Bidasoa Zurekin komunitate errukitsuak eskualdeko ongizatea du helburu

Bidasoa Zurekin elkartea 2020an sortu zen Bidasoko ESIan Komunitate Errukitsuen egitasmoan parte hartu ahal izateko. Hasiera batean proiektuaren helburua izan zen eskualdean zainketa aringarriak behar dituzten pertsonak identifikatzea. Montse Pérez García, Amaia Mendizabal Olaizola eta Idoia Lizaso Vaquerok proiektuaren funtsa azaldu dute.

Era honetako proiektuak “bottom up” bezala ezagutzen dia, Osakidetzako langileen egitasmotik sortzen baitira eta denboran irauteko edo sareko gainontzeko entitateetara zabaltzeko asmoa dute. “Bottom up” horren bitartez jaio zen Bidasoa Zurekin eta elkarte forma eman genion. Montse Pérez Garcíak azaldu duenez, “hasiera batean zainketa aringarrietan eskualdeak zeuzkan baliabideak aztertu ziren, era berean, arloko gabeziak identifikatzeko”. Azken bi urteetan saretze lan hori egin da, gizartea gaixotasun kronikoekikoen aurrean zainketa aringarrien garrantziaz jabetzeko. Montsek gaineratu duenez, “azken urteetan ikusi da osasun sistema publikoan profesionalak ez garela behar hauek dituzten pazienteen arretaren %5a baino gehiago estaltzera iristen”. Beraz, gizarte mailako lanketa eskatzen du horrek, baina ez edonola eginda.

Beraz, esan daiteke Bidasoa Zurekin gabezia orokortu batetik sortzen dela, bai pazienteari zein beraien senideei lagundu ahal izateko. Horregatik, proiektua abiatu ahal izateko, aurretik kontzientziazio eta sentsibilizazio lana egin behar izan dute. Hala, “Death Cafe” bezala ezagutzen diren ekintzak oso baliagarriak dira. Hondarribian Nerea Amunarriz eta Irunen Montse bera arduratzen dira hitzordu horien antolaketaz. Saio horietan 10 edo 15 pertsona inguru biltzen dira heriotzaz hitz egiteko. Berez ez dira doluarentzako edo terapiarentzako espazio batzuk, elkarrekin egoteko espazioak baizik. Hilabetean behin egiten dira saioak, Hondarribian Route 32 tabernan eta Irunen Kabigorri ateneoan. Aurrerantzean eskualdean “Death Cafe” bilerak egin ahal izateko leku berriak lortu nahi dira, jarduera auzo gehiagotara zabaldu eta jendeari gehiago hurbiltzeko. Bilera horiez gain, ikastetxeetan hitzaldiak antolatu ditu elkarteak haurrei eta nerabeei heriotzaz nola hitz egin behar zaien lantzeko. Gainera, CBA liburutegian heriotzarekin loturiko liburuen errepasoa egin da eta eskaintza handitu da. Era berean, Palmera Monteron 7 sentsibilizazio hitzaldi eskaini dira azken urtean zehar. Montse Pérez Garcíak azaldu duenez, kontzientziazio lanarekin jarraitzea da asmoa. Horrela, lehen “botton up”-a orain amaituko dute, bi urteko iraupena baitzuen, eta egindako lanaren memoria aurkeztu behar dute.

Gainera, berriki ikuskatzaile medikuarekin akordio bat lortu dute aurretiazko borondateak egin nahi dituzten horientzat prozesua bizkortzeko. Borondateak idatzita uzteko ikuskatzailearekin bi bilera egin behar ziren orain arte, lehena informatiboa eta bigarrena borondateak idatzita uzteko. Egitasmo honi esker lehen bilera taldekakoa izatea lortu da eta horrela gestioak arinago egin daitezke, baina, beti ere, borondateak idazterakoan intimitateari eutsiz.

Esku-hartze komunitarioaren azterketa
Orain esku-hartze komunitarioaren azterketa egiteko proiektu berria hasiko dute eta Idoia Lizaso Vaquero izango da etxez etxeko lana egiteaz arduratuko den erizaina. Erizain arduradunaren hitzetan, metodologia zehatz bat erabiliko da behaketa hori egiteko, “denak zurekin” ideian oinarritua. Lehenengo programan parte hartu dezaketen pazienteak bilatzen dira zerbitzu ezberdinetatik, gerora horien ezaugarrien arabera sailkatu eta balorazioak egiten hasteko. Lizaso erizainak azaldu duenez “pazienteak inguruan duen zainketa sarea ikertzen da, gabeziarik balego, horiek lantzeko”. Azkenik, behaketaren bidez benetan pazientearen zainketa hobetzea lortu ote den aztertuko litzateke. Mundu mailan era askotako komunitate errukitsuak daude. Euskadi mailan Euskadiko Komunitate Errukitsuen Sareak (EKES) biltzen ditu lurralde mailako komunitate guztiak eta Bidasoa Zurekin sare horren barnean dago. Gipuzkoan 6 dira komunitate errukitsuak, Bizkaian 3 eta Araban 1. Abenduan EKESko jardunaldiak antolatzen dira Araban. 10 komunitate horietako bik “denak zurekin” metodologia erabiltzen dute, “New Health” fundazioak bultzatua, oso zehatza eta aproposa iruditzen baitzaie.

Zainketa aringarriak
Zainketen esparrua hobetzen jarraitu ahal izateko horien garrantziaz jabetzea funtsezkoa da. “Oraindik gizartean jende askok zainketa aringarriak heriotza hurbilarekin lotzen ditu”, azaldu du etxeko ospitalizazio zerbitzuan lan egiten duen Montse medikuak. “Haurren kasuan, garun paralisia duten guztiek zainketa aringarrien premiarekin identifikatuta egon beharko lukete”, gaineratu du medikuak. Horrela, zainketa aringarriak sendaketa ezinezkoa denean erabiltzen dira eta osasun arloko langileek eta, oro har, gizarteak barneratu beharreko kontzeptua da. Amaia Mendizabalek, proiektuaren alderdi administratiboaz arduratzen denak, baieztatu du zainketa aringarriak behar dituzten pazienteak oso berandu identifikatzen direla. “Behin beharrak behar bezala identifikatuta gauza asko egin daitezke, baina helburua zein den argi egon behar du”, gehitu du Mendizabalek.

Egun populazioaren % 1ak zainketa aringarriak behar dituela uste da. Bidasoa eskualdea 80.000 biztanlez osatuta dago eta aurretik azaldutako hipotesiaren arabera 800 biztanlek zainketa aringarrien beharra izango lukete. Hala ere, egun Bidasoan 200 pertsona baino gutxiago identifikatuak dituzte behar horiekin, beraz, lan asko egiteko dago oraindik.

Etorkizunerako proiektua
Bidasoa Zurekinek eskualdeko ongizatearen alde jarraituko du lanean. Zainketa aringarrien beharraz ohartarazteaz eta identifikatzeaz gain, beharrezko baliabideak eskatu ahal izateko informazio bilduko du. Gainera, elkartera batu nahi duen edonork horretarako aukera izango du bidasoazurekin@gmail.com helbidera idatzi edo sare sozialetan elkarteak dauzkan profilen bitartez harremanetan jarriz. Horrela, posible izango da gaixotasun kroniko aurreratua duten edo hiltzeko prozesuan dauden herritarren beharrei erantzuten saiatzea. Azken batean, ezinbestekoa izango da horretarako prestatutako komunitatea eta kontzientzia sortzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude