Online formatuan izango da eta izen-emateak irekita daude ekitaldira parte hartu nahi dutenguztientzat
Irungo eta Hondarribiko udalek, Bidasoa bizirik-en bitartez, Pechakucharen bederatzigarren edizioa antolatu dute. Aurten, KREA Bidasoa topaketaren esparruan egitea ezinezkoa denez, online plataformen bidez egingo da, datorren ostegunean, ekainaren 18an, 17:00etatik aurrera.
Pechakucharen formatua ideia sinple batean oinarritzen da: 20 irudi x 20 segundo. Hau da, parte- hartzaile bakoitzak 20 irudi proposatzen ditu, bakoitza 20 segundoz proiektatzen direnak, eta horien gainean egiten du aurkezpena. Formatu horrek aurkezpen erakargarriak, laburrak eta, oro har, dibertigarriak eskaintzen ditu.
Beren lana jendaurrean erakutsi nahi duten baina komunikabide masiboetarako sarbiderik ez duten pertsonentzako aukera bat da. Azken batean, sortzaileek beren lana publikoarekin erakutsi eta partekatu ahal izateko plataforma ezin hobea da.
Ekitaldian parte hartzeko izen-emateak zabalik daude. Interesdunek honako inprimaki hau bete beharko dute.
Networking online egiteko gune bat
Bestalde, bihar, osteguna, ekainaren 11n, Bidasoa bizirik-ek sormen sektoreari buruzko lehen Webinarra antolatu du 16:00etatik aurrera, Bilbao Ekintza, Getxo Sustapen Ekonomikoa, Meatzaldeko Behargintza, Oarsoaldea eta Urola Kostarekin batera, Garapen-ek lagunduta.
“Networking, Industria Sortzailea” ekimenaren bigarren edizioa da. Iaz jarri zen martxan Urola Kostarekin batera, eta bi eskualdeetako sormen-industrietan eta lotutako sektore ekonomikoetan zuzenean eta zeharka lan egiten duten hainbat artista, profesional eta enpresa elkartu ziren ezagutza partekatzeko, networkinga lantzeko eta lankidetza-proiektuak garatzeko aukera berriak identifikatzeko.
Edizio honetan, Branding, Moda, Ikus-entzunezkoak, bideojokoak edo diseinua bezalako sektoreetako enpresek beren proiektu sortzaile eta berritzaileak aurkeztuko dituzte, eta, ondoren, mahai-inguru bat eta networking saio bat izango dira, non webinarrera konektatuta dauden pertsona guztiek parte hartu ahal izango duten.
“Aukera paregabea da Euskadiko hainbat tokitako enpresak eta ekintzaileak harremanetan jartzeko, elkar ezagutzeko eta lankidetzako proiektuak sortzeko”, adierazi du Maria Serrano Bidasoa bizirik-eko presidenteordeak. Webinar honetan parte hartu nahi dutenek esteka honetan eman beharko dute izena. Halaber, azpimarratu behar da urrian networking sortzaileko bigarren saio bat egingo dela, oraingoan Bizkaian, helburu nagusia harremanetan jarraitzea eta “hainbat lurraldetako enpresen arteko lankidetzak sustatzea” delarik, Serranok gaineratu duenez.