Bertsotan hezkuntzaren eta euskararen alde

Biriatuko ikastolak bertso saioa antolatu du maiatzaren 14rako. Maialen Arzallusek, Andoni Egañak, Amets Arzallusek, Maialen Lujanbiok eta Maddi-Ane Txoperenak parte hartuko dute herriko ikastolarentzako dirua biltzea bilatzen duen ekitaldian. Sarrerak 10 euroko prezioa du, haurrak doan eta Silvia Uzalek eta Brais Perezek azaldu dutenez aldez aurretik tiketak eskuratzeko bide ugari daude.

Ez da bertso saio hau egiten duzuen lehenengo edizioa, ezta?
Silvia: Ez, ikastola 2015eko irailean sortu zen eta udaberri horretan egin zen lehen bertso saioa. Orain bosgarren edizioa antolatzen ari gara.

Bosgarren edizioa izanda, jada herrian errotutako ekintza da?
Brais: Bai, ekintza nahikoa arrakastatsua izan ohi da. Jende dezente etortzen da, bai bertakoak zein inguruko herrietakoak.

Aurreko bi urteetan ordea, pandemiarengatik bertan behera geratu zen?
Silvia: Ba bai, nik uste guztiok gaudela etxetik ateratzeko gogoarekin. Bertso saioaren ostean, pintxo pote bat antolatuko dugu, beraz, egun horretan festa giroa ziurtatua egongo da.

Zer helbururekin hasi zineten ekintza hau antolatzen?
Brais: Alde batetik, ikastolarentzako dirua biltzea da helburua, behar beharrezkoa da eta. Bestetik, Biriatu herrian euskal kulturari tokitxo bat egin nahi izan diogu, euskara eta euskal kultura elkarrekin doazela ulertzen dugulako. Biriatun euskara hutsean lan egiten duen eragile bakarra garen aldetik, gure ardura da bertan euskararen aldeko ekintzak bultzatzea.

Biriatuko ikastolak antolatutako ekintza da. Zeintzuk dira ikastetxe honen berezitasunak?
Silvia: Ikastola txiki bat da, hiru familia eta bost haurrekin sortu zena. Gaur egun 15 familiek eta 21 ikaslek osatzen dute. Guk beti eskola inklusibo gisa deskribatzen dugu, adin ezberdinetako ikasleen arteko kooperazioa bultzatzen duena. Bi urte eta erditik, hamaika urte bitarteko haurrek ikasten dute bertan, euskaraz ikasten dute eta 6 urtetik aurrera ere frantsesa irakasten da. Natur ingurunean txertatuta dago, baina herriko girotik ere oso hurbil.

Brais: Polita da ere klase berean adin ezberdinetako haurrak nahasten direla. Elkarrekin jolasten dute eta elkarri laguntzen diote. Oso polita da beraien arteko harremana ikustea.

Ikastolako ikasleentzat ere nolabaiteko onura dakar ekitaldiaren antolaketak?
Brais: Bai, hori da. Alde batetik, onura ekonomikoa dago, inguruko enpresak ekitaldia antolatu ahal izateko beren ekarpena egiten baitute. Izan ere, ekarpen horren bidez enpresak berak proiektuan inplikatzeko modua da eta beraiei esker babestuak sentitzen gara. Kulturalki ere gure herriari ekarpena egiten diogu.

Zein bertsolarik parte hartuko dute aurtengo saioan?
Silvia: Aurten Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Amets Arzallus, Maialen Arzallus eta Maddi-Ane Txoperena izango ditugu bertso saioan. Guztira, aurtengoak bost bertsolari dira.

Antolaketan Amets Arzallusen laguntza izatea eskertzekoa da?
Brais: Noski, bere esperientziak asko lagundu digu. Bera oso sustraitua dago Biriatun, nahiz eta hendaiarra izan, baina lotura handia du Biriaturekin. Beti dago prest ikastolarekin kolaboratzeko eta bide honetan asko lagundu digu.

Zein izango da saioaren dinamika?
Silvia: Bertso saioa maiatzaren 14an egingo da, gauean. Ekintzak 17:30ean hasiko dira eta eguraldi ona egiten badu, saioa herriko frontoian egingo da. Eguraldi txarra egiten badu, berriz, eliza barruan. Bestetan ere horrela egin izan dugu eguraldi txarra izan dugunean.

Jende asko erakarri ohi duen ekitaldia al da?
Brais: Bai, jende dezente etortzen da. Ekitaldian 200 edo 300 pertsonentzako lekua egongo da eta asko bete izan dugu. Gainera, inguruko aitatxi eta amatxi asko hurbiltzen dira saiora eta oso polita da hori ikustea, beraientzat ere oso egun berezia baita. Era berean, jende asko etortzen da Irun eta beste herrietatik.

Nola lortu daitezke sarrerak?
Silvia: Batetik, bi telefono zenbaki dauzkagu, horietara deitu eta sarrerak erreserbatu ahal izateko: +33 673 190 707 eta +34 657 735 290. Bestetik, sarrerak posta elektroniko bidez eskatu daitezke bertsosaiobiriatu22@gmail.com helbidera idatziz. Azkenik, sarrerak aurrez aurre erosi nahi badira, zuzenean erosi daitezke Pausuko Xaia tabernan.

Uste duzu datozen urteetan ekintza errepikatzen jarraituko dela?
Brais: Bai, gure ikastolak antolatzen duen ekintza bitxia da eta ilusio handiz antolatzen den ekintza izanda, gauza politak ateratzen dira. Beraz, gu ekintzarekin aurrera egiteko prest gaude.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude