Bidasoa ibaiaren ertza migratzaileentzako hilerri bihurtzearen aurka agertu dira hiritarrak

Apirilaren 18an emakume batek gizon baten gorpua urkatuta aurkitu zuen Irungo Azken Portu auzoan. Ikerketaren amaitzen arabera, hildakoa jatorri eritrearrekoa da eta, printzipioz, hirian errotuta zegoela frogatzen duten egitaterik aurkitu ez denez, Irungo Harrera Sareak iragaitzazko migratzaile bat izan zitekeela ondorioztatu du. Igarobideko migratzailea dela baieztatuz gero, mugaren sarbidean hildako lehen migratzailea litzateke.

Martxoaren 6an Eusko Jaurlaritzak kontingentzia plana aktibatu zuen, Irunera egun bakar baten ehun bat migratzaile iritsi ostean. Orduan 60 pertsonarentzako edukiera duen eta iragaitzazko migratzaileak jasotzeko prestatu dagoen Hilanderas aterpetxea txiki gelditu zen eta Irungo erromesen aterpetxea eta Hondarribiko aterpetxea arreta-baliabide gisa egokitu ziren. Azken hilabeteetan Frantziako poliziak mugan kontrolak 24 orduz indartzearekin, migratzaileentzat Bidaoa ibaia zeharkatzea ia ezinezko bihurtu da eta Irunen blokeatuta gelditzen dira.

Irungo Ertzaintzaren komisaria apirilaren 18an goizeko 8:30etan emakume batek aurkatuta aurkitu zuen gizonaren heriotza ikerketaz arduratzen ari da. Gorpua Irungo Azken Portu kiroldegiaren atzeko aldean aurkitu zuen emakumeak, Bidasoa ibaiaren ertzetik hurbil. Gertatutakoa argitzeko helburuarekin, Irungo Harrera Sareak “iturri kontrastatuen bidez” jakin duenez gizona eritrear jatorrikoa da, gaztea eta ez dago Irunen erroldaturik.

Orain arte bildutako datuen arabera, IHSak adierazi duenez “jatorriagatik, gutxi gorabeherako adinagatik eta inguru honetan errotuta ez egoteagatik” hildakoa transitozko migratzailea dela uste da. Izan ere, gizonak hiriarekin errotze harremanik zuen argitzeko, Bidasoaldeko HHIn, helduen hezkuntza iraunkorreko zentroarekin loturarik ez zuela ikusi da. Era berean, erregistroetako datuek erakutsi dutenez, ez du Udalarena ez den beste harrera-baliabiderik erabili. Bizileku-agiririk ez izateaz gainera, Irungo Eritreako komunitateak ez du ezagutzen. Beraz, gauzak horrela, Irungo Harrera Sareak “transitozko migratzaile” bat denaren hipotesiarekin lanean ari da.

Erantzukizun partekatua
Gertakaria eta, oro har, migratzaileek bizi duten egoera salatzeko Irungo Harrera Sareak kontzentrazioa antolatu zuen apirilaren 22an. Arratsaldeko 18:00etan Irungo San Juan plazan egindako elkarretaratzean ustezko transitozko migratzailearen heriotza salatzeaz gainera, zirkulazio askatasuna eta Euskal Herria harrera herria dela defendatu zuten bertaratutakoek. Bertan bildutakoen artean banatutako komunikatuan irakur zitekeenez, administrazioek iragaitzazko migratzaileak modu murriztaile eta kaltegarrian hartzen dituztela salatu du sareak. Horrez gain, Harrera Sareak salatu duenez, oraindik ere betetzen ez diren guneak hutsik egon arren, gaua kalean igarotzen duten migratzaileak daudela deitoratu du.

Bestetik, Irungo Harrera Saretik Eusko Jaurlaritzari, Foru Aldundiei eta Udalari hildako pertsonarekin zer gertatu den argitzea exijitu diete, eta haren identifikazioa, familiarekin komunikazioa eta gorpuaren aberriratzea erraztea eskatuz. Hain zuzen ere, giza eskubideen eta pertsonen alde lan egitea eskatu diete, hau da, “muga arrazista” irekitzeko.

Aurretik ohartarazitako arrisku egoera
Irungo Harrera Sarearen hipotesiak egiaztatuko balira eta hildakoa transitozko migratzailea balitz, Bidasoko mugan azken urteetan lehen hildako migratzailea izango litzateke. Izan ere, Harrera Sareak gertakari honen aurretik zabaldutako beste komunikatu batean azaltzen zuenez, 60-70ko hamarkadetan Portugaletik zetozen eta muga leku beretik zeharkatzen saiatu ziren hainbat migratzaile hil ziren. Martxoaren erdialdean argitaratutako hartan Irungo Harrera Sareak migratzaileek mugen itxieraren ondorioz eskualdean bizi duten egoera salatzen zuen.

Frantziako estatuaren mugen itxieraren aurrean, migratzaile asko eta asko, etsipenak bultzatuta, Bidasoa ibaia igerian zeharkatzen saiatzen direla azaltzen zuen sareak. Egoera horrek migratzaileen bizitza arrisku larrian jartzen zuela salatu zuen IHSak, lesio eta nekea dela eta jada muga igerian gurutzatzen ahalegindu ziren migratzaileak artatuak izan direla azalduz. Zehazki, Harrera Sareak jakin duenez, martxoaren 18aren aurreko egunetan Bidasoa ibaiaren ertzean bi migratzaile gazte erreskatatuak izan ziren. Orduan Irungo Harrera Sareak erakundeei neurriak hartzea eskatu zien, “Euskal Herria hilerri bihur ez dadin bere bizitza hobetu edo salbatu nahi dutenentzat”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude