Gaurko Andreak elkartea arlo politikoan, kulturalean eta sozialean emakumeen jakituria lehenengo lerroan jartzeko helburuarekin sortu zen 2008. urtean. Era berean, emakumeen aurkako indarkeria guztiak, agerikoak eta ezkutukoak, ikusarazteko helburua ere badu. Irene Kastezubi Arellano elkarteko lehendakariak Gaurko Andreak elkartearen jarduera laburbildu du.
Helburu horiek noizbait errealitate bat izan daitezen, Gaurko Andreak elkarteak hainbat zerbitzu eta ekintza eskaintzen ditu. Besteak beste, mahai-inguruak, tailerrak, etab. Tailerren barruan, Irungo ikastetxeetan berdintasuna lantzeko tailerrak ematen dituzte eta, horretaz gain, elkartearen egoitzan bertan emakumeen ahalduntzea sustatzeko tailerrak ere antolatzen dituzte. Horien artean, autozaintzako tailerrak daude, izan ere, pandemiaren ondoren, emakumeek zainketa ardura gehiago hartu baitituzte beren gain eta, ondorioz, ahaztu egin dituzte beren beharrak eta ongizatea. Bide beretik, emakumeen sexualitateari buruzko tailerrak antolatzen dituzte ere, gazteentzat zein helduentzat.
Emakumeen jakituria lantzeko, martxoan “Emakumeen Ahotsak” zikloa antolatu ohi dute, arlo ezberdinetako emakume erreferenteak ezagutarazteko. Irene Kastezubiren hitzetan, “erreferenteen sorrerak eta ezagutzak berebiziko garrantzia du emakumeak noraino iritsi gaitezkeen ezagutarazteko”. Hortaz, erreferenteek emakumeen aniztasuna islatzeko gaitasuna izan behar dute, ez baitago emakume guztiak islatzen dituen eredu bakarrik.
Elkartearen 15. urteurrenean Irene Kastezubik azaldu duenez, “hamabost urte hauetan gauza asko gertatu zaizkigu”. Esaterako, Gizartearen testuingurua guztiz bestelakoa da. Adibidez, elkartea sortu zenean “feminismo” hitza bekatu izatetik hurbil baitzegoen. Hamabost urte hauetan gizartean urratsak egin diren arren, Gaurko Andreak elkarteak leial jarraitu du bere sorrerako izenarekiko. Hala ere, bien bitartean, elkartean gizartean gertatutako aldaketetara egokitzeko hausnarketa etengabean bizi dira, iraganean gertatutakoaren memoriari eutsiz.
Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Eguna bereziki markatutako data da elkartearen egutegian. Elkartearen 15. urteurrena dela eta, indarkeria pairatu duten haur eta emakumeei laguntza juridikoa eta psikologikoa eman ahal izateko dirua biltzeko hainbat ekintza egin zituzten. “Pertsona hauei laguntzeko zerbitzuak daude, baina ez dira nahikoak”, adierazi du Irene Kastezubik. Bestetik, azaroaren 25a prestatzeko lanetan Gaurko Andreak elkartea beste elkarteekin elkarlanean dabil. Elkarteak estatu mailako Genero Indarkeriaren Biktima diren Emakumeen Kontseilua egitasmoaren barruan, indarkeria matxista jasan duten seme-alabek antolatutako erakusketa hartuko du. Era berean, M8 asanbladak antolatutako ekitaldiekin ere bat egiten dute. Hortaz, egun hori Irunen antolatutako beste ekintzekin bat egiteko baliatuko dute.
Etorkizunaz galdetuta, belaunaldi gazteengan jartzen du arreta Irenek. Lehen baino informazio gehiago izan arren, askok oraindik ez dute indarkeria matxistaren existentzia bera onartzen, beraz, lan asko dago egiteko eta jende gaztea konprometitzeko. Era berean, gizarte osoak emakume erreferenteen beharra duela azpimarratu du Irene Kastezubik. Berdintasuna ez baita emakume helduen eskari zentzugabea, baizik eta belaunaldi artekoa izan behar duen proiektua amankomuna.
Kalean Bai
Gaurko Andreak Berdintasun Elkarteak Kalean Bairen sorreran bertan egin zuen euskararen erabilera laguntzeko udal programarekin bat. Elkarteak egitasmora batzea erabaki zuen, ahal duten heinean Gaurko Andreak elkartean euskararen erabilera bultzatzeko ahalegintzen direlako. Horretarako, tailer eta programa elebidunak prestatzen saiatzen dira, hau da, elkarteko jarduerak bi hizkuntzetan komunikatzeko. Irene Kastezubik adierazi duenez, “Irunen euskara sustatzeko eta ikusarazteko ekintzak behar ditugu”. Beraz, elkartean, berdintasuna lortzeko aktibismoaz gain, euskara indartzeko erronkari ere tinko heldu diote.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.