Berriro okupatu

Jarduera zerrenda zabala aurkeztu du Lakaxitak, hausnarketa eta eztabaida prozesuaren ondoren.

Indartsu ekin dio Lakaxita gune autogestionatuak ikasturteari. Irekiera jaialdia egin dute urriaren 12an, txotxongiloekin, barbakoarekin eta kontzertuekin. Urrian zehar, ekonomiaren inguruko hitzaldi ziklo bat, eta zientzia fikzioari buruzko bi zineforum antolatu dituzte. Gainera, urte osoko ekimen iraunkorrak ere martxan dira. Iker Eizagirre Lakaxitako asanbladako kideak onartu du urte berezia dela haientzat: “Iaz barne eztabaida asko eduki genituen, eta horregatik, beharbada, kanpora begira proposamenak egiteko gaitasun eskasa eduki genuen”. Jone Fernandezekin batera erantzun die Eizagirrek galderei, eguraldia lagun, eta kafea eskuetan, Lakaxitaren atzealdeko terrazan.
Nondik sortu dira Lakaxitako barne eztabaida horiek?

IKER EIZAGIRRE: Laster hamahiru urte beteko dira Irungo gazte talde batek gune hau okupatu zuenetik. Egia da, azken lauzpabost urteetan, aldaketa handiak egon direla Lakaxitan, eta horien inguruan hausnartzeko momentua iritsi da. Noizbehinka burua altxatu beharra dago, zer egin dugun pentsatzeko, eta norabidea ez galtzeko.

Zertan aldatu da Lakaxita?

I.E: Lakaxita proiektuaren hasierako bultzada izan zen gazteei eskaintzen zitzaien aisialdi eredua kontsumoan eta kotsumismoan oinarritua zegoela: Mendibil merkataritza gunea ireki zuten, Txingudi bete-betea egoten zen. Garaiko gazteak, aisia autogestionatzeko praktika galtzen ari ziren.

Horren aurrean, espazio baten beharra ikusi zuen gazte talde batek. Lehen Jaion festa prestatu zuten, eta eraikin hau okupatu. Luzaroan, autogestioaren praktika aisiaren esparruan gelditu da. Denbora pasa ahala, aukera bat zen beste belaunaldi gazteago batek lekukoa hartzea, eta aisialdiaren kudeaketarekin aurrera jarraitzea. Ez zen gertatu, eta hasierako kolektibo horrek, autogestioaren eredua bizitzako beste esparruetara zabaltzeari ekin zion. Horrek, barne kontraesan asko sortu zituen.

Zergatik?

I.E: Lakaxitaren inguruan kooperatibak sortu dira, adibidez, bertako kideek autogestioaren logika jardun profesionalean ere aplikatu nahi izan dutelako. Horrek, erakundeekin eta bestelako entitateekin kontaktuak sortu ditu: diru-laguntzak, kontratuak udalarekin, harremanak Mondragon Unibertsitatearekin etab. Guzti horrek tentsioak sortu ditu, eta hausnarketaren beharra eragin.

Zaila izan al da bilakaera prozesu hori?

JONE FERNANDEZ: Oso zaila, eta gogorra. Barne eztabaida handiak eduki ditugu. Hala ere, merezi izan duela uste dut. Akatsak, edo autokritikarako erabilgarriak izan daitezkeen ekintzak eta gertaerak egon dira. Baina garrantzitsuena da proiektuari eutsi diogula, eta esango nuke egin dugula, gure beharren arabera aldatzea lortu dugulako.

Leku askotan ikusi dugu patroi berdinak denbora luzez mantentzen baldin badira, halako proiektuak amaitzen direla. Gaztetxe asko itxi dituzte, ez desalojo bategatik, barruko jendea aspertu egin delako baizik.

Oso interesgarria da egin dugun bilakaera, eta gaur egun dugun funtzionamendua. Nola jarraitzen dugun balio filosofiko berdinekin, baina balio horiek errealitate bilakatzeko modu ezberdinak sortuz. Ez dut uste hasierako ideiei traizio egin diegunik.

Zeintzuk dira ideia horiek? Nola ulertzen duzue autogestioa?

I.E: Jende talde batek dituen behar eta desira komunak asetzeko, denen artean bildu eta antolaketa eta baliabideak martxan jartzea. Guzti hori, funtzionamendu demokratiko eta horizontal batekin. Kultur munduan, elikaduran, lan munduan etab.

J.F: Batzuetan, ekologista, feminista edo horrelako hitz potoloek jendea beldurtzen dute. Baina azken finean, bizitza bizigarriago egingo duen eredua bilatzen dugu. Gu hemen bizi gara, hemen bizi nahi dugu. Orduan, zer egin dezakegu toki hau bizigarriago egiteko? Hori da gure filosofia.

Jardun profesionalari lotuta, Lakaxita Koop enpresa hazitegia sortu duzue. Zein helbururekin?

I.E: Edonork, bere lana autogestioan oinarritutako modu batean kudeatu nahi baldin badu, Lakaxitan izan dezake lehen espazioa eta aholkularitza. Maila ekonomikoan, ere, eredu autogestionatu, horizontal eta demokratiko bat sortzeko ahalegina da.

Azken urteetako beste lan ildoetako bat, elikadurari lotutakoa da.

I.E: Hemen hasieratik egiten ziren jarduerekin lotuta dago, jantoki begetekin, adibidez. Lehen hausnarketa horietatik, praktikara jauzia egiteko beharra ikusi zen. Zein da elikadura burujabetza kudeatzeko modurik onena edo zuzenena? Bada, elikadura bera ekoiztea. Horrela, beste toki batzuetan zeuden ereduak jarraituz, lehen baratze kooperatibak sortu ziren. Ondoren, beste pauso bat emateko beharra etorri zen: baratzak ematen ez dituen produktu ez freskoak kudeatzen saiatzeko beharra. Horrela sortu zen Txingudi Labore. Elikadura burujabetza praktikan jartzeko urratsak izan dira denak.

Zer nabarmenduko zenukete, aurtengo berritasunen artean?

I.E: Etorkinekin eta kulturartekotasunarekin lanketa oso bat egiten ari gara. Harreman zuzen bat sortzen ari da, batez ere, latinoamerikako komunitatearekin. Indoamerika Herria elkarteak aholkularitza juridikoa eskainiko du ostegunetan, 9:30etatik 15:30etara. Ostiraletan, elkarbizitza egunak egingo dituzte.

Horrekin batera, euskara klaseak eskainiko dira, Indoamerika Herriak eskatuta. Latinoamerikako herrietatik datorren jendeak sentsibilitatea du hizkuntza gutxituekiko, han ere badirelako. Euskararekiko begirune bat dute, eta ikasi nahi dute.

J.F: Harreman hori oso emankorra izan daitekeela iruditzen zait. Erronka zaila izaten ari da haiekin ekintzak antolatzea, oso kultura ezberdinetatik gatozelako. Baina oso ederra da halako elkarlan bat aurrera eraman ahal izatea.

Gure helburu nagusien artean dago espazioa irekitzea, jatorri eta adin tarte ezberdinetako jendeari. Haurrekin saiakera egiten ari gara, urriaren 12an txotxongilo saio bat eskaini genuen.

Ez al duzue uste belaunaldi gazteagoekin deskonexio bat izan dela?

I.E: Egia da belaunaldi gazteekin lotura galdu dugula, eta hori faltan botatzen dugu. Gazte belaunaldi batzuentzako erreferentzia izan gara urtetan, baina ez dugu lortzen belaunaldi berriekin konektatzea. Haientzat, gune hau ez da erreferentea. Antolatzen ditugun ekimenetara erakartzeko zailtasunak ditugu.

J.F: Urte asko daramatzagu hemen, eta asko atondu dugu, kanpotik eta barrutik. Gogoratu hau hondakindegia zela, eta txikituta zegoela, barrutik eta kanpotik. Orain, jende askoren etxea baino hobeto dago Lakaxita. Alde horretatik, oso propio sentitzen dugu. Funtzionamendu bat dugu, idatzita ez dauden arau batzuk, eta horiek hausteari beldurra diogu, nolabait. Baina gure erronka da Lakaxita berriro okupatzea. Gure konfort eremuan ez dagoen jendea erakartzea, eta proposamen berrietara zabaltzea.

Eraikinaren beraren etorkizuna ere kolokan egon izan da, behin baino gehiagotan, San Miguel-Anaka proiektuari lotuta. Zertan gelditu da?

I.E: Proiektuak oso erritmo motela eduki izan du beti. Udalak Lakaxitaren lursaila erosi zuenean, eraikinaren egoera kontsolidatzeko aukera sortu zen, inguruan zeuden beste batzuekin egin zen bezala. Are gehiago, jakinda, udalaren planoen arabera, hemen ez dutela etxebizitzarik eraiki behar, jardin batzuk baizik. Haien erantzuna ezezkoa izan zen, baina esan ziguten momentuz lasai egoteko, obrak luze joko duelako.

Gure asmoa da udalarekin komunikazio kanal zuzen bat edukitzea. Azken urte eta erdian ez dugu gehiago hitz egin, baina guk horretarako asmoa dugu, zein aukera dagoen ikusteko. Nik argi dudana da hemen sortu den bizitzeko beste eredu honek jarraipena izan behar duela, hemen ez bada, beste toki batean. Lakaxita ez da eraikina bakarrik, bere inguruan sortu den guztia baizik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude