Bidasoa Lanbide Heziketako ikastetxeak Ikasle Ohien Elkartea aurkeztu du

Joan den apirilaren 25ean, Bidasoa Lanbide Heziketako ikastetxeko Ikasle Ohien Elkartearen aurkezpen ofiziala egin zen, 2019ko abenduan eratua. 400 pertsona inguru bildu ziren Ficobako Auditoriumean, 18:00etan, eta bertan izan ziren hiriko alkate José Antonio Santano, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Plangintza eta Antolamenduko zuzendari Nikolas Sagarzazu eta Mikel Sarriegi, ADEGIren (Gipuzkoako Enpresen Elkartea) ordezkari gisa.

Ekitaldiaren aurkezpena

Alberto Arranz ikastetxeko zuzendariak ekitaldia aurkeztu zuen. Bertan, Mañel Amantegiren zuzendaritzapean, ikastetxeko 12 ikasle ohik osatutako abesbatzaren musika-emanaldiaren ondoren, José Ignacio Iruretagoyena ikastetxeko zuzendari ohi eta Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko egungo presidenteak hartu zuen hitza, eta Elkartearen zergatia eta etorkizuneko helburuak azaldu zituen.

Ikastetxea gaur egun

Ondoren, Alberto Arranzek berak Lanbide Heziketako ikastetxe honek gaur egun eskaintzen duenaren berri eman zuen. Ia 70 urteko historia du, eta erreferentzia izaten jarraitzen du eskualdean, prestakuntza-eskaintza berrituagatik, instalazioengatik eta ekipamenduengatik, maila teknologiko handiagatik eta prestakuntza-prozesu eta metodologietan dagoen berrikuntza-kulturagatik.

Elkartearen webgunea

Elkartearen webgunearen aurkezpena ikastetxeko idazkari Fernando Delgadok egin zuen, eta webgunearen atalak azaldu zituen. Elkartekide guztien arteko komunikazioa erraztera bideratutako Foro irekiaz gain, Artxibo Historikoaren atalak erakutsi zituen, Fototeka, Bideoteka eta Hemerotekaz osatuak, argazki, bideo, prentsa artikulu eta abarren gordailu oso batekin, ikastetxetik igaro diren milaka ikasle eta irakasleei ikusarazi eta protagonismoa eman nahi diena. Atal honetako azken blokean, Aparteko ibilbideak izenekoan, gainbegirada labur bat egin zuen aintzatetsi nahi zen pertsona bakoitzaren bizitza profesionalean zehar; izan ere, beren jarduera nabarmenduta, balioan jarri dituzte ikastetxea, hiria eta Lanbide-Heziketa, eta jarraitu beharreko eredu bait dira.

Aintzatespenak eta ekitaldiaren amaiera

Esker on hori ikastetxeko zuzendariak pertsona horietako bakoitzari aintzatespen plaka bat ematean gauzatu zen, bertaratutako guztien txalo zaparrada sentituaren artean.

Beteranoen abesbatzaren beste emanaldi arrakastatsu baten ondoren, Iñigo Lavadoren jatetxeak zerbitzatutako lunch txiki batez gozatu zen eta, aldi berean, kontakturik gabe urteak zeramatzaten ikaskideen artean aukera paregabea solasaldi lasaia izateko aukera ere izan zen.

Laburbilduz, emozioz beteriko jardunaldi atsegina izan zen, Elkarte honi bultzada eman nahi ziona, ikastetxean igaro diren eta igaroko diren ikasleen belaunaldien topaketa dinamizatzaile eta bideratzaile gisa.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude