Aitor eta Beñat Gil aita-semeek 2022ko Dust Race auto lasterketan parte hartu dute. Txapelketan parte hartu ahal izateko Peugeot 205 bat egokitu dute. Dakar tankerako abentura honetan orientazio ona izatea eta erregulartasuna mantentzeko gai izatea ezinbestekoak izan dira. Irungo aita-semeak pozik azaldu dira bidaiaren itzuleran eta esperientziak erakutsitako guztia azaldu dute.
Nola hartu zenuten lasterketa honetan parte hartzeko erabakia?
Aitor: Nire semeari bururatu zitzaion lasterketa honetan parte hartzeko ideia. Proiektu honi buruz hitz egin zidan, eta nik hasieran lagun batekin joan zedin animatu nuen, baina nirekin joaten tematu zen. Egia esanda, esperientzia zoragarria izan da niretzat. Dakar lasterketa beti asko gustatu izan zait, eta niretzat esperientzia hau bizitzea amets bat bezala izan da.
Nola prestatu duzue autoa lehiaketan parte hartu ahal izateko?
Beñat: Kotxeari oinarrizko zenbait hobekuntza egin dizkiogu lasterketan parte hartu ahal izateko. Gehienbat, kotxearen altuera igotzeko suspentsioak aldatu genizkion. Autoaren beheko aldea babesteko txapa bat jarri genuen eta mendiko gurpilak jarri genizkion. Gainera, kotxearen gainaldean gauzak eramateko tokia egokitu genuen. Konponketa guztiak gure garajean egin dizkiogu, lagunen laguntzarekin eta barre artean.
Aurretik era honetako txapelketaren batean parte hartu duzue?
Aitor: Desertuko lasterketara joan aurretik Bidasoko Auto Klasikoen lasterketan parte hartu genuen. Proba horretan parte hartzea erabaki genuen, roadbook-a jarraitzea nolakoa zen eta orientabideak nola erabili behar ziren ikusteko. Lehen lasterketa hark ere balio izan zigun ikusteko ea autoak lasterketa osoa iraun zezakeen hondatu gabe, urte askoko autoa baita. Lehen proba horren ostean Azpeitiko auto klasikoen lasterketan ere parte hartu genuen, eta bertan oso ondo moldatu ginen.
Nolakoa izan da Dust Race 2022 lasterketan parte hartzeko esperientzia?
Beñat: Gure kalkuluen arabera guztira 4.500 kilometro egin ditugu, baina kontuan izan behar da lasterketa hasteko elkargunea Malagan zegoela eta gu Euskal Herritik kotxearekin haraino jaitsi behar izan ginela. Malagan Tangerrera pasatzeko ferry bat hartu genuen, han hasi baitzen lasterketa. Lasterketak guztira 6 etapa izan zituen eta gehienetan Marokoko hegoaldetik ibili gara. Etapa izugarriak izan dira desertuaren erdian eta hondar artean ibili garelako.
Lasterketan ustekaberik izan al duzue?
Aitor: Kanpamentura iristean egunero estutzen genituen egunean zehar lasaitu ahal izan ziren torloju eta azkoinak eta olio maila bezalako gauzak egiaztatzen genituen. Autoak oso ondo eutsi dio erronkari, eta harrituta nago gauzak zeinen ondo joan diren ikusita.
Zer gauzak harritu zaituzte gehien proban zehar?
Beñat: Orokorrean, esperientzia guztiak hunkitu gaitu. Hango paisaiak zoragarriak dira eta esperientzia itzela da egun osoa kotxearekin alde batetik bestera ibiltzea. Era berean, bertako jendeak eta beraien bizimoduak ere zur eta lur utzi gintuen, batez ere, haurrak errepide bazterrean pozik ikusi genituen arren, aurrez aurre ikusi genuen pairatzen duten pobrezia eta asko hunkitu gintuen. Asko harritu ninduen haurrak errepide eta mendietan oinutsik ibiltzen ikustea, ez nuen uste hain pobrezia larrian bizi zirenik. Kotxeak ikusterakoan gauzak eskatzeko hurbiltzen ziren eta oparitzeko gauzak eraman genituen arren, ez geneukan guztiei emateko nahikoa. Egia esan, ez da erraza izan haurrak egoera horretan ikustea eta haiei emateko ezer ez duzula esatea. Bestalde, esperientzia izugarria izan da, lasterketan zehar lagun asko egin baititugu gainerako parte-hartzaileen artean.
Aita-semeak izanda, eta elkarrekin lehiatzean, eztabaida handiak izan dituzue zuen artean?
Aitor: Eztabaida txikiren bat izan dugu, baina ezer larririk ez. Zalantzarik gabe, erabaki egokia izan zen pilotu eta kopilotu postuak gure artean trukatzea. Horrela, gidatzea tokatzen zitzaigunean bagenekien zeinen zaila zen gidari lanetan aritzea, desertu erdian orientatzea ez baita erraza eta konturatzen zarenerako galduta egon zaitezkeelako.
Nola erantzun du autoak txapelketako erronken aurrean?
Beñat: Txapelketa beldurtuta hasi genuen, izan ere, kotxea 1989. urtekoa da, beraz, 33 urte dauzka. Hala ere, ez dugu arazo larririk izan. Ihes-hodia eta atzeko esekidura apurtu zitzaizkigun baina probaren azkeneko egunean izan zenez ez zen hainbesterako izan.
Giroa oso lehiakorra zen?
Aitor: Aldi berean bi lasterketa zeuden. Alde batetik, denbora ona egiteko asmoz zihoazenak zeuden, eta beste batzuk, berriz, ondo pasatzeko eta autoak ez hondatzeko asmotan genbiltzanak. Kide bat trabatuta geratzen zenean, gehien-gehienak hari laguntzeko gelditzen ginen, izan ere, gu izan gintezkeen hurrengoak arazoak izaten.
Laguntza handia jaso duzue hemendik esperientzia hau posible egiteko?
Beñat: Lasterketak izaera solidarioa du eta antolakuntzatik dohaintzan emateko materiala eramatea eskatzen ziguten. Horregatik, Realarekin harremanetan jartzea bururatu zitzaidan, proiektua aurkeztu nien. Berehala laguntzeko prestutasuna agertu zuten eta kutxa handi bat eman ziguten baloiez eta kamisetez betea. Lagun batek 3D inprimagailuarekin haurrei oparitzeko jostailutxoak eta zibak egin zizkigun. Haurrek edozein opari eskertzen zuten, nahiz eta eskolarako materiala eman, baina jostailuek ilusio berezia egiten zieten. Gainera, kotxearen gainean bizikleta txiki bat eraman genuen han oparitzeko.
Esperientzia errepikatzeko asmoa duzue?
Aitor: Bai, baina faktore asko izan behar dira kontuan. Berriz ere parte hartu ahal izateko, lasterketaren egunean opor-egunak elkartzeko aukera izan beharko genuke, kotxea libre izateaz gain. Baina esperientzia gisa, motorraren mundua gustatzen zaion edonori gomendatzen diot. Esperientzia eskuragarria da eta basamortuan barrena ibiltzea paregabea da.