Azken egunetan botatako euri-jasa etengabeen ondorioz, Bidasoa ibaiak gainezka egin zuen abenduaren 10ean. Uholdeen ondorioz Behobia auzoko hainbat kale urez bete ziren, Veneziako kanalak bailiran. Ura auzoko etxe, garaje eta establezimenduetan sartu zen kalteak eraginez. Bestalde, trafikoa oztopatu eta mozketak eragin zituen. Hala ere, ez da Behobia auzoa urez bete den lehen aldia izan, inguratzen duen ibaiaren ur-goraldiaren ondoren.
Abenduaren 9an hasi zen egoera zailtzen Irungo ibaian eta erreketan, ur-maila igotzen joan zein heinean. Arratsaldeko lehen orduan Larrialdi Planaren Jarraipen Mahaia bildu zen egoera aztertzeko, baina momentuz inguruan ez zen arriskurik atzematen. Ordu pare batzuk geroago, ordea, lehen errekek gainezka egin zuten eta Jaizubia auzoko hainbat puntutan lehen uholdeak gertatu ziren. Esaterako, Txingudi Ikastolako pista aintzira bihurtu zen.
Gaua iristearekin batera, egoerak okerrera egin zuen. Uholdeen Aurkako Protokoloa aktibatu eta Behobia auzoan, ibaiaren ertzeko kaleetan, uholdeen aurkako uhateak jarri ziren. Gainera, bizilagunei ibaitik hurbileko zonaldeetan eta garajeetan aparkatuak zeuden autoak kentzea eskatu zitzaien.
Uhateek beren lana egin zuten eta Bidasoa ibaiaren ur-goraldia eteten lagundu bazuten ere, ez zuten guztiz saihestu ura Behobiako lehen kaleetara iritsi zedila. Goizaldeko 04:30ak aldera Bidasoa ibaiak bere ertzak gainditu zituen, pixkanaka inguruko kaleak erreka bihurtuz. Ordutik, Udaltzainak, Babes Zibileko agenteak, suhiltzaileak, Txingudiko Zerbitzuko eta Udaleko beste alor batzuetako langileak etengabe lanean aritu ziren, uhaldiaren eta urak gainezka egitearen eraginak arindu nahian. Uhaldiak gehien kaltetutako eremuak, batik bat, Zaisa I aparkalekua, Lastaola eta María Juncal Labandibar kaleak eta Mendipe ingurua izan ziren. Ura lau etxetara ere sartu zen.
Trafikoari ere gogor eragin zion urak. Abenduaren 10eko goiz erdialdean ezinezkoa zen Behobiara Irun erdialdetik autoz sartzea, uholdea dela-eta Juan Thalamas Labandibar kalea moztu behar izan baitzen Osibiribiletik. Ibilgailuak Blaia hiribidetik eta Zaisa 3tik desbideratu ziren. Era berean, Endarlatsa ibilbideko biribilguneetara iristea ezinezko bihurtu zen, ur ugari pilatu baitzen han eta aukera bakarrak autobidetik Iparralderantz edo Donostiarantz irtetea edo Nafarroako errepidea hartzea izan ziren. AP8an Irungo mugan, Baionako norabidean, ordu batzuez trafikoa kamioientzako itxi zen.
Goizeko 10:30etan Guardia Kidegoaren eraikinean bildu zen egoeraren jarraipena egiteko osatutako mahaia. José Antonio Santano alkatearen hitzetan, “ur-maila hauek historikoak dira guztiz”. Alkateak azaldu duenez, Endarlatsan ez da inoiz erregistratu 8,34 metrotik gorako mailarik. “Protokoloak aurrera jarraitzen du, uholdeen kontrako hesiekin, eta auzotar guztiei jakinarazten diegu egoera kezkagarria dela”, adierazi du alkateak bileraren amaieran.
Behobiako auzoak ia 24 ordu behar izan zituen uhaldiaren aurreko itxura berreskuratzeko. Bidasoa ibaiaren altuera jaisten joan zen heinean, posible izan zen Maria Juncal Labandibar eta inguruko kaleetako ura ateratzea. Arratsalde horretan Bidasoa ertzeko Bidegorria garbitzeko lanekin jarraitu zen. Abenduaren 11n goizeko 11:40etan Udalak Uholde Arrisku plana desaktibatu zuen eta hiriak ohiko itxura berreskuratu zuen. Dendari eta bizilagunek, ordea, egun gehiago behar izan dituzte, urak kaltetutakoak zenbatu eta aseguruekin beharrezko guztia lotuta utzi arte.
Ruben Fraile Behobiako Merkatari Elkarteko presidentearen hitzetan, “eroritako ur guztiaren ostean horrelako zerbait gerta zitekeela aurreikusten genuen”. Aurreko egunean Udaltzainek uholde arriskua jakinarazi zietela azaldu du eta aurreikuspenak bete dira. “Ezer gutxi egiteko aukera izan dugu, ura igotzen hasten denean, begira gelditzea da aukera bakarra”, azaldu du merkatarien ordezkariak. Itsasgora goizeko 9:00etarako aurreikusita zegoen arren, 10:00etan oraindik ur mailak gora egiten jarraitzen zuen. Ruben Fraile La Cave dendako nagusia da eta zorionez ura bertaraino iritsi ez bada ere, merkatari elkarteko ordezkariak hiriko hainbat saltoki, garaje eta etxebizitza kaltetu direla gogoratu nahi izan du.
Auzotarren kezka
Behobiako bizilagun eta merkatariek tentuz begiratu zioten ibaiari egun horietan zehar, uholdeen arriskuarengatik kezkatuak.
Fructuoso Sánchez auzoko Casa Martín dendako dendaria da. Abenduaren 10eko goizeko 10:00etan bere dendako sarrerak idor jarraitzen zuen, atarian putzu txiki bat pilatzen zen bitartean. Hala ere, dendara iritsi eta egoera zein zen ikusi arte beldur handia izan dutela onartzen du. “Bidasoa ibaian egindako hobekuntzekin berriro uholderik gertatuko ez zela zirudien, baina orain dela 10 urte kalte handiak eragin zizkigun uhaldiak” adierazi du Fuctuoso Sánchezek.
Arazoak beste zenbait puntutan
Denboralearen ondoriozko arazoak izan ziren Irungo beste puntu batzuetan, botatako euri-jasak zirela eta, baina goizak aurrera egin ahala hobera egin zuen egoerak. Hiriko leku batzuetan pilatutako putzuez gain, aipatzekoak dira Ermita kaleko etxe batean ostegunean izandako arazoak, Bidaurre-Ureder industrialdean haizeak botatako zuhaitz batzuk edo Jaitzubiko errekaren goraldia. Gainera, saihesbidetik Zubimuxuko aldaparako sarbidea berriro ireki zen, ura zela eta ordu batzuez itxita egon eta gero, bai eta Olaberritik Katea auzorako errepidea ere, eroritako zuhaitza erretiratu ostean.