Irun eta Hondarribiko Udalek, Bidasoa bizirik-en bitartez, eta Iñigo Lavado sukaldariak, ‘Gentes del Bidasoa’ proiektuari jarraipena ematea erabaki dute, bigarren denboraldi bat grabatuz. Irun eta Hondarribiko ekintzaileei ikusgarritasuna emateko online programa da.
Ekimena duela lau hilabete hasi zen, “kontatzeko gauza asko dituzten baina komunikabideetan ateratzeko aukera handirik ez dituzten Irungo eta Hondarribiko ekintzaileei ahotsa emateko helburuarekin”, Iñigo Lavado sukaldariak une hartan adierazi zuenez.
Lehen sei saioek arrakasta handia izan dute audientziari dagokionez, Bidasoa bizirik-ek eta Iñigo Lavadok proiektuari jarraipena ematea eta bigarren denboraldi bat grabatzea erabaki dute.
“Programan parte hartu duten ekintzaileak, Iñigo eta Ramon Aramburu, eta audientzia orokorra oso pozik daude. Eta gure eskualdean proiektu bikainak dituzten eta, zoritxarrez, askotan ezezagunak diren hainbeste pertsona daudenez, haiei ahotsa ematen jarraitu nahi izan dugu, gainerako herritarrek haien proiektuak ezagutu ditzaten”, esan du Miguel Angel Páez Bidasoa bizirik-eko presidenteak.
Horrela, Lavado eta Aramburu hurrengo atalak grabatzen ari dira Iñigo Lavadoren Ficobako jatetxean, eta honako hauek izango dira protagonistak: Iñaki Susperregi (Antxoas Xaia), Helga Massetani (Bitamine Faktoria), Javier Garcia (Cafés Sakona), Nekane Elduayen (ezkontza eta ekitaldien antolatzailea), Christian eta Adrian Crowley (Zebra) eta Amaia Festa (Argitrans).
Lehen denboraldian gonbidatuak honako hauek izan ziren: Alameda jatetxeko Gorka Txapartegi, Oihanalde baserriko Arantxa Arruabarrena, HS2 Surf Eskolako Iñaki Navascués, Dibulitoon ikus-entzunezko ekoiztetxeko Ricardo Ramón eta Jone Landaluze, Alkar-eko Iñaki García Amantegi eta Chocolates de Irun-eko Aitzbier Falque.
Iñigo Lavadok esker oneko hitzak ditu guztientzat. “Eskerrak eman nahi dizkiet programatik pasatzen ari diren guztiei, baita ‘Gentes del Bidasoa’ proiektua aurrera ateratzea ahalbidetu dutenei ere. Ilusio handia egiten didan proiektua da, gure eskualdea handi egiten duten, baina askotan oharkabean pasatzen diren pertsonei ahotsa emateko tresna ezin hobea delako. Horregatik, jendea animatu nahi nuke saioa ikustera, denbora-pasa entretenigarria delako, eta, gainera, bizi garen ingurunea hobeto ezagutzeko aukera emango dielako”.
Formatu bera
“Hasieratik argi izan genuen saioaren formatua freskoa eta dinamikoa izan behar zuela, eta zalantzarik gabe funtzionatu du. Atal bakoitzak ordu erdi inguruko iraupena du. Denbora horretan, ekintzaile bakoitzak errezeta bat sukaldatzen du Iñigo eta Ramon Arambururekin batera, beraiekin bere proiektuari buruz hitz egiten duen bitartean. Horrela, ikusleak sukaldaritzari buruzko gauza berriak ikasteaz gain, bere inguruko proiektuak ezagutzeko aukera du”, azaldu du Maria Serrano Bidasoa bizirik-eko presidenteordeak.
Bigarren denboraldi honetako lehen atala, Antxoas Xaia-ko Iñaki Susperreguirekin, gaur, urriak 23, argitaratuko da Bidasoa bizirik-en eta Iñigo Lavadoren Youtube kanaletan. Gainerako atalak hamabost egunean behin ikusi ahal izango dira, kanal berberetan, eta hurrengo sare sozialetan zabalduko dira: Bidasoa activa, Visit Irun-Hondarribia eta Iñigo Lavado.