Beñat Neketan, Neur enpresako nagusia: “Errazagoa da gure piezak urrutiko herrialdeetan aurkitzea hemen inguruan baino”

Beñat Neketan trokeleria eta era askotariko piezen lanketan lan egiten duen Neur enpresa irundarreko nagusia da. Bere aitak martxan jarritako enpresan mekanizatu eta torno lanak egiten zituzten hasieran. Orain, ordea, enpresaren jarduera hazten doan heinean espezializaziorako bidea hartzea erabaki du enpresaburu gazteak.

Zein izan da zure ibilbidea enpresako nagusi izatera iritsi arte?
Eskolan ilusio handiz hasi nuen nire formakuntza, etorkizunean nire gustuekin zerikusia izango zuen lanpostu bat topatzeko asmoz. Mekanizatu sektorearen inguruko goi-mailako gradua egin nuen. Horrela, aitaren enpresa txikian lanean hasi nintzen sektorea ezagutzeko. Inber-tsioen bitartez enpresak gora egin zuen eta, krisialdi ekonomikoak gogor jo zuen arren, teknologia berria txeratu eta berriro enpresak gora egitea lortu genuen.

Mota honetako goi karguetan ohikoa da jende gaztea ikustea?
Pixkanaka gazteak sektore honetan sartzen hasi direla esango nuke. Ezagutza maila altua beharrezkoa da, teknologia konplexuarekin lan egiten dugulako. Orokorrean, 50 urtetik gorako jende asko dago, baina, hortik behera oso gutxi. Hala ere, oso garrantzitsua iruditzen zait jende gaztearen aldeko apustua egitea, etorkizunean sektoreak lan egingo duten profesionalei kalitatezko formakuntza eskaini ahal izateko.

“Handia izan nahi baduzu ezin zara hemen gelditu”

Zeintzuk izan ohi dira zuen bezeroak?
Denetarik dugu. Azkenaldian aeronautikaren munduan sartu gara eta, hortaz gain, automozioan ere lan egiten dugu. Mota askotako piezak sortu arren, azkenaldian espezializazioaren aldeko apustua egitea erabaki dugu.

Zuen bezero gehienak eskualdeko enpresak dira?
Gure produktuak Euskal Herri inguruan saltzen ditugu, baina, horrek ez du esan nahi enpresa handiekin lan egiten ez dugunik. Enpresa handi horien menpe dauden enpresa txiki edo ertainekin zuzeneko harremana dugu guk, geroago, gure lana munduan zehar banatzen lagun-tzen digutenak. Izan ere, errazagoa da gure piezak urrutiko herrialdeetan aurkitzea hemen inguruan baino.

Nazioarteko merkatuaren mugimenduei erreparatzen diezue?
Bai, handia izan nahi baduzu ezin zara hemen gelditu. Zure begirada mundura ireki behar duzu, lehenengo Europako sektorean produktuak sartu eta, ondoren, kanpora ateratzeko.

Nola ikusten duzu egun euskararen erabilera enpresa industrialen sektorean?
Hemen euskara, gaztelera edo beste edozein hizkuntza bezala erabil daiteke. Frantsesa hemen inguruan asko erabiltzen den beste hizkuntza bat da. Euskararen erabilera ez doa sektoreari loturik, baizik eta enpresan lanean dabiltzan pertsonen konpromezu mailarekin. Bera eta Lesaka aldean oso ohikoa da euskara erabiltzea, Donostia inguruan denetarik dago eta Irunen, aldiz, erabilera murritzagoa da.

Bilakaera handia antzeman duzue zuen sektorean azken urte hauetan?
Gure sektoreak teknologian aurrerapausoak era etengabean ematen ditu. Ondorioz, ekoizpen maila geroz eta handiagoa da, makinen kalitatea hobea da eta langileen lan baldintzak hobetzea laguntzen du. Hala ere, aurrerapauso horiek enpresa bakoitzak egiten duen inbertsioari loturik doaz.

“Gure sektoreak teknologian aurrerapausoak era etengabean ematen ditu”

Enpresaren komunikazioa hobetzeko apustua egin duzue azkenaldian?
Bai, oso garrantzitsua da egun interneten zure informazio eskuragarri egotea. 837 Komunikazio eta Publizitate enpresaren laguntzari esker (837comunicacion.com) gure gabezia teknologikoak antzeman eta beharrezko pausuak eman ditugu iraultza teknologikora batzeko.

Etorkizunari begira, zeintzuk dira Neur enpresaren erronkak?
Merkatuaren lehiakortasunari begira, geroz eta produktu hobeak eskaintzen saiatzen gara, teknologia berrienaren bitartez ekoiztuak direnak. Horrela, metalurgiaren sektoreak dauzkan beharrak betetzea da gure helburu nagusia, beti kalitate onenarekin.

Elkarrizketaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude