Belaskoenea ikastetxean berriro eragin diete bizikleten pedalei amaitzear den ikasturtean

Eskola orduetan bizikleta erabiltzen ikasteko ideia ez da berria Belaskoenea ikastetxearentzat. Izan ere, 2021-2022 ikasturtean zehar abiatu zuten egitasmoa izan zen eta, aurreko urtean izandako arrakasta ikusita, aurten bizikleten proiektua zabaltzearen eta garatzearen aldeko apustua egin dute. Belaskoenea auzoko ikastetxeko ikasle eta irakasleek bizikleta gainean eta inguruan ikasitakoak kontatu dituzte.

Guztira, 6 aste bideratu dituzte aurten Belaskoenea ikastetxean bizikletaren lanketara. Aurreko urteko esperientzia lagun, ordea, proiektuari buelta bat eman diote eta ekintzaren garapenean hainbat irizpide aldatu dituzte. Aldaketa nabarmenen artean aipatzekoa da aurten bizikletarekin lotutako nozioak gorputz hezkuntzako ikasgaiaren barnean landu direla. Nahia Iparraguirre Belaskoenea eskolako soinketako irakasleetako bat da. Gorputz hezkuntzako maisuak azaldu duenez, proiektua iaz hasi zuten eskolan Lehen Hezkuntzako 1. mailako ikasleekin. Nahia Iparraguirrek adierazi duenez, “gorputz hezkuntzako irakasle bezala, proiektua gure klasearen parte izan zitekeela ikusi genuen eta interesgarria iruditu zitzaigun gure programazioaren barnean txertatzea”.

Horrela, eskola ordu arruntetan landu beharrean, soinketa orduetan landu da aurten. “Gainera, aurten eskolan soinketako irakasleak bi garela aprobetxatuz, lana asko erraztu zaigu”. Proba pilotu bezala Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleekin egin dute aurtengo lanketa. Gorputz hezkuntzako irakasleak azaldu duenez, “egitasmo honen helburu nagusia da txango bat egiten dugunean ikasle guztiak bizikletaz ibiltzeko gai izatea”. Izan ere, Nahia Iparraguirrek esplikatu duenez, noiz edo noiz gertatu izan zaie irteera batera joatea eta ikasleren bat ekintzatik kanpo gelditzea bizikletan ibiltzen ez zekielako. Beraz, eskolan egindako lanketaren bidez egoera hori berriro errepikatzea saihestu nahi dute.

2021-2022 ikasturtean aurreko urtean hasitako proiektua garatzeaz gain, datozen urteetan Belaskoenea ikastetxean bizikleten egitasmoa nola bideratu nahi den pentsatzen hasi dira. Oraingoan 6. mailako ikasleak aukeratu dituzte, Nahia Iparraguirreren hitzetan “ikastetxeko handienak izanda, trebetasun gehiago dituzte eta errazagoa da haiekin lan egitea”. Dena den, helburua da pixkanaka proiektua ikastetxeko beste mailetara zabaltzea, bizikletaren lanketa osoagoa izan dadin.

Ikasleez gain, egitasmoak oso harrera ona izan du ikasleen zein haurren guraso edo tutoreen artean. Soinketako irakasleek ikasleei gorputz hezkuntzako orduetan zer landu nahi zuten galdetu zietenean aho batez erantzun zuten bizikletan ibiltzen ikasi nahi zutela. Guraso eta tutoreek ere ekintza jakinarazteko zirkularra jaso zutenean oso ideia interesgarria iruditzen zitzaiela adierazi zuten. Nahia Iparraguirrek azaldu duenez, “egitasmoa bereziki erakargarria da etxean haurrei bizikleta erosteko edo haiei bizikletan ibiltzen irakasteko baliabiderik ez duten horientzat”.

Alderdi teorikoa eta praktikoa uztartuz
Gorputz hezkuntzako orduak bi zatitan banatu dira bizikletarekin lotutako edukiak lantzeko. Batetik, lehenengo saioetan bizikletaren inguruko lehen nozioak azaldu zizkieten ikasleei. Ostean, bizikleta mota ezberdinen arteko desberdintasunak aztertu zituzten ikasleek, esaterako, lasterketako bizikletak gainerako bizikleta motekin alderatuz. Era berean, bizikletak beraien neurrira egokitzen ikasi dute. Irakasleek espero dute ikasturtearen amaierarako ikasleek bizikleten gurpilen zulaketak konpontzen ikastea eta bizikletaren mantentze minimorako ezagutzak eskuratzea. Esparru teorikoa lantzeaz gain, bizikleta gainean trebatzeko aukera ere izan dute ikasleek, eta bizikletan ibiltzen ez zekitenek bi gurpilen gainean lehen pedalkadak emateko aukera izan dute.

Samuel Yordanof eta Nerea Diaz ditugu beren ikaskideekin batera ikasturte honetan zehar bizikletaren inguruko ezagutzak sakondu dituzten ikasleetako batzuk. Nerea Diazentzat bizikletara igo den lehen aldia izan da eta ikasleak onartu duenez, “apur bat konplexua izan da, hasieran batez ere. Hala ere, irakasleen babes etengabea funtsezkoa izan da eta saio gutxitan hobekuntzak nabariak izan dira. Nahia Iparraguirrek azaldu du 6. mailako klaseko Nerea Diazez gain, beste ikasle batek ere bazituela bizikleta gainean moldatzeko zailtasunak. “Beste klase batzuetan ordea, gehiago dira bizikletan ibiltzen ez dakiten ikasleak”, azaldu du gorputz hezkuntzako irakasleak.

Samuel Yordanof ikasleak adierazi du eskolan gaia landu aurretik berak bazekiela bizikletan ibiltzen. Ikaslearen hitzetan “bizikletari buruz gehiago ikasteko erabili ditugun orduak oso dibertigarriak izan dira”. Proiektuaren finkapenaz galdetuta, datozen ikasturteetan Belaskoenea ikastetxean proiektua errepikatzea eskatu du Samuelek, etorkizuneko ikasleek asko ikasteko aukera izango dutelakoan. Bizikleta gainean trebeagoak diren ikasle horiekin zirkuituak prestatu dituzte eskolako patioan, trebetasun handiagoa lortzeko.

Proiektu balioaniztuna
Bizikletarekin loturiko edukiak lantzeaz gain, Nahia Iparraguirre irakasleak aurreratu du bizikleta beste hainbat eduki lantzeko baliagarria izan daitekeela. Bestalde, hurrengo ikasturteetan bestelako edukiak ere lantzea aurreikusten da. Adibidez, uste da bide seinaleak lantzeko proiektu aproposa izan daitekeela. Era berean, irakasleek adierazi dutenez ikasleen arteko lankidetza bultzatzeko oso egitasmo lagungarria izan da. Azkenik, ikasleen motibazioa areagotzeko pizgarria izan dira bizikletak.

Proiektuak bigarren urtez jarraian izandako arrakasta ikusita, Nahia Iparraguirre irakasleak zalantzarik gabe baieztatu du Belaskoenea ikastetxeko ikasleen artean bizikletaren erabilera sustatzeko lanean jarraituko dutela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude