Bertako merkataritza laguntzeko bultzada

COVID-19aren krisiaren harira hartutako neurriek buruhauste asko eragin dizkiete hiriko merkatari eta ostalariei. Alarma-egoeraren ondorioz, oinarrizko elikagaiak edo ondasunak saltzen ez dituzten sektoreetako dendariek saltokietako pertsianak jaitsi behar izan dituzten, etorkizun beltz eta ezjakina saihestu ezinik. Ahal den neurrian krisialdian zehar edo behin normaltasunera hurbiltzen den egoera berreskuratzen denean, hiritarren kolaborazioa eta kontsumoa ezinbestekoak izango dira hilabete hauetan zehar saltokiek pilatutako alokairu, zerga, faktura eta maileguei aurre egin ahal izateko.

Telefono bidezko salmenta
Mercairunek telefono bidezko salmenta eta etxez etxeko banaketa zerbitzua martxan jarri du tokiko merkataritzaren aldeko apustu batean. Irungo merkatuko establezimenduek euren produktuak herritarrengana hurbiltzen dituzte, etxetik ateratzeko beharrik izan ez dezaten.

Covid19ren pandemiak eragindako krisiaren aurrean, salbuespenezko mugimenduak bakarrik baimendurik dauden unean, Mercairunek aurrerapauso bat eman du bere produktuak telefono bidez eskaini eta etxez etxeko banaketa zerbitzua martxan jartzeko.

Mercairungo sei establezimenduk bat egin dute ekimenarekin, eta txarkuteria, fruta, barazki eta bakailao produktuak eskainiko dituzte. Atxikitutako dendak eta harremanetarako telefonoak honako hauek dira: Bacalao Bakailuak (943 63 7117), Carlos Zubikoa urdaitegia (943 63 40 23), Genoveva urdaitegia (943 62 13 60), Josimiri urdaitegia (943 63 17 82), Pilartxo fruta eta barazkiak (943 62 45 64) eta Juncal barazkiak (943 63 26 36).

Mercairungo postuei buruzko informazio gehiago eakuratzeko, 943 63 83 94 telefono zenbakira dei dezakete interesa duten pertsona guztiek. Bestetik, Mercairun Merkataritza Guneko beheko solairuan dauden instalazioetara ere zuzenean erosketak egitera joateko aukera dago. Alarma Egoera dela eta, ordutegia honakoa da: 9:00etatik 13:30etara goizean eta16:30etik 19:00etara arratsaldean.

Lehiaketa sare sozialetan
Irungo Udalak kanpaina bat abiatu du asteotan sare sozialetan, herriko merkataritza eta ostalaritza laguntzeko eta, alarma-egoera gainditutakoan, hiritarrek erosketak establezimendu horietan egitea sustatzeko. Astelehenero, udal sare sozialen bidez, herritar guztiei irekita dagoen lehiaketa zabalduko da, Irungo saltokietan eta ostalaritzan kontsumitzeko bonoak saritzat izango dituena.

“Irun etxetik” izenburupean, irundarrei dei egiten zaie ekimean parte hartu dezaten. Ekimen horrek hainbat gai jorratuko ditu datozen asteetan, funtsezko bi helburuekin. Lehenengoa, alarma-egoeraren ondoriozko konfinamendu-egoera gainditzen lagunduko duten jarduerak sortzea, lehiaketa formatu pizgarriaren bidez; eta, bigarrena, txikizkako merkataritzan eta ostalaritzan kontsumoa suspertzera eta biziberritzera animatzea, konfinamendua amaitu ondoren bertako establezimenduetan trukatzeko bonoak oparituz.

Lehen lehiaketan hiritarrentzako erronka haien etxeetako balkoi edo leihoetatik argazki bat ateratzea izan zen. Lehen lehiaketako irabazlea jakinarazi ostean, bigarren lehiaketan proposatutako gaia etxeko txoko bat irudikatzea izango da. Lehiaketan parte hartzeko inprimaki txiki bat bete (izena, abizenak eta helbide elektroniko bat) eta argazkia udalaren webgunetik igo beharko da lehenengo. Ondoren, argazkia sare sozialetan partekatu beharko da erronka bakoitzerako aukeratutako traolarekin. Bigarren lehiaketa honetan, argazkiak sare sozialen bitartez partekatzeko #NireEtxekoTxokoa traola aukerartu da.

Bozka gehien jaso dituzten bost argazkiak 300 euroko bonoaren zozketan sartuko dira. Lau irudi finalistek 20 euroko bonoa eramango dute, eta gainerako parte-hartzaileen artean 20 euroko beste 46 bonu zozkatuko dituzte; guztira, lehiaketa bakoitzak 20 euroko 50 bonu banatuko ditu, eta 300 euroko bat. Horiek guztiek hiriko merkataritza-lokaletan eta ostalaritza-establezimenduetan kontsumitzeko balioko dute.

Astelehenero jakinaraziko dute lehiaketa bakoitzeko irabazlearen izena, eta hurrengoa zabalduko dute; parte hartzeko epea beti igande gauerdira artekoa izango da. Lehiaketaren bilakaera Irungo Udalaren profil ofizialen bidez jarraitu ahal izango da Twitterren (@irun_informa), Instagramen (@irun_infoma) eta Facebooken (@irunON). Kanal horien bitartez, astelehenero lehiaketa berriak argitaratzen joango dira. Balkoietatik ateratako argazkiez gain, herritarrei gastronomiarekin edo modarekin lotutako beste proposamen batzuk ere egingo zaizkie.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude