Bidasoa Ospitaleko langileak lehen lerroan Koronabirusaren kontrako borrokan

Bidasoako Ospitaleko laugarren unitatea normalean barne-medikuntzako ospitaleratuak artatzen dituen unitatea da. Covid-19a Bidasoako eskualdera iritsi zenean, ordea, unitatea goitik behera berrantolatu eta paziente mota berri hauek artatzeko prestatu behar izan zen. Ordutik osasun krisialdiaren lehen lerroan lan egin dute Maria Luisa de Alba unitateko ikuskatzaileak azaldu duenez.

Nola erabaki zen Covid-19a duten pazienteak Bidasoa Ospitaleko 4. unitatean artatu behar zirela?
Ospitaleko zuzendaritza arduratzen da ospitaleko antolakuntzarekin lotutako erabakiak hartzeaz eta, behin egoera aztertuta, hartutako erabakia jakinarazten zaigu. Zehazki, Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritzak erabakitzen du nola antolatuko diren ospitalea osatzen duten unitate ezberdinak horrelako egoera bati aurre egiteko. Gure unitatean normalean barne-medikuntzako pazienteak jasotzen ditugu eta barne-medikuntzako medikuek Covid-19a daukaten pazienteak artatzeaz arduratzen direnez, Bidasoa Ospitaleko 4. unitatean Covid-19aren kasu positiboak eta arrisku altuko pazienteak jasotzea erabaki zen.

Nola egokitu zen unitatea paziente mota berri hauek jasotzeko?
Gurutze forma duen unitatea denez, lehen pausua unitatearen barnean gune ezberdinak bereiztea izan zen. Horrela, lehen gunea Covid-19ko kasu positiboentzat erreserbatu zen, gainontzeko pazienteetatik aldentzeko. Gainera, unitatearen barnean zenbait mediku bulego daude, beraz, bulego hauek lekuz alda- tzea beharrezkoa izan da.

Osasun krisialdiari erantzuteko unitateko langile kopurua handitu da?
Bai, Covid-19an positiboak diren pazienteak artatzeko erizain bat eta erizaintzako laguntzaile batek osatutako binomioa beharrezkoa da, kutsatutako gunean lan egingo dutenak eta eremu garbira atera ezingo direnak. Horrela, unitatea behar bezala antolatzeko langile gehiago behar dira, gune garbi eta gune kutsatuan lan egingo duten langileez gainera. Beraz, osasun krisialdiari aurre egiteko langile kopurua hirukoiztu da, hau da, 16 langile izatetik 45 langile izatera iritsi gara, indartutako mediku kopurua kontutan hartu gabe.

“Osasun krisialdiari aurre egiteko langile kopurua hirukoiztu da”

Krisialdia hasi zenetik material urritasunik izan duzue uneren batean?
Ez, uneoro materiala eskura izan dugu, nahiz eta asteek aurrera egin ahala material mota ezberdinetara egokitu behar izan garen. Era honetan, material eta ezaugarri ezberdinetako maskara eta mantalak erabili dira eta, kasu batzuetan, beso-erdi bezalako material osagarriekin indartu behar izan ditugu langileen segurtasuna bermatzeko. Batzuetan material berrien babes gaitasunak zalantzak eragin dizkigun arren, materialen kudeaketaz arduratu den batzordeari esker ez dugu material faltarik izan.

Erraza izan da langileentzat material berri horietara egokitzea?
Bai,langileak oso babestuak daude, betaurreko integralak, pantailak, maskarak eta mantalekin lan egiten dutelako, beste gauza batzuen artean. Profesionalak, ordea, ez daude ordu luzez hainbeste material soinean dutela lan egitera ohiturik eta pazienteekin harreman hurbilagoa mantentzea ekiditen du aurpegia ikusten ez dizutelako. Gainera, tenperaturak gora egin ahala, ordu askoren ostean langileak izerditu eta betaurreko graduatuak behar dituzten langileen kasuan ikusmena murriztea normala da.

Azken hilabeteetan zehar, zein izan da lan karga handieneko momentua?
Unitatean jasotako paziente kopurua Espainiako estatuan Covid-19arekin kutsatutako pertsonen kopurua adierazten duen kurbaren erritmo berean mugitu da. Horrela, martxoko azken astean eta apirileko lehenengo egunetan jaso genuen gaixo kopuru handiena, estatuan kutsaduren kopurua adierazten duen kurbak goia jotzearekin batera. Aste Santuan, berriz, kasu positiboek behera egin zuten.

Zein izan da aldi berean unitatean artatutako kasu positiboen kopuru altuena?
Gutxi gorabehera, unitatean aldi berean Covid-19az kutsatutako 30 paziente artatzera iritsi gara lan karga gehieneko unean. Hala ere, kontutan hartzekoa da guk testetan egiaztatutako kasu positiboez gainera, arrisku altuko pazienteak ere kasu positibo kontsideratzen ditugula, testek egiaztatu ez arren, plakek bestelako informazioa ematen dutelako.

Krisialdian zehar segurtasun neurriak areagotu dira?
Bai, Giza Baliabideen Zuzendaritzatik unitateko langileekin harremanetan jarri ziren eta lanerako arriskuen prebentziorako teknikari, lan-osasun eta prebentzio-medikuntza arloen arteko elkarlanari esker egoerari nola aurre egin behar genion ikasteko formazioa jaso zuten. Oso formazio baliagarria izan da material berriak nola erabili behar diren ikasi eta pazienteekin nola lan egin behar den ikasteko. Egoera berri eta ezezaguna zenez, hasieran tentsio handiarekin lan egiten genuen, gure burua ondo babestu eta kutsaketa berriak gertatzea ekidin nahi genuelako.

Unitatean lanean ibili diren langile guztiei Covid-19aren testak egin zaizkie?
Bai. Sintomaren bat erakutsi duten langileak, lan-osasun arloarekin harremanetan jarri dira kasuan jarraipena egiteko. Lehen sintomak agertu bezain laster langile horiek lan egiteari utzi eta lagin bat hartzeko hitzordua ematen zitzaien. Ostean, gainontzeko langile guztiei “frotis” izenez ezagutzen den PCR proba eta odol-analitika bat egin digute, kutsatuak izan garen edo ez jakiteko.

Langileek nolabaiteko babes psikologikorik jaso dute egoera kudeatzen ikasteko?
Nire kezka nagusietako bat langileek egoera berri honen aurrean beharrezko babes psikologikoa jaso behar zutela ziurtatzea izan da. Langileak kutsatzea ekiditeaz gainera, zalantza, beldur eta tentsioz betetako egoera zenez, langileak psikologikoki babesteari garrantzi handia eman diot. Hasieran batez ere, Koronabirusari aurre egiteko prestatutako protokoloak egun batetik bestera asko aldatzen ziren eta ahal bezain azkar lan egiteko modu berrietara egokitzeko beharrak presio handia eragin dezake langileengan. Lan karga handia izan dugun momentuetan langileak lur jota iristen ziren lanaldien amaierara eta hori onartezina zen. Horrela, Erizaintza Elkargoko psikologo kliniko baten babesa jaso dute langileek, Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareak paziente zein profesionalentzako eskainitako babesaz gainera.

“Langileak psikologikoki babesteari garrantzi handia eman diot”

Nolako egoeran aurkitzen da orain Bidasoa Ospitaleko 4. unitateta. Lan kargak behera egin du?
Bai, Covid-19 kasuek behera egin dutela nabaritu dugu eta, hortaz gain, hasierako urduritasunak eta ezjakintasun egoera kontrolatuago dago orain. Uneoro unitatean jasotako paziente kopurua behar bezala artatzeko langile kopuru nahikoa izan dugu eta horrek lasaiago lan egiteko aukera eman digu.

Egoera lasaitu arren, etorkizunean gerta litekeen gorakada berri baterako antolatzen hasi zarete?
Oraindik ez da erabakirik hartu udako hilabeteetara begira antolaketa berdinarekin jarraituko dugun edo ez adosteko. Gaur egun 4. unitatea Covid-19az kutsatutako pazienteen ospitaleratze berriak jasotzeko prest jarraitzen du eta berragertzeren bat gertatuko balitz, egoerari aurre egiteko prest egongo ginateke.

Unitateko arduradun gisa, zure lana handitu eta estresagarriago bihurtu da azken asteetan zehar?
Bai, estres maila handia suposatzen du honelako egoera baten aurrean arduraduna izateak. Izan ere, krisialdiaren hasieran lan egiteko modua goitik-behera aldatu behar izan genuen oso denbora gutxian eta langileak lur jota ikustea oso gogorra izan da niretzat. Ordu asko sartu nituen lehen asteetan zehar eta kezkek estres asko eragin didate langileak ondo babestu eta material faltarik izango ez genuela ziurtatu ahal izateko. Ahal bezain beste inplikatu naiz bai fisikoki zein emozionalki langileak babesteko. Langileez gainera, ospitaleratutako pazienteak bakarrik eta senideen konpainiarik gabe ikustea oso gogorra da. Profesionalak izateaz gainera, gizakiak gara eta sentimenduak dauzkagu, beraz, alde emozionala guztiz baztertzea ezinezkoa zaigu.

“Zailtasun guztien gainetik, guztion artean lana aurrera ateratzeko gai izan garela erakutsi dugu”

Zein izan da lantaldearen erantzuna aurrekaririk gabeko egoera honen aurrean?
Aste eta hilabete honetan zehar gurekin lan egin duten profesional guztiei haien inplikazioa eta erakutsitako jarrera eskertu behar diet. Zorionez langile gutxi kutsatu dira eta, beraz, behar bezala babestuta egon garela erakusten digu horrek. Langileek konpromiso handia erakutsi dute eta elkartasun handiz lan egin dute. Gainera, langile kopurua handitu ahal izateko, jende berri asko hasi da gurekin lanera eta lantaldera oso ondo egokitu direla esan behar dut. Unitatean ospitaleratutako pazienteen senideek haien esker ona adierazi digute eta asko eskertzen da. Azkenean, azken astea hauetan zehar zailtasun guztien gainetik, guztion artean lana aurrera ateratzeko gai izan garela erakutsi dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude