Bidasoa Lanbide Heziketa ikastetxeak mugikortasun jasangarria bultzatzeko urrats berriak eman ditu

Apirilaren 27an Bidasoa Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuak elektrolantegia inauguratu zen. Ekitaldian mugikortasun iraunkorrarekin loturiko 4 ekintza aurkeztu dira, irakasle, ikasle, enpresa eta zentro teknologikoen laguntzarekin aurrera atera direnak. Beste behin, ekintza horiek ikastetxeak jasangarritasuna eta ingurumena zainmugiktzearen aldeko apustu estrategikoaren adibide dira.

Gaur egungo osasun-egoera dela-eta, inaugurazio ekitaldia publikorik gabe eta indarrean dauden murrizketa guztiak betez egin zen. Ekitaldian erakunde publikoetako agintariek eta proiektuak aurrera atera ahal izateko ekarpenak egin dituzten enpresa laguntzaileetako ordezkariek parte hartu zuten. Besteak beste, Iker Estensoro Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko zuzendaria, Nicolás Sagarzazu Eusko Jaurlaritzako Plangintza eta Antolaketako zuzendaria, José Antonio Santano Irungo alkatea eta Borja Olazabal Garapen Iraunkorreko eta Mugikortasuneko ordezkaria bertan izan ziren. Gainera, Ignacio Eguren (Lortek), Alvaro Castro (Elektra) eta Nacho Ruíz (Circutor) enpresa-ordezkariek ere inaugurazio ekitaldian parte hartu zuten.

Guztira, 4 izan ziren apirilaren amaieran Bidasoa Lanbide Heziketa ikastetxeak aurkeztutako proiektuak. Batetik, “Izar” izeneko proiektua aurkeztu zen, formazio ikastetxeko patioan kokaturik aldi berean bi ibilgailu kargatzeko aukera eskaintzen duena. Karga bikoitzeko puntua panel fotovoltaikoak dituen markesina batez estalita dago, ibilgailu elektronikoen karga eraginkorragoa ahalbidetzen duena. Ibilgailu elektrikoen kargarako gunea auzoko bizilagunentzat arratsaldez doan erabilgarri dago. Proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren “Smart Mobility 2019” laguntza-programaren barneko diru-laguntza jaso du, Elektra eta Circutor enpresen eta ekimena koordinatzeaz arduratzen den Lortek zentro teknologikoaren parte hartzeaz gainera.

Era berean, ibilgailu elektrikoak kargatzeko hainbat konektore dituen panel didaktikoa aurkeztu zen. Eusko Jaurlaritzak babestutako ekimenaren barruan, ikasleak ekintzailetzara animatzeaz gainera, panel didaktiko bat sortu da, ibilgailu elektrikoek erabiltzen dituzten konektore eredu ohikoenekin. Horrela, panelaren bitartez ikasleak eta teknikari instalatzaileak arlo horretan trebatzea lortu nahi da. Bestetik, ekitaldian zehar ikasle eta irakasleen eskariari erantzunez ikastetxean patioan instalatutako patinete elektrikoentzako aparkalekuaz hitz egin zen. Alberto Arranz zuzendariak azaldu zuenez, “hirietan patinete elektrikoekin bizi gara eta zentroan patineteentzako aparkalekua sortzeko eskariak entzuten hasiak ginen”.

Bestetik, ekitaldian ikastetxearen eguzki-instalazio fotovoltaikoek sortutako energia monitorizatzen duen sistema aurkeztu zen, bai eta ibilgailuak kargatzeko erabiltzen den energia elektrikoa bistaratzea eta kudeatzea ahalbidetzen duten sistemekin batera. Azkenik, prestakuntza-zentroak instalazioak bereizitako energia-kontsumoen monitorizazio-sistema aurkeztu zen. Sistema horrek, ezartzen ari diren sistema domotikoekin batera, gero eta prestakuntza eraginkorragoa ematen du, formazio garrantzitsua eskainiz.

Instituzioen babesarekin
José Antonio Santano alkateak Alberto Arranz zuzendariari eta, oro har, Bidasoa institutua osatzen duten irakasle eta ikasleei eskerrak eman zizkien bere ekimen eta berrikuntzengatik. Alkateak adierazi duenez, “azkenaldian hainbeste esaten den esaldi hori errepika genezake gaur: etorkizuna jasangarria izango da edo ez da izango”. Horrela, Irungo alkateak gogoratu zuen Bidasoa institutuak etorkizunaren aldeko apustua eginez, iraunkortasunaren aldeko apustua egiten duela. “Etorkizuneko erronkei aurrea hartzeko, paradigma eta pen- tsamoldea aldatzea beharrezkoa izango da”, gaineratu zuen José Antonio Santanok, hiriaren etorkizun jasangarrian pentsatuz udalak hartu dituen azken neurriak gogoratzeaz gainera.

Iker Estensoro Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko zuzendariak adierazi zuenez “etorkizuneko ekonomia ibilgailu elektrikoen bidetik joango da”. José Antonio Santanoren hitzekin bat etorri zen, etorkizuna guztiz desberdina izango dela aurreratu eta etorkizun berri hori uste baino lehenago iritsi daitekeela ohartarazteko. Erronkei aukera gisa aurre egin behar zaiela azpimarratu zuen Estensorok.

Nicolas Sagarzazu Eusko Jaurlaritzako Plangintza eta Antolaketako zuzendariaren esanetan, “pandemiaren hasieraren aurretik laugarren industria iraultza biziko genuela entzuten hasi ginen, baina iraultza horrek, industriaz gainera, beste hainbat arlotan eragina izango du”. Zentzu horretan, Sagarzazuren hitzetan, instituzioen ardura gizartea etorkizunean gertatuko diren aldaketetarako prestatzea beharrezkoa da.

Bidasoa Lanbide Heziketako ikastetxean garatutako proiektuak aurrera eramaten lagundu duten enpresa eta formazio zentroetako ordezkariek ere inaugurazio ekitaldian parte hartu zuten. Lortek enpresako Ignacio Egurenek adierazi duenez, “gure filosofia ezagutza enpresei transferitzea da”. Era berean Lortek enpresako ordezkariak esperientzia positiboa izan dela onartu du eta proiektuak izandako emaitzekin pozik agertu da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude