Hainbat ekintza online egingo dira hedabideetan zein sare sozialetan
Turismoaren sektorea egoera berrira egokitzeko beharrean dago. Horretarako, Bidasoa bizirik-en bitartez Irun eta Hondarribiko Udalek dinamizazio-plan bat aurkezteko asmoa iragarri dute, laster turismoaren sektorean aurkeztuko dena. Hortaz gain, bideo, sare sozial eta online presentzia areagotzen lagunduko duten ekintzak indartzeko asmoa adierazi dute, horretarako, online atarietan espazioak kontratatuko direlarik.
Miguel Ángel Páez Bidasoa bizirik-eko lehendakariaren hitzetan, “bizi dugun egoeraren ondorioz turismoaren sektorea sektore zigortuenetako bat da eta inoiz baino gehiago lagundu nahi diogu”. Bidasoa bizirik-eko lehendakariak azaldu duenez, oraingoz, bisitariak Euskaditik soilik etorri ahal izango diren arren, Irunek eta Hondarribiak soberako potentziala dute bisitari horiek buruan izan ditzaketen destinoen artean erakargarri izateko eta ekintza hauek hori erakusteko asmoa azaldu du.
Bestalde, Maria Serrano agentziako lehendakariordeak nabarmendu, “egiten ari garen sustapen-ekintza guztiek indarrean dauden murrizketak kontuan hartu dituzte, bai mugikortasunari dagokionez, bai Covid-19aren hedapena geldiarazteko guztiok errespetatu behar ditugun gainerako neurriei dagokienez”.
Egoera aldatu dela kontuan hartuta, Bidasoa bizirik-ek hainbat sustapen-ekintza abiatu ditu online atarietan. Zentzu horretan, hurrengo hilabeteetan sare sozialetan hainbat ekimen abiatuko dira, horien artean, ‘influencer’-ekin ekimenak, estatu mailan zein Frantziako biztanleen artean eskualdea ezagutarazi eta balioan jartzen lagunduko dutenak. Hasteko, Bidasoa eskualdea Espainiako Trenbideen Fundazioak abian jarri berri duen Bide Berdeen Gida berrian agertuko da.
Bestalde, banner-ak jarriko dira Guide Pays Basque webgunean (www.guide-du-paysbasque.com). Bannerrak turismo-bulegoen ataletan sartuko dira, Irun eta Hondarribiko turismo-webgunerako estekekin (www.bidasoaturismo.com), ‘Hondarribia Irun Turismo’ sare sozialak aipatuz eta harremanetarako helbide elektronikoa eta egoera-planoa ipiniz.
Irun eta Hondarribia ere lurraldeko autobusetan egongo dira hilabete batez, Donostialdeko 324 autobusen erabiltzaileek eskualdeko iragarkiak ikusi ahal izango baitituzte bertako telebistetan.
Promozio bideoak
Alde batetik, bi publizitate-bideo egin dira jada, eta horietan Miguel Ángel Páez Bidasoa bizirik-eko lehendakariak azaldu duenez, “ Hondarribia eta Irun natura turismorako eta turismo gastronomikorako leku aproposak direla, eta, jakina, segurtasun-neurri guztiak betez egungo egoerara egokituta daudela nabarmentzen da”.
Zehazki, bi hirietako irudiak erakusten dituzten bi bideo dira, sare sozialetan promozio ekintzen bidez zabalduko direnak, eta María Serranok Bidasoa bizirik-eko lehendakariordearen hitzetan, “estatuko nahiz Frantziako turistak erakarri nahi dira bideo horiekin, etorri ahal direnerako”.
Bestalde, eskualdeko esperientzia enogastronomikoei buruzko bideoak berritu dira. Hain zuzen ere, bisitariek eta tokiko biztanleek hemendik aurrera egin ahal izango dituzten lau esperientzia berriei buruzko bideoak, www.bidasoaturismo.com helbidean ikus daitezkeenak. Páez elkarteko lehendakariak gaineratu duenez, “gure gastronomia dastatzeko modu desberdinak eta bakarrak dira esperientzia hauek, bertako produktuez gozatzeko eta eskualdeko gastronomiako ekoizleak, sukaldariak eta profesionalak ezagutzeko”.
Gainera, esperientzia guztiak biltzen dituen bideoa bitan banatu da, hiriak banatzeko. “Horrela, erabiltzaileak modu argiago eta errazagoan jakin ahal izango du zer egin dezakeen hiri bakoitzean” esan du María Serranok.
Azkenik, bi minutuko bideo bat egin da Irungo eta Hondarribiko 14 itsas jardueretako enpresa bakoitzarentzat, haien zerbitzuei buruzko informazioa zabaltzen laguntzeko. Halaber, enpresa guztiak agertzen diren 45 segundoko bideo orokor bat sortu da.
Bideo guztiak sare sozialen eta online sustapen kanpainen bidez zabalduko dira.
Hedabideetan presentzia
Bestetik, publizitate-kanpainak egingo dira gure sektore turistikoaren egungo xede-publikoan zein eragin handiko hedabide nagusietan. Kanpaina orokor zein espezializatuak egingo dira.
Horrela, goi denboraldia hasi aurretik, Donostia Turismoko informatzaileek eskualdea bisitatuko dute bi hiriak Gipuzkoako hiriburua bisitatzen dutenen artean ezagutarazteko. Era berean, aipatzekoa da apirilean ekoizle batek Donejakue Bidea astoan egitearen inguruko dokumental bat grabatuko duela.
Turismoko gidak
Irunen eta Hondarribian turismoari buruzko gida nagusiak berrargitaratu dira paperean. Zehazki, ostatu-gida berriaren 11.000 ale publikatu dira lau hizkuntzatan; ‘Non jan’ gida berriaren 50.000 ale, lau hizkuntzatan, eta ‘Hondarribia eta Irun turismoa’ gidaren 25.000 ale, euskaraz eta gaztelaniaz, eta beste 10.000, frantsesez eta ingelesez. Gainera, Irun eta Hondarribiko 60.000 plano eguneratu eta inprimatu dira.
Azkenik, azpimarratu beharra dago Irungo bulegoa hobetzeko toldo bat jarri dela. Horrekin batera, Irungo bideo turistiko bat egiteaz gainera, kaltetuta zeuden Irugurutzetako App-eko panelak konpondu dira.