Ikasturtea hastearekin batera, ohitura osasungarriak berreskuratzeko garaia izaten da urria. Udako gehiegikeriak eta ohitura txarrak berdintzeko asmoz, kiroldegirako bidea hartzen du jende askok. Irundarrek aukera bikoitza daukate gaur egun. Artalekuko kiroldegiak aniztasuna eta esperientzia eskaintzen ditu. Azken Portuk, berriz, modernotasuna. Bien artean, kirol eskaintza oparoa osatzen dute.
Kirol jardueraren neurgailu moduan azter daitezke hiriko kiroldegiak. Irunen eskaintza bateratua egiten dute Artalekuk eta Azken Portuk. 9.000 bazkide baino gehiago dituzte, populazioaren %15 inguru. Bazkideak dira normalean kiroldegiak betetzen dituztenak, baina abonatu gabe ere instalazioak erabil daitezke. Nolanahi ere, urrian gora egiten du kiroldegietako aktibitateak. Hala azaldu du Iñigo Zumeaga Artalekuko eta Azken Portuko zuzendariak: “Bi momentu berezi izaten dira. Urria da bat, oporretatik atera eta ikasturteari ekitearekin batera. Bestea, urtarrilean, urte berriko intentzio onak direla eta”.
Urritik martxora bitartekoa izaten da urte erdirik emankorrena kiroldegietan. Eguraldi ona hasten denean, berriz, jendeak nahiago izaten ditu kaleko jarduerak. Kiroldegira itzuli berriak dira, beraz, irundar asko. Kokapenaren arabera aukeratuko zuten gehienek Artaleku edo Azken Portu. Baina badira ezberdintasunak bien artean.
Artaleku kiroldegi beteranoa da, hogeita zazpi urte bete ditu. Hala ere, izan du bere bilakaera denboran zehar. “Aldaketa dezente egin izan dira urte guzti hauetan. Hilabete honetan bertan, gimnasioko zoruaren zati bat aldatu dugu, azken belaunaldikoa jartzeko”, azaldu du Zumeagak. Artalekuren aniztasuna azpimarratu du zuzendariak. Kirol ugari praktika daitezke kiroldegian. Igerilekuak, spa, frontoia, trinketea, errokodromoa, fitness aretoa, gimnasioak topa ditzake kirolariak Artalekun. Baina pista da, noski, instalazioaren balio handienetariko bat. “Bidasoaren mailako talde batek joka dezake hemen, Asobal Ligan, baita Europan ere”, azpimarratu du Iñigo Zumeagak.
Azken Portuk ez du Artalekuk adinako aniztasuna eskaintzen. Baina kalitate handiko azpiegiturak ditu. “Igerilekua handiagoa da. Spari dagokionez, fisioterapia eta dietista zerbitzuak ere badaude”, nabarmendu du Zumeagak. 2007. urtean zabaldutako instalazioa da, modernoagoa. Hala ere, bi kiroldegiak “osagarriak” direla aipatu du zuzendariak: “Esate baterako, Artalekuko fitness aretoak pisu librean aritzeko aukera handia eskaintzen du. Azken Portukoak, aldiz, korrika egiteko zinta eta bizikleta gehiago dauzka”. Oro har, Azken Portuk eta Artalekuk ematen duten zerbitzua Irun hiriarentzat nahikoa dela uste du Zumeagak. Hutsune bakar batzuk ikusten ditu, hala ere, zuzendariak: “Igerilekuak txiki gelditzen zaizkigu. Haurren ikastaroetan, jendea kanpoan geldi-tzen da, itxaron-zerrendak egoten dira”. Gabeziak ere badituzte, beraz, kiroldegiek.
Ikastaroen arrakasta
Kirola egiten hasteko, ohikoa izaten da ikastaroren batean izena ematea. Haur, gazte edo heldu, denek daukate hainbat kirol jardueratan aritzeko aukera. Igerilekuari dagokionez, arrakastatsuenak hasiberrientzako ikastaroak izaten dira. Aretoetan, berriz, pilatesa eta cycling delakoa dira izarrak.
Baina aurten gogor jo duen modalitatea zunba da. “Aerobikaren oinarri bat badauka, baina dantzarekin lotura handiagoa du. Jendeak oso gustura egiten du”, azaldu du Zumeagak. Bi kiroldegietakoak batuta, 3.000 lagun baino gehiago dira hainbat ikastarotan parte hartzen dutenak. Irunen kirola egiteko ohitura barneratua dago, zuzendariaren aburuz: “Kirol ezberdinetako elkarte asko daude, Behobia-Donostia proba garrantzitsua ere badago… Horrek guzti horrek eragina dauka”.
Zaletasun horren adibide dira Azken Portu eta Artaleku.