Berreskuratu eta eraberritu

Altzarien zaharberritze tailerrak eskaini ditu Irungo Emausek

Emaus Plaza bilakatuko da Zabaltza, urriaren lehenean. Emaus Gizarte Fundazioaren berri emango dute bertan, eta Irungo EkoCenterren aurrera eramaten dituzten jarduerak plazaratuko dituzte. Udaran zehar, altzariak zaharberritzeko eta berrerabiltzeko tailerrak eskaini dituzte, eta haien fruituen erakusketa egingo dute, besteak beste. Emausen filosofia eta lan ildoak ezagutzeko aukera aproposa izan daiteke.SONY DSC

Hamabi neska-mutil formatu zituzten Irungo EkoCenterren, joan den ikasturtean zehar, altzarien zaharberritzearen arloan. 18 eta 30 urte arteko gazteak ziren, bazterketa arriskuan zeudenak, edo lan merkatuan murgiltzeko arazoak zituztenak. Horietako bi kontratatu dituzte ondoren, udaran altzariak berreskuratzeko tailer irekiak eskaintzeko. Irungo Udalak Aurrekontu Parte Hartzaileetan onartutako 40.000 euroko ekarpena egin du ekimen horretarako.

“Asmoa izan da erakustea altzari eta objektu zaharrek eskaintzen dituzten aukerak”
Sara Sánchez, hezitzailea

Ekainetik irailera, altzariak berreskuratzeko hainbat modu landu dituzte tailerretan: zaharberritze klasikoa, altzarien transformazioa, sormen dekorazioa etab. Ezberdinak izan badira ere, tailer guztiek helburu nagusi bera izan dutela azaldu du Sara Sánchez hezitzaileak: “Asmoa izan da erakustea altzari eta objektu zaharrek eskaintzen dituzten aukerak. Bota beharrean, eta teknika profesionalik gabe, haien bizitza luza dezakegula”. Gainera, taldean lan eginez, oso ondo pasa daitekeela azpimarratu du Manu Mendez Emauseko hezkuntza teknikariak.

Parte hartzaileen profila

Sormen dekorazioan lanean ari da Aurora Agirre. Komuneko paperaren kartoiarekin eta arrautz-ontzi batzuekin, lanpara bat egiten ari da. “Sinestezina da askotan zein gauza botatzen ditugun. Ia edozer aprobetxa daiteke”, adierazi du. Palet batzuekin sofa bat egin zuen joan den astean, transformazio tailerreko kideekin. Hurrengoan, zaharberritze klasikoan, etxeko zoko batean duen kutxa zahar bat eraberrituko du: “Bakarrik ezingo nuke egin, baina taldean, eta Sararen laguntzaz, errazagoa izango da”.

Agirrek betetzen ditu tailerretara hurbildu den jendearen profil nagusiaren ezaugarriak. Emakumeak izan dira gehienak, aldez aurretik birziklatzearekin edo zaharberritzearekin harremana izandakoak edo nolabaiteko ezagutza zutenak. Aurora Aguirrek aitortu du etxean maiz egiten dituela eskulanak. Gainera, zaharberritzearekin lotutako beste ikastaroetara joan izan dela: “Goizetan lan egiten dut, arratsaldeak libre izaten ditut eta horrelako ikastaroetan parte hartzea gustuko dut”. Ezagutza horiek elkarbanatzea oso aberasgarria izan dela baieztatu du Sara Sánchezek. Erretirodunak edo langabeak ere asko izan dira parte hartzaileen artean.

Bigarren aukerak

Bigarren Mundu Gerraren ondoren Frantzian sortutako mugimendu batean du jatorria Emaus Gizarte Fundazioak. “Mundu osoan zehar daude orain Emaus taldeak. Denek duten harremana da behar gehien dutenei, edo bazterketa arriskuan daudenei laguntzeko helburua”, azaldu du Manu Mendezek. Urteen poderioz bilakaera izan du Emausek, eta gaur egun, lan ildo ezberdinak dituzte. Batetik, enpresa solidarioa dago. Altzariak, arropa eta bestelako objektuak berreskuratu, behar izanez gero eraberritu, eta merke saltzen dituzte. Gainera, langileen %70 bazterketa arriskuan daudenen kolektibotik eratorriak dira. “Horregatik hitz egiten dugu bigarren aukerei buruz”, zehaztu du Mendezek.

“Aldarrikatzen duguna da beste kontsumo mota bat posible dela, eta orain arte izan dugun eredua birplanteatu behar dugula”
Manu Mendez, Emauseko hezkuntza teknikaria

Hezkuntza ere lantzen ari dira, jendea sentsibilizatzeko asmoz. Gizartea eraldatzeko benetako tresna dela uste du Manu Mendezek: “Saltzen digute krisi ekonomikotik ateratzeko modu bakarra dela kontsumoa areagotzea, kontsumoa sustatzea. Guk guztiz kontrakoa aldarrikatzen dugu: beste kontsumo mota bat posible dela, pertsonak izan behar duela erdi gunea, eta orain arte izan dugun eredua birplanteatu behar dugula”. Kontsumismoaren alternatiba izan nahi duen eredua proposatzen du, beraz, Emausek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude