René Zugarramurdik bultzatutako emanaldi artistikoa eta pedagogikoa da Bidaia, bost zatitan banatzen dena. Proiektuaren bultzatzaileak eta zuzendariak 200 lagun bildu ditu hegoaldeko eta iparraldeko kantarien artean. Horrela, korua eta orkestra elkartuz, euskal kultura modu originalean eta dinamikoan irakasteko ikuskizuna sortu du. Zugarramurdik urtarrilean egingo diren 3 emanaldien inguruko informazioa eman du.
Lehenik eta behin, nola bururatu zitzaizun emanaldi hau sortzea?
Nondik gatoz eta nora goaz? Gure jatorriak behar bezala ezagutu behar ditugu. Orain dela urte batzuk hasi nintzen gauza hauetaz irakurtzen eta poliki-poliki, 4-5 urte atzera begiratuz, Bidaia idaztearen ideia bururatu zitzaidan. Inspirazioa irakurketaren ondorioz esnatu zen. Gutxi gorabehera ordu eta erdi irauten duen emanaldia idazteko bi urte eta erdi behar izan ditut.
Antolaketa lan handia eskatzen du horrek orduan, ezta?
Bai. Egia da, alde batetik, Hendaiako orkestra zuzentzen dudala eta, bestetik, abesbatzarentzako ere konposatzen ohi dudala, beraz musika idaztea erraza egiten zait. Ikusiz ideia zabaldu nahi nuela, beste aldera pasa nintzen, hegoaldera, eta Hondarribiko Eskifaia abesbatzari proiektua aurkeztu nion eta baietz erantzun zidaten. Hemen Iparraldean beste bi koruek ere onartu zuten proposamena. Nafarroa ere proiektuan behar nuen eta Lesakara joan nintzen eta beraiek ere baietz esan zidaten. Azkenean, Euskal Herri txiki bat antolatu dugu elkarteen artean.
Bidaiak ikuskizunak, musika eta historia elkartzen ditu, ezta?
Hori da. Euskal Herriko kultura eta historia elkartzen ditu, iraganetik orain arte. Azken batean Iparralde, Bidasoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako abesbatzekin eskola txiki baten modukoa sortu dugu historia kontatzeko konpromisoarekin.
Proiektuan guztira 200 artistek parte hartuko dute. Nola koordinatu zarete prestaketa lanak aurrera eramateko?
Gaur egun webguneekin eta linternen bidez gauzak bidaltzea errazagoa da. Lehen derrigorrez leku batetik bestera mugitu egin behar ginen, ezker eta eskuin, baina orain errazagoa da komunikatzea. Antolatzeko egitarauak egin ditugu bakoitzak bere kabuz lan egiteko eta hilabeteak pasa ahala entsegu orokorrak prestatzeko asmoz.
Proiektuaren berezitasunetako bat abesbatza amateurrek osatzen dutela da, ezta?
Tira, batzuk profesionalak dira, bai, zuzendaria adibidez. Baina besteak ez, nik esango nuke gehienak amateurrak direla. Azkenean 200 pertsona gara eta bakoitzak bere maila dauka, baina denok batera soinu ederra sortzen dugu.
Emanaldia aurrera eramateko haurren abesbatza sortu omen duzue.
Bai. Herri bakoitzean haurren koru bat atera nahi nuen, beraz, eskoletara hurbildu nintzen proposamena eginez. Hendaiako eskola batean koruaren eraketa formalki egin dute. Hondarribiko musika eskolara ere joan nintzen eta koru irakaslearekin hitz egin nuen. Bai bertako irakasleak bai Eskifaiako zuzendariak baietz esan zidaten. Eta zergatik eta zertarako gazteen abesbatza? Ba azken buruan kultura hartu eta barneratzen dutenak beraiek direlako. Haurrek azken himnoa abestuko dute publikoari keinua eginez.
Non eta noiz egingo dira emanaldiak?
Egutegia Hendaiako Daniel Ugarte Frontoian hasiko da, urtarrilaren 22an arratsaldeko 18:00etan. Sarrerak dohainik dira, baino lehenbailehen eskatu behar dira +33 05 59 48 23 58 telefonoaren bitartez. Hondarribian Jostaldi frontoian izango da, urtarrilaren 28an, larunbata, arratsaldeko 19:00etan. Sarrerak Arma Plaza Fundazioan edo tickets.kutxabank.es webgunean lortu ahal izango dira. Bukatzeko, Baionan Lauga Gelan egingo da otsailaren 4an, larunbata, arratsaldeko 20:30ean. Erreserbak visitbayonne.com webgunearen bitartez egin behar dira.
Emanaldia apaintzeko argi efektuak eta artxiboko argazkiak erabiliko dituzue, ezta?
Bai, ikuskizuna edertzeko eta kultura ondo zabaltzeko helburuarekin. Obra bost zatitan banatzen da, euskal lurraldearekin lotutako aldi historiko garrantzitsuenak erakusten dituztenak, historiaurretik gaur egun arte. Orduan, zati bakoitzeko argazkia jarriko da oihal handi batean jendeak gertakari historikoen bilakaera ondo jarrai dezan.
Iragarritako saioez gain, aurreikusten al duzue etorkizunean emanaldia beste leku batzuetara eraman dezakezuela edo hemen amaituko da proiektua ?
Beste leku batzuetara eramatea gustatuko litzaiguke, baina arazoak daude, adibidez tokiak. 200 pertsona gara eta frontoi handiak eta zabalak behar ditugu. Beste aldetik ere dirulaguntzak behar ditugu, emanaldiek kostu teknikoak eragiten dituztelako eta jende asko mugitzen dugulako.
Zer adinetako publikoarentzat dago prestatuta ikuskizuna?
Edozein adinetako publikoarentzat da aproposa, belaunaldien arteko elkartasuna bultzatzen duen emanaldia delako. Nahiz gazteentzat nahiz adinekoentzat prentsatuta dagoen emanaldia dela esango nuke, emakumeak eta gizonak elkartzen dituena.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.