da, eta auzoan sartzeko bidea eta Artiarekiko lotura nabarmen hobetuko ditugu, auzotarrak gozatzeko gune gehiago sortu, eta protagonismoa etxebizitza publikoari ematen dion bizitegi programa bat sustatu”, nabarmendu du Miguel Ángel Páezek.

Lastaola Postetxea Irun erdialdetik Behobiara sartzeko bidean dago; funtsean, Juan Thalamas Labandibar eta Darío Regoyos kaleen arteko lotunean. Udalbatzak onartutako antolamendu proposamenak auzoa josiko du, eremua inguruko hiri egituran eta paisaian integratuta Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak ezartzen dituen helburuei, antolamendu irizpideei eta parametroei jarraikiz, eta, gainera, bizitegi programa publiko bat jarriko du martxan.

Ordezkariak gogorarazi duenez, jarduketa aurrera eramateko aurrez eman beharreko pausoetako bat eremuko gasolindegiak lekualdatzea da. Bada, 2015ean, lekualdaketa hitzarmena sinatuta, eman egingo dela baieztatu zen, eta, horrela, gasolindegiak eremutik aterata, antolamendu berriari bide eman zitzaion. Oro har, hau da Udalbatzak onartutako antolamendua:

Auzoaren jostura: hiri gehiago

Plan Bereziaren xedapenen arabera, Darío Regoyos kaleko bide publikoa luzatuko da, auzora sartzeko bidearekin (Lastaola Postetxea kalearekin) lotzeko, errepideen jarraitutasuna eta oinezko eta bizikleta bidezkoa bermatzeko irizpideei jarraikiz. Era berean, Juan Thalamas Labandibar kaleko errepidearen (GI-636 errepidearen) trazatua hobetuko da, bertako zirkulazio handiak auzoan duen eragina arintzeko, errepideari kale itxura handiagoa emanda: hain zuzen ere, Plan Bereziak oinezkoak babesteko espaloi bat sortzea planteatzen du, Behobiarekin lotuko dena, eta biribilgune bat eraikitzea, Juan Thalamas Labandibar kalea eta Endarlatsa hiribidea elkartuko dituena eta María Juncal Labandibar, Lastaola Postetxea eta Darío Regoyos kaleek gurutzatuko dutena.

Ordezkariak azaldu duenez, jarduketa horien guztien helburua zirkulazioa arintzea da, baita auzoaren bi aldeak lur gainetik lotzea eta, horretarako, oinezko eta txirrindularientzat seguruagoa den bide bat sortzea. Alde horretatik, Miguel Ángel Páezek adierazi du foru errepideko iragaitzazko ibilgailuen zirkulazioa arindu beharra dagoela, eta Udalak inguruan sustatutako ekimenak ekarri ditu gogora, hala nola oinezko eta txirrindulariak seguruago ibiltzeko Bidasoa gaineko pasarela.

Bizitegi programa publikoa

Plan Bereziak bizitegi programa bat planteatzen du, oso esanguratsua etxebizitza publikoari dagokionez, lurzoruaren % 60 etxebizitza babestuetarako erreserbatzen baitu, zeinak inguruko lau eraikuntza partzelatan antolatuko diren. Era berean, Mendipe osoko berdeguneen % 25 antolatzen du. Bestalde, nabarmentzekoa da auzo elkartearen lokalaren ondoan auzotarrak biltzeko gune berri bat eraikitzeko aukera ematen duela, 2.500 m2-tik gorako plaza bat, urbanizazio proiektuarekin batera zehaztuko dena.

“Behobiako bi eremu oso zehatz nabarmen berritu beharrean daude, eta erakunde publikook gogotik ari gara lanean. Denbora behar da, baina, behin garatuta, auzoaren etorkizunerako aukera apartak eskainiko dituzte. Urte hauetan, beste puntu batzuk berritu ditugu, hala nola Guardiako Kidegoa, eta oinez eta bizikletaz Behobia eta Azken Portu lotzen dituen pasealekua burutu, eta, orain, auzoaren bihotza berrurbanizatu behar dugu, eta Mendipe eta Lastaola Postetxea inguruak behar duen oro egin. Oinarriak finkatuta daude”, ondorioztatu du Hirigintzako ordezkariak.

Saio irekia

Asteazkenean, hilak 8, Lastaola Postetxean egingo diren lanak ezagutzera emateko saio irekia antolatu da herritarrentzat. Hitzordua 19: 00etan izango da Bizilagunen Elkartean, (Endarlaza hiribidea, 6). Bertan, ekimenaren ildo nagusiak azalduko dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude