
Argazkia: Estudio Gover.
Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkartea 2018 urtean sortu zen. Elkartearen izenean Gernika Batailoiko buruzagia izan zen Kepa Ordokiren izena agertzen bada ere, elkarteak Behe Bidasoa bailakora memoria historiko zabala berreskuratu, bateratu eta hedatzeko proiektu ugari dauzka martxan.
Zergatik erabaki zen honelako elkarte baten sorrera beharrezkoa zela?
Karlos Santiago: Pertsona talde bat konturatu zen 1936tik aurrera hemen inguruan gertatutakoaren inguruko hutsune handia zegoela. Gauza batzuk kontatzen baziren ere, ezjakintasuna nagusi zen eta, arazoari aurre egiteko, historia ezagutarazteko helburuarekin elkartu ziren.
Joserra Enparan: Hortaz gain, Kepa Ordokiren heriotzaren 25. urteurrena zetorrela ikustea abiapuntua garrantzitsua izan zen guretzat. Orduan konturatu ginen Ordokik aitorpen berezia merezi zuela, bere izena ahazturik gera ez zedin.
Beste aukeren artean, zergatik hautatu zenuten Kepa Ordokiaren izena?
Joserra: Nahiz eta pertsona baten izena jarri, irundar bat irudikatzeko asmoarekin jarri genuen izen hori, era berean, Ordokiren irudia berreskuratzeko.
Karlos: Irundarra izateaz gain , Ordoki Gernika Batailoiko burua izan zen eta nazien aurka ibil zen borrokan. Gogoratzekoa da batailoi horren barnean, nazionalistez gain, errepublikarrak, anarkistak eta komunistak ere ibili zirela.
Hemen inguruan antzeko helburua duen beste elkarterik dago?
Joserra: Gure elkarteak historia ikuspegi berri bat ematea bilatzen du. Esaterako, joan den astean ikusitako dokumental batek Bigarren Mundu Gerraren datak ezbaian jartzen zituen, gatazkaren abiapuntua 1939 urte baino lehenago kokatuz. Izan ere, historia modu ezberdinetan kontatzeko era asko daude hartutako abiapuntuaren arabera.
Karlos: Hemen inguruan antzeko elkarteak dauden arren, gure informazio bilketa ez da 1936tik 1939ra bitarteko denbora-tartera mugatzen, 1978ra arte luzatzen gara, gertatutako guztia jarraipen baten moduan ulertzen dugulako.
Zelako garrantzia du eskualde batentzat memoria historikoaren berreskurapenak?
Joserra: Anekdota bezala, duela 10 egun Irunen onartu da Gernika Batailoiari kale bat ematea, ia 80 urte pasa ondoren. Eskema logiko baten barnean gure historiako pasarte guztiak txertatu beharko genituzkeela uste dut, inguruko herrialdeetan egin den bezala. Hemen, ordea, kontaketan etendura bat gertatu da. Ondorioz, agintarientzat historiaren berreskurapena moda batean bihurtzen delaren sentsazio dut zenbaitetan, noizbehinka ekitaldi soil batzuk antolatuz.
Karlos: Berriki Gernikan Batailoian aritu zen Perez Lusarreta zendu da. Elkartea inaugurazio egunean bertan izan zen eta han egoteagatik eskerrak eman nizkionean honakoa erantzun zidan: “Ez, eskerrik asko zuei eta nahi duzuenean itzuliko naiz gertatutako hau kontatu behar da eta, kontatzen ez badugu berriro gertatuko da. Esaldi horretan oinarrituz ikusten diot nik zentzua era honetako elkarteen jardunari.
Elkarteak martxan urte bat baino gutxiago daraman arren, lehen lorpenak ikusten hasi zarete?
Karlos: Poliki-poliki aurrera goaz. Aurkezpenaren ostean, hemen inguruan izandako 6 atxilotze esparruak landu ditugu, gai ezaguna zela ikusi eta gero. Hortaz gain, Kepa Ordoki bere heriotzaren 25. urteurrena dela eta omentzeko garaiko bertsoekin emanaldia, Gernika plazan omenaldia eta batailoiari buruzko dokumentala egin dugu, beste gauzen artean.
Joserra: Hendaiako historia ere lantzen dugula azpimarratu nahi nuke. Hain zuzen ere, Hendaian oso interesgarria eta berezia izan zen mahai-inguru bat antolatu genuen Gernika Batailoiko kideen seme-alabekin eta bestelako senideekin, testigantza ezberdinak partekatzeko. Oraindik, datu asko gorderik daude eta ezinbestekoa iruditzen zaigu izen-abizenen bilketa bat egitea. Testigantza zuzenak jasotzeko berandu gabiltzan arren, zeharkako testigantzak eta dokumentuak jasotzeko garaiz gaude oraindik.
Etorkizunari begira, elkartean zein proiektu abiatzeko asmoa duzue?
Karlos: Ekitaldiez gain, datu-bilketa gauzatzeko lanean gabiltza egunero. Informazioa badago, leku ezberdinetan eta gauza ezberdinei buruz, baina, guk informazio hori bildu eta bateratu nahiko genuke. Adibide gisa, orain Hondarribiaren kasuan errepresaliatutako 330 pertsonen izen-abizenak bildu eta antolatzeko lanean gabiltza. Bestetik, gerrak eragindako ihesaldiaren ostean, mugako zubian martxan egon zen “Zubiko Onarpen Komisioa” delakoaren inguruan lanean ari gara ere.
Joserra: Momentu honetan lehentasun berezi bat daukagu. ViaIrun proiektuaren harira, Aduanako eraikinaren atzean zutik jarraitzen duten atxilotze-guneen zati bat behintzat mantentzea nahi dugu. Era horretan, etorkizunean Irungo geltokitik igaroko den jende guztiak hiriaren historiaren zati bat ezagutzeko aukera izan dezan.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue: