Itaia duela 2 urte sortu zen emakume langileen problematika panorama politikoan txertatzeko helburuarekin. Orain antolakuntza forma hartzeko pausua eman du Emakume Sozialisten Antolakunde bilakatuz. Amaiur Estonba eta Juncal Uruñuela Bidasoako Itaiaren antolakundearen helburuen inguruan mintzatu dira.
Nola sortu zen Itaia antolakundea?
Juncal: Itaia orain dela 2 urte sortu zen, emakume sozialisten sare gisa. Orduan, planteamendu nagusia finkatu zen, hau da, planteamendu politikoan emakume langileen problematika txertatzea. Mugimendu feministak indarra hartu heinean, genero auzia klase perspektiba batetik lantzeko gabezia ikusi genuen. Horretarako, Itaia sareak teoria hau sozializatzeko baliabideak jarri zituen. Momentu horretan emakume langileek jasaten zituzten zapalkuntzak identifikatzea eta horri aurre egin ahal izateko planteamendu politiko batzuk eratzea. Orain arte Itaiaren jarduna teorikoagoa izan da eta jendearengana iristeko hainbat baliabide erabili ditu, adibidez, mintegi, topaketa edo blogaren bitartez.
Amaiur: Eskualdera mugatuz, orain arte Itaia analisi kritiko-teorikoa egitera mugatu da eta bi urte hauetan testuingurua aldatu denez, emakume sozialistaren emantzipazioa urrutiago ikustea eragin du atzeraldi ekonomikoan sartuta egoteak. Horregatik guztiagatik, Itaiak antolamendu sozialista salto egiteko pausua eman du. Itaia antolakunde nazional gisa, eskualdeka taldeak eratuko dira.
Urriaren amaiera Bidasoako antolakundea Irunen aurkeztu zen. Nolako harrera izan zuen ekimenak?
Amaiur: Aurkezpenean orain azaldutako azaldu zen. Itaiaren jatorria azaltzea gainera, teorizazio prozesuko tesi eta ondorioen berri ematen ahalegindu ginen. Helburuak ezartzeaz gainera, eskualdeko funtzionamendua nolako izango den azaldu zen.
Bertaratutakoek interesa erakutsi zuten?
Juncal: Bai, nik uste espero genuena baino jende gehiago hurbildu zen. Momentu konplikatu batean aurkitzen gara eta aurkezpena nahi genuen bezala egitea posible izango ez den arren, murriztapen neurriak errespetatuz nahiko jende hurbildu zen.
Amaiur: Kuantitatiboki 40 pertsona inguru batu ginen, edukiera murriztapenak errespetatuz. Pozgarria izan zen jende gaztea eta gaiarekiko interesa erakutsi zuen jendea hurbildu zela ikustea.
Zein izango da teoria praktikara eramateko modua?
Juncal: Momentuko osasun egoeraren ondorioz emakume eta gizartearen egoera okertzea eragin du, pobreziara hurbilduz. Gure zeregina eskualdean arazo horiek identifikatzea eta ahal den neurrian horiei erantzutea izango da.
Amaiur: Laburbilduz, helburu nagusi bat zehaztea izango da eman beharreko lehen pausua. Helburu nagusia zapalkuntzarik gabeko gizartea sortzea litzateke eta antolakuntza sozialistaren bitartez posible izango dela uste dugu. Langile klase osoaren emantzipazioaren bitartez lortuko baita emakumearen benetako eman- tzipazioa. Emakumeek egunerokoan jasaten dituzten zapalkuntzak identifikatzea funtsezkoa izango da horretarako. Adibidez, soldata-arrakala, gizonarekiko dependentzia ekonomikoa edo jai-giroko jazarpen eta arazoak. Zapalkuntza hauen oinarria aztertuz, sistema kapitalistaren betikotzea zergatik gertatzen den ulertzeko gai izango garela uste dugu. Orduan bai, borroka lerro eta beharrezko baliabide politikoak zehazteko gai izango gara.
Zein izango da taldearen funtzionamendua?
Amaiur: Eskualdean erritmo bat mantentzea gustatuko litzaiguke, lehenbailehen gaitasun hauek zabaltzea lortzeko. Taldeak funtzionamendu erreal bat izatea funtsezkoa izango da eskualdean egunero gertatzen diren jazarpenak identifikatzera iritsi ahal izateko. Horretarako, maitasunez biltzea beharrezkoa iruditzen zaigu.
Gazteen artean gizartearen funtzionamendu aldatzeko grina handiagoa dela uste duzue?
Amaiur: Itaia jende gazteak eratutako taldea dela aipatu beharra dago. Gazteengan, mugimendu feministarekin gertatzen den bezala, garai ilun hauetan gure etorkizunarengatik borrokatzeko grina dugula ikusten dugu.
Datozen hilabeteetara begira, data garrantzitsurik duzue buruan?
Juncal: Talde feminista garen heinean, azaroaren 25a hurbil dagoenez, buruan dugun data bat da. Hortaz gain, martxoaren 8aren inguruan lan egiteko asmoa dugu. Bien bitartean, egoera aztertzen jarraitzeko asmoa dugu, gure erantzuna eskatzen duen zerbait topatu arte.
Amaiur: Azaroaren 25ak gure buruan presentzia handia izan arren, horren ostean bereziki, eskualdean ematen diren zapalkuntzen identifikaziorako lanean jarraitzeko asmoa dugu. Era berean, zapalkuntza hauek pairatzen dituzten kolektibo zehatzekin zuzenean harremanetan jartzea da gure ideia. Momentuz, azaroaren 25aren aurrean nola erantzun dezakegun pentsatzen ari gara. Hitzaldi bat antolatzeko asmoa dugula aurreratu dezakegu, gai honen inguruan gure teoriak sozializatzea ahalbidetuko diguna. Dena dela, gaiaren inguruan norbaitek informazio zehatzagoa nahiko balu edo, besterik gabe, gurekin harremanetan jarri nahi badu, itaia_bidasoa@riseup.net helbide-elektronikora idatzi edo Twitter zien Instagram sare sozialetan aurkituko gaitu @itaia_bidasoa izenarekin.