Bertatik bertara zergatik ez? Xoldokogaina

Urruntasunak zorabiaturik abiatu nintzen. Bai bainekien, nire ustez noski, alboan nuena baino xoldokogaina1ederragoa izango zela; zalantzarik, ala? Ibili nituen bideak, egunak… ezagutu nituen herri eta bazter miresgarriak, dastatu nituen janari eta edari exotikoak, baina azken egunean gure etxe ondoko mendiarekin egin nuen amets: Xoldokogaina. Iratzarri eta bertara joan arteko onik ez nuen izan.

Zeren bila zabiltza, bada, turista, urrutira gabe ditugunak ezagutu gabe? Biriatuko Larretxeko bordatik abiatu naiz, ezker-eskuin iratze erne berria lagun dudala. Kalbariorako bidea ezkerrean utzita “Beti goiti”, eskuineko trikuharria behatu eta aitzinerat. Usaitako lepora iritsi naiz; goraxeago dago bertako trikuharria. Bidean kamamila bildu dut. Laino zegoen arren, gora iristerako eguzkia izan dut lagun. Ikusmira ederreko mendia: itsasoa, Belarra izeneko uhin berezia, Iparraldea, Landak, Irun, Hondarribia, Jaizkibel, Hernio, Aiako Harria, Bianditz, Larrun… GR-10 Hendaia- Catalunya GR-10aren lehendabiziko gaina, mendebaldera Bidasoa ibaia dela. Granito-harria da bertako ikur; Euskal Herriaren antzinatasuna islatzen duen lekuko zaharra.

Iratzea, txilarra eta otea dira nagusi. Ortzian. berriz, sai edo putreak eta nonahi ardi, ahuntz, pottoka eta behiak.

Ur-leku aparta; ipar isuriko ur-jauzia itsasoari begira dago eta lehorte handienean ere ez da agortzen; horregatik, ihiak indar handia du, baita gailur-gailurrean ere.

Hegoaldera Osingo lepora jaitsiko gara; izenak putzua erran nahi duenez , berriz ere, ihiek emango digute aztarnaren berri. Pittarreko harrespiletatik Manddaleko gainera (573 m.) joko dugu patarrean gora, gorostia bidezidorraren ezker-eskuin dela, Faalegi mendiko pagadiaren babesean.

xoldoko004Historiari lotuz, Bruselan 1940an naziengandik ihesi borrokalari aliatuei –gehienak ingeles abioi-pilotuak- alde egiten laguntzeko sortu zen franko-belgikar organizazio bat zen Cométe sarea. Hemendixe igarotzen omen zuten muga eta Bidasoa, okupaturiko Europa gurutzatu ondoren, Espainiako atzerriko enbaxaden bidez Gibraltardik zehar berriro ere beraien sorterrira joan zitezen.

Gailurrean datza estatu arteko 9. mugarria. Xoldokogaineko ikusmiraz gain, are gehiago edonora behatuta ere.

Iparraldean den urtegira jaitsiko gara Xoldokogaina mendia inguratuz. Arrola ibaiak eman behar lioke izena urtegiari, baina… Inguruan hurritza da errege. Urtegiaren hormako ezker aldeak erakutsiko digu ubidearen gainean doan bidea, Filtra deritzon trikuharria eta ehiza-lekuraino bitartekoa.

Kalbario gaina da gure hurrengo helburua. Horretarako, argindar zutabe erraldoia dagoen Usaitako lepora abiatuko gara, errekaldeko borda eta saroia eskuinean dugula. Zertxobait igotzea besterik ez zaigu falta, Kantauri itsasorantz begira aparteko beste ikusmira-leku bat topatzeko. Urruñako Kalbarioan gaude; baseliza eta guzti.

Duela hamarren bat urte tximistak zurezko gurutzea apurtu zuen. Gaur egun berrituta dago eta inguruan zenbait haritz eta urki ere landatuta daude.

Ibilaldi guztian zehar aipatu dugun ihiarekin egingo dugu berriro ere topo. Gain- gainean, eguraldi euritsuen ondoren putzu edo osina sortzen da. Aitzinean itsasoa eta gibelean mendia; zer besterik nahi izaten du, bada, gizakiak?

Hurbil dugu abiapuntua. Nahi izanez gero, errekalde aldera jaitsi eta Biriatura ere joan gaitezke. Herriko etxea, plaza, frontoia eta hilarri zaharrez josita inguruak ez digu kalterik egingo.

Baselizaren historia

Historia polita du baselizak. Dirudienez, Erlandebaitako Fourcade ikerlariak XVIII. mendeko paper zaharretan topatu zituen zenbait aztarna: 1793. urteko espainolen aurkako gerran suntsitu egin omen zuten. Bertan ermitau edo apaiz bat ere bizi omen zen han bakar-bakarrik. 1966an inguruan ez zegoen baselizaren aztarnarik eta 1967an udako bakantzez baliatuz eta ikasle batzuen laguntzaz, kaperaren murru zimenduak (8,30 m. / 5,70 m.) eta zolako harlauzak eta aldarearen zati bat aurkitu zituzten.

Aitzakia horrekin, Sokorriko Amaren Lagunak deituriko batasun edo elkartea egin zuten eta berreraikuntzari ekin zioten. Pierre Albizu izan zen hargina eta Sokoako Jean Devin zurgina. 8 metroko haritzezko gurutzea ere zutikatu zuten.

1969ko ekainaren 8an inauguratu zuten. 1990ean parrokiak zera erabaki zuen: garizumako 1. igandean prozesioa egitea bidean bi geldialdirekin; geldialdi bakoitzaren gunean alimaleko bi harri ezarri ziren; batean BETI GOITI dio eta bestean JAINKOAREN MENDIRAT.

Jexux Aizpurua Barandiaran (Irun-Oiasso)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude