Irungo Alarde Publikoak 20. urteurrena ospatzeko hainbat ekintza antolatu ditu
Aurten 20 urte beteko dira Alarde Publikoak bere ibilbideari ekin zionetik. Bi hamarkada luzeetako ibilbide horretan momentu zoriontsuak eta tristeak bizi dituzten arren, berdintasunean Irungo festez disfrutatzeko borrokan jarraitzen dute. Urteak pasa ahala jende berria sartu da alardearen barruan, atzetik datozen belaunaldiei bidea erraztuz eta Alardearen barruan nahi duten moduan parte hartzeko aukera eskainiz.
Olatz Elizondo 1998 urtean Alarde Publikoko Zalditeriako kantinera izan zen. Horrela gogoratze du Olatz Elizondok alardean parte hartu zuen lehenengo aldia: “Gogorra; xamurra beste batzuetan; oso hunkigarria; oso tristea; esperantza handizkoa, baina, oso nekagarria ere bai”. Nahikari Pagolak sei urte daramatza Alarde Publikoan parte hartzen, baina, ilusio eta emozio berarekin hitz egiten du alardean parte hartu zuen lehenengo urtearen inguruan.
Elizondok eta Pagolak momentu hunkigarriak bizi dituzte Alarde Publikoaren barruan, senide eta lagunen konpainian. Arrankada, Eliza Kalea edo Kale Nagusiaren jaitsiera dira Alardearen barruan bi irundar hauek gehien hunkitzen dituzten momentuak. Nahikari Pagolak, adierazi du, “urte guztiek dute hunkigarria den zerbait”.
“Urte guztiek dute hunkigarria den zerbait”
Nahikari Pagola, Alarde Publikoko soldadua
Ibilbide luze honetan Alarde Publikoaren egoera asko aldatu da. Oltaz Elizondok azaldu du, “20 urte pasa diren arren, oraindik helburua ez da bete”. Izan ere, alarde parekide eta bakarra sortzeko helburuarekin jarri zen martxan Alarde Publikoa. Elizondok salatu du prozesuan zehar autoritateek “arduragabekeriaz” jokatu dutela. Nahikari Pagolak ibilbideari ekin zioten gizon eta emakumeen ausardia goraipatu du eta, egindako lanari esker, irundar gazteek alardean parte hartzeko “erraztasun” gehiago dauzkatela azaldu du.
“20 urte pasa diren arren, oraindik helburua ez da bete”
Olatz Elizondo, Alarde Publiko Zalditeriako lehengo kantinera
Merezitako ospakizuna
Alarde Publikoak 20 urte beteko ditu aurten eta urteurrena ospatzeko ekitaldi bat antolatu da Ficoban. Ekitaldia ekainaren 21ean ospatuko da eta Maite Gaztañaga eszena zuzendaria arduratuko da ekitaldia gidatzeaz. Bi hamarkadetako bide honetan Alardea lagundu duten pertsona eta erakunde ezberdinetako ordezkariak gonbidatuko dituzte Ficobako ekitaldira.
June Martin da 20. urteurrena iragartzeko Alarde Parekideak sortu duen kanpainaren irudiaren egilea. Txapela eta ile-motots baten irudiak elkartuz 20 zenbakia irudikatzea lortu du, Alardearen urteurrenari erreferentzia zuzena eginez.
Letren ausardia
“Alardea, ukatutako plazara” liburuan bildu dute Maite Asensio eta Arantxa Iraola azkeneko bi hamarkadetan Alarde Publikoak egindako ibilbidea. Liburua sortu ahal izateko, egileek 80 elkarrizketa inguru egin zituzten. Egileek liburua maiatzaren 25ean aurkeztu zen Carlos Blanco Aguinaga Udal Liburutegian. Elkar, Berria eta Jakin erakundeen babesari esker argitaratu den liburua Irungo Liburu-dendetan eskuratu daiteke jada.