Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak urteroko Kontseilu Orokorra antolatu zuen otsailaren 6an. Aurtengo hitzordua Irungo Udaletxean izan da. Ekitaldi horretan partzuergoaren lehendakaritzari agur esan dio Irungo Udalak, lehendakaritza berria Hendaiako Udalaren eskuetan uzteko.
Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak 20 urte bete zituen 2018 urtean. Urteurren berezia ospatu ostean, proiektu eta helburu ezberdinekin lanean jarraitzen du partzuergoak. Izan ere, bi azken hamarkada horietan zehar aurrerapauso nabarmenak eman dira mugikortasun, turismo, kirol eta kultura arlotan, besteak beste.
Otsailaren 6ko ekitaldian hainbat gauza egin ziren. Batetik, Partzuergoa eta Bidasoa bizirik elkartearen arteko gestio-hitzarmenaren luzapen ebazpena berretsi da, 2019 urterako aurrekontu orokorren proiektua baliozkotu eta Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeak aurrera eramandako ekintzen berri eman da. Hortaz gain, presidentzia Irungo Udalaren esku egotetik Hendaiako Udalaren esku egotera pasa da eta, honela, Kontseilu Orokorreko kargua izendatu dira.
Ekitaldian Jose Antonio Santano Irungo alkatea, Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkatea eta Kotte Ecenarro Hendaiako alkateak hitza hartu zuten. Gainera, bideo baten bitartez partzuergoak 20 urteetan zehar antolaturiko ekintza nagusiak errepasatu ziren, Bi aldetakoak taldearen kontzertuaz eta lunch txiki batez gozatzeko aukera izan zuten ekitaldian parte hartu zuten Irun, Hondarribia eta Hendaiako agente sozial ezberdinek.
20 urteetako lana
Partzuergoa sortu zenetik, 1998 eta 2008 arteko hamarkadan kirol, turismo eta kultura alorretan lankidetza harremanak finkatu ziren eskualdea osatzen duten hiru hirien artean. 2008 urtetik aurrera, berriz martxan jarritako ekintzak finkatzeaz gain, Abenida zubian kokatutako Bidasoako Interpretazio Gunearen sorrerarekin nazioarteko mugikortasunerako lankidetza eremuan aurrerapauso handiak eman dira.
20 urte horietako balantzea eginez gero, informazioa eta promozio turistikoan emandako aurrerapausoak nabarmentzen dira, Bidasoa pass, 2.0 webgunea eta web mobile bezalako sustapenerako erreminten garapenari esker. Kultura eta hizkuntza-aniztasuna sustatzeko, berriz, Bertso eskola, Bidasoa Folk jaialdia eta Badiako bidea izeneko egitasmoaren bitartez hiru hirietako ondare historiko, kultural eta naturalaren balioa ezagutzera eman da.
Gainera, gazteen artean batez ere, mugaz gaindiko kirola sustatzeko lan handia egin da Kirolaren Jaia, kirol kluben arteko kolaborazioa eta mugaz gaindiko futbol taldearen bitartez.
Etorkizunerako zereginak
Egun, badira oraindik ere burutzen diren ekintzak, eta, etorkizunari begira, lankidetza alor ezberdinen inguruan hausnartuko da, hala nola, duela gutxi martxan jarritako mugaz gaindiko autobus zerbitzua ematen duten lineen arteko lotura sendotu edo Smartmob proiektuaren bidez mugaz gaindiko mugikortasun bizkor eta jasangarriaren sustapena ahalbidetzeko.