Bidasoa bizirik-ek, eskualdeko LHko ikastetxeek eta TKnikak ‘Pertsona Ekintzailearen Eguna’ ospatu dute

Irungo eta Hondarribiko udalek, Bidasoa bizirik-en bidez, eta Eskualdeko Lanbide Heziketako ikastetxeekin (Bidasoa, Plaiaundi, Irungo La Salle, Mendibil Prestakuntza Zentroa) eta Tknika, Euskadiko Lanbide Heziketako Ikerketa Aplikaturako Zentroarekin batera, zenbait jarduera antolatu dituzte maiatzaren 17an ospatzen den Pertsona Ekintzailearen Egunaren esparruan.

Urtero bezala, Bidasoa bizirik-ek ekintzailetza sustatzeko hainbat saio egin ditu ikastetxe hauetan, bai online, bai aurrez aurre, beti ere segurtasun neurriak errespetatuz. Era berean, maiatzaren 17an, Pertsona Ekintzailearen Eguna zela eta, on line ekitaldi bat egin zen, eskualdeko lau prestakuntza-zentroetako ikasleak zein beren negozioari ekin dioten ikasle ohiak bildu zituenak.

“Ekitaldi hau aurrez aurre egiten da beti. Astebete irauten du, eta ikastetxe bakoitzak bere jarduerak antolatzen ditu. Aurten, on line egin behar izan dugu, baina era honetan ikastetxe guztiak espazio birtual berean elkartu ahal izan ditugu esperientziak partekatzeko, eta hori oso aberasgarria izan da” esan du Miguel Ángel Páez Bidasoa bizirik-eko presidenteak.

Maria Serrano Bidasoa bizirik-eko presidenteordeak nabarmendu duenez, “aurten ere publikoki balioa eman nahi izan diogu bai ikasleek, bai irakasleek ikasturte osoan ekintzailetzaren inguruan egiten duten lanari. ‘Pertsona Ekintzailearen Eguna’ bezalako jardunaldien bidez, ekintzailetza balioesten dugu eta ikasleak animatzen ditugu eremu profesionalean hastera”.

Ekintzailetzari buruz hausnartzeko lehiaketa

Páezek adierazi duenez, “ikasleak motibatzeko eta pertsona ekintzaileen garrantziari buruz gogoeta egin zezaten”, ‘Aukerak ereiten-Sembrando oportunidades’ lehiaketa antolatu zen, pertsona ekintzaileei eta eskualdeko enpresei zuzendutako eslogan-lehiaketa, hain zuzen.

“Erantzuna oso ona izan da, guztira 276 iksalek hartu dute parte eta 33 eslogan aurkeztu dira, taldean zein bakarka lan egin baita”, azaldu du Serranok.

Talde irabazleak aukeratzeko, “aurkeztutako lanak sare sozialetara igo ziren, eta, ondoren, saritutako zortzi proposamenak aukeratu ziren. Ikastetxe bakoitzeko bigarren postuan geratu direnei paddle surf-saio bat eman zaie, eta lehenengoek, gainera, eskualdeko enpresa batek garatu duen ‘QLLQ – ¿Qué llevas puesto?’ marka berriko jantzi-sorta bat jaso dute,”, gaineratu du.

Oso harrera ona LHko ikastetxeetan

Lanbide Heziketako ikastetxeetako iritziari dagokionez, hau ere positiboa izan da. “Lehiaketan parte hartu duten lehen mailako ikasleei lehiaketaren ideia gustatu zitzaien, eta ikasle asko animatu ziren parte hartzera. Gainera, Pertsona Ekintzailearen Egunean irakasle teknikoen laguntza estimagarria izan genuen, eta ekintzaileen bideo laburrak oso egokiak izan ziren, Lanbide Heziketan ekimena sustatzeko hazia izan daitezkela uste dut”, esan du Ana Isabel Arreguik, Bidasoa Institutukoak.

La Salle-ko Mar Romok azaldu duenez, “ikasleek urtean zehar parte hartu dute proposatutako ekintzailetza-jardueretan. ‘Aukerak Ereiten’ Lehiaketan ere ikasleek ideiak, diseinua, sormena eta umorea eman dituzte. Ikasleek modu osagarrian egiten dituzten jarduera guztiek garrantzia dute beren prestakuntzan: aukerak zabaltzea, pertsona ekintzaile bihurtzeko aukerak ezagutzea eta aurkitzea eta haien curriculuma baloratzea. Gainera, azpimarratu behar da erreferentzia garela beste eskualde batzuentzat, Bidasoa bizirik-ek Irungo Lanbide Heziketako ikastetxe guztiak biltzen baititu proiektu honetan”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude