Bidasoa bizirik-ek Dinamizazio Turistikorako Plana aurkeztu du

Irun eta Hondarribiko Udalek, Bidasoa bizirik-en bitartez, Dinamizazio Turistikorako Plana garatu dute 2025. urtera arte, jarduteko tresna gisa balioko duen eta bi herrietako politika turistikoak batera eta modu iraunkorrean lantzen lagunduko duen eredu turistikoa ezartzeko.

Zehazki, Dinamizazio Planaren helburua da 2025erako Hondarribia eta Irun Euskadiko Turismo Helmuga Adimendun erreferente bihurtzea, Turismo-Gobernantzako sistema eraginkor bat ezartzea, bi hiriak identifikatuta eta ordezkatuta senti daitezen, eta bisitarien bidaia-ohitura eta -arrazoi berrien aurrean gure hiriak lehiakorrak izatea eragiten duten produktuak eta baliabideak indartzea.

Dinamizazio Planaren bidez, interes potentziala duten beste baliabide turistiko batzuk landu nahi dira, egoera turistiko berrira egokituz (MICE, natura, shopping, itsasoa, etab.); komunikazio elementuak egungo bisitarien profilera eta haien bidaiatzeko motibazio berrietara egokitzea; Hondarribia eta Irun arteko mugikortasun jasangarria sustatzea eta hobetzea eta gure inguruneak azpiegituren hobekuntzei dagokienez dituen beharrak identifikatzea.

Plana Gura Neuro Marketing enpresak egin du. Pandemia hasi baino lehen egituratzen hasi ziren eta orain berrikusi egin dute, egoera berrira egokitzeko.

Lau ardatzen inguruko lana

Plana egiteko, enpresak hausnarketa estrategikoa egin zuen, eta horretatik lau ardatzen inguruan lan egiteko beharra sortu zen: Bisitariak, Turismo-Gobernantza, Komunikazioa eta Sustapena eta Azpiegiturak eta Mugikortasun Iraunkorra.

Lau ardatz horien inguruan Hondarribia eta Irun turismo helmuga adimendun bihurtzen lagunduko duten ekintza espezifikoak definitu dira. Adibidez, ‘Bisitariak’ ardatzean, Txingudi badiaren baliabidea bultzatzeko eta Turismo Ornitologikoa sustatzeko, Merkataritza Adimenduneko Proiektu bat bultzatzeko edo Slow Shopping turismoaren kontzeptua lantzeko ekintza espezifikoak proposatzen dira, besteak beste.

Bigarren ardatzeko (Gobernantza Turistikoa) proposamenak Hondarribia Irun Batzordea sortzearen ingurukoak dira. Bertan, bi udalerrietako turismo-ordezkariek eta Bidasoa bizirik-eko Talde Teknikoak parte hartuko lukete eta bi herrietako eragileen arteko lankidetza-maila handiagoa sustatuko litzateke.

‘Komunikazioa eta Sustapena’ atalean hainbat ekintza mota daude, bai Online bai Offline kanaletan, beti ere marka indartu eta pertsona gehiago gure udalerrietara erakartzea helburu dutenak. Gainera, Helmuga Turistiko Adimendunen Sareko kide izateko beharra nabarmentzen da, baita Irun eta Hondarribia Euskadiko erreferente bihurtzeko Sare horrekin lan egiteko beharra ere.

Azkenik, ‘Azpiegiturak eta Mugikortasun Iraunkorra’ ardatzean, Irun eta Hondarribiko gune garrantzitsuenen itxura eta estetika zein bi udalerrien arteko mugikortasuna hobetzeko ekintzak nabarmentzen dira.

“Irun eta Hondarribia urte asko daramatzate gure lurraldeko erreferentziazko turismo helmuga izaten. Horretan lagundu dute bi udalerrien aberastasun kulturalak eta historikoak, gastronomiak, hainbeste baliabide natural izateak, izan ere, horri esker turismo aktiboa egin nahi duten bisitariak har ditzakegu;  Ficoba Erakustazokak, Gipuzkoako bakarra da eta… Ezaugarri horiei esker bisitari-mota askorentzat erakargarria da gure ingurua. Dinamizazio Planak indargune horietan jartzen du arreta, ekintza zehatzen bidez horiek bultzatzen jarraitzeko eta, horrela, 2025erako gure posizionamendua are gehiago hobetu ahal izateko”, esan du Miguel Ángel Páez Bidasoa bizirik-eko presdienteak.

“Jakin badakigu oso zuhurrak izan behar dugula gaur egun eta, beraz, zuhurtasuna izango da Dinamizazio Planaren inguruan garatzen diren ekintza guztietan nagusia. Lehen mailako baliabide naturalak, ondarekoak eta gastronomikoak ditugu. Horien bidez ez dugu turismo gehiago erakarri nahi, baizik eta gure hirietarako interesgarriak diren pertsonak urte osoan modu arduratsu eta iraunkorrean gu bisitatzera etortzea lortu”, azaldu du María Serrano Bidasoa bizirik-eko presidenteordeak.

Planarekin bat datozen beste ekintza batzuk

Plana aurkeztu berria den arren, Bidasoa bizirik-eko Turismo Sailak komunikazio- eta sustapen-ekintzak landu ditu azken hilabeteetan.  Horien artean, nabarmentzekoak dira sare sozialetako ekintzen bidez on line presentzia areagotzea, planoak, gidak eta mapak editatzea, on line plataforma espezializatuetan espazioak kontratatzea eta sustapen-bideoak egitea (www.bidasoaturismo.com webgunean eta Bidasoa bizirik-eko YouTube kanalean ikus daitezkenak).

Gogoratu behar da, halaber, web orria eguneratu zela pandemia hasi baino lehen. Orain, informazio eguneratua duen online gune dinamikoago bat da.

Ildo horretatik, nabarmendu behar da hurrengo hilabeteetan sare sozialetan kanpaina digitalak egiten jarraituko dela, betiere gure hiriak turismo-helmuga gisa sustatzeko helburuarekin.

Turismo Mahai berria

Turismoko Mahai Instituzionalean adostu ondoren abian jarri nahi den beste lan-ildo bat Turismo Mahai berri bat sortzea da, sektore pribatuko ordezkari gehiago izango dituena. Helburua da lan-sarea are gehiago indartzea eta Planean aurreikusitako ekintzak modu koordinatuan garatzea.

Mahai dinamikoa izango litzateke, sektorearentzat interesgarriak diren ekimenak bildu eta garatzeko balioko lukeena, bai eta helmugako lehiakortasuna hobetzen lagunduko duten estrategia eta ekintza bateratuak lerrokatzeko ere. Bidasoa bizirik-ek laster deituko du mahai hori.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude