Bidasoa Atletiko Taldeak murriztapen aldaketetara egokitzeko gaitasuna erakutsi du

COVID-19ak eragindako osasun krisialdiaren bigarren olatua geldiarazteko Eusko Jaurlaritzak hartutako neurriek goitik-behera baldintzatu dute Super Amara Bidasoa Atletiko Taldearen jarduera. Klubeko haur eta kirolari federatuak murriztapen ezberdinetara egokitu behar izan dira azaroko hilabetean zehar. Ibon Muñoz atletismo taldeko gerenteak, printzipioz urtarrilaren 11era arte luzatuko diren murriztapen berriak iragarri aurretik erantzun zituen elkarrizketako galderak

Nola egokitu da taldearen funtzionamendua kirol murriztapen berrien aurrean?
16 urtetik beherako taldeen jarduera eten behar izan dugu. Agindutakoarekin bete behar dugu, baina, Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) Aholku Batzordearen hurrengo bileran hartu diren erabakien zain gaude. Izan ere, ez genuke ulertuko beste murriztapen batzuetan neurriak arintzea eta kirolaren kasuan, ordea, horrelakorik ez gertatzea. Izan ere, guk kirola aire zabalean egiten dugu eta beti aholkatutako neurri guztiak jarraituz. Federatuen kasuan, berriz, atletismo txapelketak antolatzen ari direnez, entrenatzen jarraitzeko aukera dute behintzat. Probak abenduaren 13, 20 eta 27an izango dira.

Haurren kasuan, konfinamendu garaiko dinamikak berreskuratu dituzue?
Bai, “Google Meet” erabiliz, talde desberdinak sortu ditugu eta klubeko haurrei etxetik era telematikoan jarduera mantentzeko aukera eskaini diegu, astelehenetik ostiralera, arratsaldeko 18:00etatik 19:00etara. Klubean 400 hau baino gehiago dauzkagu eta haur horien %15a gurekin etxetik lanean jarraitzea erabaki du. Haur horiek oso gustura daude gure eskaintzarekin, batez ere, eguraldi txarra egiten ari duen egun hauetan. Ordubetez ariketa fisikoa egiten dute, luzatze ariketak iraun bitartean monitoreek klubeko kirolari onenen bideoak erakusten dizkieten bitartean.

Federatuen kasuan, nola egokitu behar izan dituzue entrenamenduak?
Federatuak Plaiaundira datozen entrenatzera. Taldean entrenatu behar dutenak 6 pertsona baino gutxiagoko taldeetan entrenatzen dute eta gainontzekoak, gehienak, bakoitza bere kontu entrenatzen ari da. Hau da, entrenatzeko jarraibideak ematen dizkiete entrenatzaileek eta haien ardurapean gelditzen da horiek betetzea.

Kirola aire zabalean eta hein handi batean modu indibidualean praktikatu ahal izatea abantailak dakartzate egun?
Bai, horiek dira gure ustez kirol honen abantaila nagusiak. Eusko Jaurlaritzak, ordea, kirol mota guztientzako murriztapen berdinak ezarri ditu. Dena dela, dakigunaren arabera, kirolaren kasuan COVID-19aren kutsaketa kasu gutxi izan dira. Uztailean Udalekuekin lanean hasi ginenetik klubean ez dugu inolako kutsatze kasurik izan. Taldean positiboren bat egon arren, beharrezko neurriak hartu arte, klubean kirolarien artean ez da inolako kutsapenik gertatu protokoloen jarraipen zorrotzari esker. Hortaz, gauzak ondo egiten badira, kirola ez da kutsatze-foku bat, beraz, murriztapen aldaketak iragartzerako unea iristen denean, kirola kontutan izatea espero dugu.

Kirolariez gainera, klubeko zuzendaritza egoera berrira egokitu behar izan da?
Bai, izan ere, gure monitore eta kidego teknikoa osatzen duten langile guztiek lan-kontratua dute. Ondorioz, egoera aldatu arte langile askoren kontratuak bertan behera utzi behar izan ditugu. Jarduera sozio-ekonomikoa gauzatzen duen taldea garenez gero, jarduerarik gabe ezinezkoa da lan egiteko aukerarik ez duten langileak ordaintzea. Beste sektoreetatik egiten ari den bezala, instituzioetara zuzendu eta kirol elkarteei ere egoera honek eragiten ari digula salatu beharko dugu laguntza jaso ahal izateko. Izan ere, egoerak hobera egiten duenean guztiok egiturak bere horretan mantentzea nahiko dugu eta, horretarako, erdian laguntzak beharko ditugu.

Murriztapenekin, baina, zenbait txapelketan parte hartu ahalko dute atletek datozen asteburuetan, ezta?
Bai, abenduko azken hiru asteburuetan pista estaliko hainbat txapelketa egingo dira Anoetako Belodromoan. Kirolariek, orokorrean, denbora dezente daramate txapelketarik gabe, beraz, entrenatzen jarraitzeko motibazioa lortzen dute horrelako txapelketekin.

Urte honetako txapelketetan konfinamenduaren ondorioz klubeko kirolarien errendimendua murriztu dela nabaritu duzue?
Lehen txapelketak abuztu eta irailean egin ziren eta txapelketa autonomiko eta nazionalak izan ziren. Orokorrean emaitza onak izan ziren, bertan parte hartutako klubeko kirolariek konfinamendu ostean denboraldiarekin jarraitzeko konpromisoa hartu zuten kirolariak izan zirelako. Klubeko kirolari gehienak, ordea, entrenatzen jarraitu dute, baina, denboraldi berria prestatzeko. Irune Muguruza lortutako emaitzen adibide da, izan ere, emaitza oso onak izan dira egoera zein zen kontutan izanda.

Gabonetako Krosa bezalako herri-lasterketen antolaketa urrutiegi ikusten duzue oraindik?
Bai, era horretako probak antolatu ahal izateko pandemia kontrolatzea eta beharrezko baimenak eskuratze beharrezkoa izango da.

Azken boladako berri pozgarrienetako bat, pozgarriena ez bada, Super Amararekin akordioa berritzea sinatu duzuela da, ezta?
Bai, oso berri ona da. Egonkortasun ekonomikoa emateaz gainera, hiru urteko iraupena duen akordioa denez, 12 urte beteko ditugu Super Amararekin elkarlanean. Gainera, akordio horrek erakusten digu ere haiek gure irudi eta lanarekin pozik daudela eta aurrera jarraitzeko indarrak ematen dizkigu.

Nola planteatzen duzue Super Amara Bidasoa Altetiko Taldetik 2021. urtearen hasiera?
Klubeko gerente bezala urte berriaren hasiera esperantzaz ikusten dugula esan beharko nizuke. Egoera geroz eta kontrolatuago dagoela ikusten dugu eta txertoaren bitartez bizimodu arrunta berreskuratu ahal izatea espero dugu. Pandemiaren aurretik genuen bizimodua guztiz berreskuratzea ezinezkoa izango da, baina, behintzat kirol eta gainontzeko arlo guztietan gizarte jarduerak berreskuratu ahal izatea espero dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude