Irun, Hondarribia eta Hendaiako Udalek, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bitartez, hainbat ekimen garatu dituzte SMARTMOB proiektu komunaren esparruan, mugaz gaindiko mugikortasunak dituen erronkei aurre egiteko helburuarekin.
Miguel Angel Paez Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeko presidenteak eta Irungo Udaleko alkateordeak adierazi du, “SMARTMOBren helburu nagusia Bidasoa Sud Pays Basque mugaz gaindiko lurraldean pertsonen mugikortasun iraunkorra eta adimenduna sustatzea da”.
Transfermuga aztelanaren bitartez frogatu zen Hendaia, Irun eta Hondarribia arteko joan-etorrien % 90 kotxez egiten direla eta biztanleriak ez duela mugaz gaindiko mugikortasun eskaintzari buruzko ezagutza gehiegirik.
Testuinguru horretan, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak ekimen honen sustatzailea, Syndicat des Mobilités Pays Basque – Adour, Hendaiako Udala eta Irungo Udalarekin batera; eta Akitania Berria – Euskadi – Nafarroa euroeskualdea, Hondarribiko Udala eta Donibane Lohizuneko Udala ekimenari lotutako erakunde gisa, elkarrekin lan egin dute hainbat ekintza egiteko. Horien artean, lurraldeko garraio-sareen mapa komun bat sortu dute, mugaz gaindiko mugikortasun webgune berri batean integratzeko.
Webgune honek lurraldearen mapa erakusten du eta klik batez Donibane Lohizunerainoko garraio lineen eskemara jo daiteke eta informazioa zabaldu 8 atal hauen bidez: Garraio publikoa, aparkalekuak, bidegorriak eta oinezkoentzako bideak, eskaripeko garraioak, intereseko lekuak, dokumentuak, Smartmob eta ibilbidea kalkulatzeko aukera. Gainera, komunikazio kanpaina bat egingo da hiru lurraldeetan maiatzetik aurrera. Besteak beste, sare sozialetan eta webguneetan zabaltzea, hiru hirietako markesinetan eta hainbat interesgunetan kartelak jartzea.
Mugaz gaindiko mugikortasun mapa
Mugikortasun-mapa honek lehen bertsio berezia izan zuen 2019ko udaran. Bertan, udalerri bakoitzean zein udalerrien artean oinez, bizikletaz eta garraio arruntean mugitzeko dauden aukerei buruzko informazioa ematen die herritarrei eta turistei. Berriki eguneratutako planoaren alde batean, hiru hizkuntza ofizialetan, Irun, Hondarribia eta Hendaia zeharkatzen eta lotzen dituen garraio-sarearen eskema bat agertzen da, baita Donibane Lohizunera eta Donostiara doazen lineak ere. Planoaren beste aldean, Irun, Hondarribia eta Hendaiako udalerrien arteko perimetroa jasotzen duen kale-mapa bat dago, eta, Urrugne eta Biratou udalerrien zati bat ere agertzen da Behobiarekin duten loturan.
Egungo errealitatera egokitzeko eta herritarrentzako informazioaren digitalizazioa sustatzeko, dokumentu hau mugaz gaindiko mugikortasunaren webgune berrian txertatu da, irudi nagusi gisa eta deskargatzeko dokumentu gisa.