Irailaren 21ean 180 pertsonez osatutako boluntario taldea bildu zen Bidasoa ibaiaren bazterrean helburu nagusi batekin: Bidasoa ibaia kanpotik eta barrutik zaborrez garbitzea. Gorka Alcantarillak, Laida Rodriguezek eta Rober Sernak osatutako Recicla Birziklatu izeneko taldeak martxan jarri zuen egitasmoa “World Cleanup Day”-aren (Mundua Garbitzeko Egunaren) harira.
Kostaldean zein inguruko eremu naturalean etengabe pilatzen den zaborra ikusirik hiru lagunez osatutako talde honek egoera geldiarazteko zerbait egitea erabaki zuen. Lehenengo zabor-bilketa Hendaiako hondartzaren inguruan martxan jarri zuten maiatzeko hilabetean eta ordutik antzeko 8 elkarretaratze antolatu dituzte eskualdeko ibai, itsaso, mendi eta urmael inguruetan.
Recicla Birziklatu taldeak aurrera eramandako azken zabor-bilketa irailaren 21ean Bidasoa ibaiaren ertzetan gauzatutako garbiketa izan da. Rober Serna elkarteko kideak azaldu duenez, duela hilabete Endarlatsatik eta Biriatou arteko eremuan garbiketa egin genuen, beraz, azken garbiketa honen bitartez Bidasoa ibaiaren azken zatiarekin amaitu nahi genuen. “Ezinezkoa izan zaigu aurreikusita eremu guztia garbitzea Santiago Zubiaren inguruko obrak eta bidean topatutako zabor kantitate handiarengatik”, gaineratu du Sernak.
“Legeak ezberdinak dira eta zaborra era desberdinean kudeatzen da iparraldean eta hegoaldean”
Laida Rodriguez, Recicla Birziklatu elkarteko kidea
Bilketa ibaiaren bi eremuetan gauzatu zen: lurrean eta uran. Lurreko boluntarioek ibaiaren ertzeko bidea oinez edo bizikletaz egin zuten. Ibaren barnean, berriz, zaborra biltzeko kayakak eta padel surfak erreserbatzeko aukera eskaini zen. Horrela, ingurumean eragin positiboa izango duen ekintza gauzatzearekin batera, antolatzaileek boluntarioei ondo pasatzeko tartea ere eskaini nahi izan zieten. Horretarako, elkarte kolaboratzaileen languntza ezinbestekoa izan da materiala utzi eta kausan laguntzeko. Bidasoaren ertzean bildutako 180 pertsonen artean adin ezberdinetako boluntarioak lanean aritu ziren Lurraren etorkizuna zaintzeko. Gorka Alcantarillak azaldu duenez, batez ere haurrak eta jende gaztea hurbildu ziren zabor-bilketara. “60 urte inguruko eta hortik gorakoen presentzia faltan bota nuen”, adierazi du Gorkak. Hala ere, garbiketetara haur eta jende gazte hurbiltzea oso garrantzitsua da antolatzaileek azaldu dutenez, izan ere, haiek izango dira munduaren etorkizuneko zaindariak.
Bildutako zaborraren artean erabilpen bakarreko plastikozko ontzien presentzia azpimarratzekoa da ibai inguruan jasotako era honetako ondakinen kopurua handia kontutan hartuz gero. Hortaz gain, Rober Sernak azpimarratu duenez, harrituta gelditu ginen erdialdeko irlan topatutako zabor kopuru handiarekin. Izan ere, ondatutako tamaina handiko objektu ugari atera zituzten bertatik: bainera, haurrentzako aulkitxoa, gurpilak, … Robere Sernak azaldu duenez, “irletan pilatutako zaborra ez du ibaiak ekarri, gizakion arduragabekeriaren ondorioa da”. Horrela, gauzak irletara eramaten dituzten eta horietaz desegiteko ardurarik hartzen ez duten pertsonen jarrera salatu du. Larunbateko bilketan 900 zabor kildu bildu ziren, baina, irletan oraindik zabor kopuru handia gelditu zen, antzeko beste 4 bilketa egiteko adinako zakarra.
“Irletan pilatutako zaborra ez du ibaiak ekarri, gizakion arduragabekeriaren ondorioa da”
Rober Serna, Recicla Birziklatu elkarteko kidea
Bildutako zaborra Baionako Bil Ta Garbi Baionako zaborraren bilketaz arduratzen den organismoaren bitartez kudeadu zuten. Bilketaren ostean zaborra edukiontzi erraldoietan sailkatu zen ondakinen birziklapena ahal den heinean gauzatzeko, tamaina handiko objektuak Garbigunera eraman ziren bitartean. Bide honetan, hegoaldea eta iparraldean zaborraren sailkapena eta birziklapenaren inguruko legeen arteko desberdintasunarekin topatu ziren Laidak azaldu bezala, “legeak ezberdinak dira eta zaborra era desberdinean kudeatzen da iparraldean eta hegoaldean”. Izan ere, iparraldean edukiontzi gutxiago daude eta birziklatzea “errazagoa” dela iruditu dezake. Beste desberdintasun nagusietako bat hegoaldean bustitako objektuak “kutsatu” bezala identifikatzen dituzte, beraz, ez dira birziklatzen; iparraldean, ordea, bai.
Elkarte izaera
Irailaren 21eko garbiketaren arrakastaz gainera, iraila hilabete garrantzitsua izan da Recicla Birziklatu taldearentzat, izan ere, lan askoren astean elkarte izaera eskuratu dute. Izaera honek ingurumen sentsibilizaziorako elkarte bezala definintzen du Recicla Bidasoa taldea. Elkarteko kideek azaldu dutenez elkarte izaera ofiziala izatea lagungarria izango da haientzat zabor-bilketak antolatu edo erakundeetan baimenak eta laguntzak eskatu ahal izateko. Izan ere, orain arte antolatutako garbiketak Surfrider bezalako elkarteen laguntzarekin antolatu dituzte.
Zakarrak eragindako sentimenduak
Zaborraren bilketaz gainera, elkarretaratzeak bestelako sentsazio postiboak utzi zituen, guztiak jendearen inplikazioaren erakusle. Inplikazioa sentimenduekin nahasten da kasu askotan, adibidez, Roberren lankidea bere haurrarekin hurbildu zen garbiketara eta haurrak negarrez amaitu zuen naturan eta animalien inguruan pilatutako zabor kantitate handia ikusita. Gorka Alcantarillak azaldu duenez, “sentimenduak negar eta irrifarre artean nahasten dira honelako garbiketen ostean”.
“Sentimenduak negar eta irrifarre artean nahasten dira honelako garbiketen ostean”
Gorka Alcantarilla, Recicla Birziklatu elkarteko kidea
Sare sozialen indarra
Denborak argi eta garbi erakutsi du gaur egun sare sozialak gizarte mugimenduak sortu eta mezuak zabaltzeko komunikabide boteretsuenetako bat direla. Ideia horri jarraituz, Recicla Birziklatu taldea sare sozialez baliatzen da elkartearen jarduerarekin loturiko informazioa ezagutzera emateko. Instagram sare sozialean @recicla_birziklatu kontuan elkartearen jarduerarekin loturiko informazio nagusia zabaltzen dute, inguru naturalean zaborra botatzeak sortzen dituen ondorio kaltegarriak ikustarazteaz gainera. Rober Serna da kontu honen arduradun nagusia eta 300 jarraitzaile eskasekin abiatu zen kontuak egun 800 jarraitzaile baino gehiago dauzka.
Laida Rodriguezezk, aldiz, @laida_3r kontu pertsonalaren bitartez bizi-estilo alternatiboa bilatzen duten horientzako ideia eta proposamen interesgarriak egiten ditu, beti ere, gaztelerazko 3R-en legea jarraituz: murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea (reducir, reutilizar y reciclar). Izan ere, zabor bilketak antolatzeaz gainera, ohituren aldaketan dago gakoa eta, horregatik, gauzak egiteko modu alternatiboak erakustea garrantzitsua izan daiteke.
Hurrengo proiektuak
Bidasoa ibaiaren garbiketarekin amaitzeaz haratago, Recicla Bidasoa elkarteak milaka proiektu pentsaturik dauzka horiek garatzeko aukera iristeko esperoan. Proiektu berriak pentsatzerako orduan jendearen inplikazioa asko eskertzen dute elkarteko kideek, izan ere, antolatutako garbiketetara hurbiltzen diren boluntarioek elkarretaratze berriak antolatzeko tokiak proposatzen dizkiete. Gorka Alcantarillak azaldu duenez, garbiketak behar dituzten toki asko daude inguruan eta edonork bere auzoa edo inguruko eremuak garbi ikusi nahi ditu.
Hurrengo zabor-bilketa urriaren 13an egingo da Plaiaundiko Urmaelen inguruan. Ez da eremu horretan antolatzen den lehen garbiketa, baina, itsas-beheraren ordutegiarekin bat eginez antolatu da, honela, inguruan pilatutako zaborra identifikatzea eta biltzea errazagoa izango delakoan. Gainera, Recicle Birziklatuk elkarte izaera ofiziala estreinatuko du bilketa honen antolatzaile bezala, nahiz eta Bask Brand elkartearerekin lankidetzan antolatutako elkarretaratzea izango den.
Hortik aurrera, elkarte izaera baliatuz Recicla Birziklatu elkarteko kideek proiektuak garatzen jarraitzeko asmoa dute. Horretarako, ordea, bi gauza izango dira ezinbesteko: erakundeen eta norbanakoen inplikazioa.