Bidasoaldean elikaduran burujabetza helburu Labore Txingudi eta Hendaiakoopentzat

Labore Txingudi eta Hendaiakoop, Bidasoa Txingudi eskualdeko elikadura kontsumo taldeek, tokiko elikadura eraldaketarako abiapuntu partekatu batetik 2022. urtean elkarlan ildoa hasi zuten. Gipuzkoako Aldundia eta Pirinio Atlantikoetako mugaz-gaindiko proiektuetarako Ideiak lerroan saritutako proiektuaren bidez, elikaduraren eraldaketarako hezkuntza abiatzeko, eskualdeko ikasle eta irakasleentzako material pedagogikoa sortu eta zabaldu zuten.

Bi erakundeek elikadura sistema agroekologikoa, gardena, parte-hartzailea lortzea dute helburu, harreman bidezko eta ekitatiboekin, klima-larrialdiari eta desagertze-krisiari aurre egingo diona eta elikagaien galerak eta xahuketak saihestuko dituena.

Elikadura osasuntsua, eskuragarria, ekologikoa, sasoikoa eta tokikoa nahi dute, kate laburrago, justuago eta orekatuagoetan banatzea lehenetsiz, bizitza ospatzen duen eta beste pertsona batzuekin eta kontsumitzaile kontziente eta ahaldunduta lotzen dituen janari zaporetsuekin.

Helburu honetan ez daude bakarrik, eskualdeko eragile gehiagok partekatzen dute elikaduraren eraldaketarako beharrezkoa den ikuspuntu hau. Horregatik, elkarlanean jarraitu dute Bidasoaldeko elikadura burujabetza pausoz pauso proiektuaren bidez, Maïa Permaculture kooperatibako kideak bide lagun izanik, kontsumitzaile kontziente, elkarte, ekoizle, haur eta gazteekin nahi duten elikaduraz eztabaidatzen. Ideiak ildoaren edizio berri baten bidez finantzatutako proiektu honen lehen fasean jasotako emaitzetan oinarrituz ekainean zehar bigarren fasea osatzen duten lan saioak jorratuko dituzte.

Gertutasuna lehentasun

Kontsumitzaileek nagusiki erantzun duten galdetegian, elikadura eraldaketarako lehentasun gisa ingurumen faktoreak ez-ezik, faktore sozioekonomikoak jasotzen dira; gertutasunezko ekoizpena, ekoizleen baldintza ekonomikoak eta lurraren erregenerazio eta bioaniztasuna agertzen baitira hurrenez hurren.

Produktu onak balioan jartzen dituen tokiko kultura, gizartearen aldetik areagotzen ari den kontzientziaren handitzea, tokiko ekoizleen existentzia eta eragileen aldeko saretzeak eskualdeko indargune gisa baloratu dituzte parte hartzaileek. Bestalde, eraldaketaren erronkari aurre egiteko beharrezkotzat jotzen dira pedagogia, erakundeen inplikazioa eta eragileen arteko elkarlan zein saretzea.

Ekintza parte hartzaileak

Pedagogia egitea komunitatearen behar gisa azaldu da beste behin ere. Gazteenekin ez ezik, erabaki ahalmen handiagoa duen populazio helduarekin, eta Bidasoaldeko kontsumo elkarteetatik bat gatoz. Sentsibilizazioa eta lanketa pedagogikoa nahitaezkoa dira. Horregatik ekainean zehar, Bidasoaldeko elikadura burujabetza pausoz pauso proiektuari segida emango diote sentsibilizazioa modu parte hartzailean egiteko bina proposamenekin. Azoketan eta ikastetxeetan izango dira hurrenez-hurren publiko heldu zein gazteekin.

Zein da zein?

Ekainaren 1ean Hendaiako SokoBuruko merkatuan egongo dira eta bertaratzen diren kontsumitzaileei Zein de zein? jolasean parte hartzera gonbidatuko ditugu, azokaren amaierarekin bat parte hartzaile guztien artean tokiko produktuez osatutako saski bat zozketatuko dute. Ekainaren 15ean, dinamika bera Irungo Urdanibia azokan burutuko dute.

Gazteen iritzia eta hausnarketak entzuteko, Gazteak ON hausnarketa ko-sortzailea Irungo eta Hendaiako bigarren hezkuntzako ikastetxe banatan burutuko dute, ikasturteko azterketak amaitu eta presiorik gabeko testuinguru batean nerabeekin aritu ahal izateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude