Bidasoako emakumeen bizipenak

G29067: Gerra Zibileko errefuxiatuak Hendaiako tren geltokian 1936. urtean.

Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak joan den urtean zehar burututako “Izan zirenak eta izango direnak gogoan” proiektuaren emaitzak zabaltzeari ekin dio. Proiektuak Emakume bidasotarrek altxamenduaren aurretik eta ostean izandako rola aztertzea du helburu. Orain, ikerketa-lanaren ostean bildutako kasuak zabaltzeari ekingo diote, aste bakoitzeko astelehen eta ostegunetan kasu bana partekatuko dutelarik.

Ikerketa burutzeko Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteko kideek artxibategi, liburu eta lan akademikoak aztertu dituzte. Lan horri esker 150 kasu jaso dituzte, horien artean, errepresio kasuak erresistentzia aktiboa burutu zuten emakumeen kasuak. Kasu horietako bakoitza izanzirenak.eus webgunean jaso da. Horrela, webgunean emakumeen izen, abizen eta jatorriaren araberako bilaketak egiteko aukera eskaintzen da.

G29070: Errefuxiatuak Hendaiara iristen Gerra Zibilean zehar.

Oroitzapenen hilabetea
Apirila data bereziz betetako hilabetea da, izan ere, apirilaren 26ean Gernikako bonbardaketaren 83. urteurrena betetzeaz gainera, Deportazioen eguna ospatzen da. XX. mendean 88 bidasotarrek deportazioak jasan zituzten eta asko Nazien kontzentrazio esparruetan egon ziren aliatuen askapena iritsi arte.

G30330: Gerran zehar ihes egin zuten erbesteratuen i- tzulera Avenida zubitik.

Deportatuetatik 52 Hendaiakoak ziren, 20 Irungoak, 5 Berakoak, 2 Etxalarrekoak eta Hondarribiar bat. Gainera, 39 deportatu akatze eta kontzentrazio esparruetan erail zituzten. Elkarteak webgunean deportatuen izen-abizenak, atxilotze guneak, jatorria, heriotza, erailketa edo askatuak ote izan ziren bezalako datuak bildu ditu . Hala ere, deportatu guztien datuak biltzen dituen zerrendatik, zenbait kasu esanguratsu nabarmendu dituzte webgunean. Hala nola, Frantxia Halzuet Alzate “Comete” sareko parte-hartzaile aktiboa, ihes egitea lortu zuen Ramon Zuazo, Tomas Zubizarre Lazcano Irungo Alderdi Komunistako militantea, Felipe Sansiñena Iriarte Neuengamme kontzentrazio esparruan hildako etxalartarra edo Clemente Sagarzazu Aguirre “Bourdeaux Louipac” sareko kidearen bizipenak irakurri daitezke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude