Bidasoaren gainean hesiak eraitsiz, zubiak eraikiz

Jakina da migrazioa oztopo eta iruzurrez betetako bidea dela. Behar duenari eskua luzatu ordez, zangotraba ipini ohi zaio askotan. Migratzaileak Iruneraino iritsi eta Frantziara igarotzeko pasa beharrekoak salatzeko performancea burutu du Imanol Espinazok. Abenida zubia izan da aukeratutako agertokia eta mugaren bi aldeetako bizilagunei esker bere buruari ezarritako erronka uste baino lehenago amaitu du. Proiektuan guztira 471 pertsonek parte hartu dute eta 14.830 joan-etorri egin dituzte, 1.660 kilometro.

Imanol Espinazo artistak sare sozialen bitartez zabaldu zuen Abenida zubian egitekoa zen proiektua eta horretan parte hartzeko gonbidapena. Proiektuaren aurkezpenerako prestatutako argitalpenean azaldu zuenez, “Hendaiako gainontzeko biztanleak bezala, muga zeharkatzen saiatzen direnek pairatzen dituzten ondorioen eguneroko lekuko naiz”. Muga inguruan bizi den egoera salatzeko helburuarekin abuztuaren 28an, igandean, bere performancea hasi zuen, hesiz itxitako oinezkoen zubian.
“Tragedia hau ikusirik, ibiltzea erabaki dut”. Horrela azaldu zuen Imanol Espinazok bere ideia sare sozialen bitartez. Guztira, 1.099 dira Irun eta Melillako hesia banatzen dituzten kilometroak. Artistak erabateko isiltasunean distantzia hori Bidasoa gaineko zubitik atera gabe egitea erabaki zuen. Abenida zubiak 112 metroko luzera du, beraz, 9.812 joan-etorri egitea beharrezkoa da Irun eta Melilla arteko distantzia berdintzeko.

Zubiaren albo batetik bestera ibiltzeko gutxi gora behera minutu bat behar dela azaldu du artistak Instagramen. Kalkuluak egin ostean, Imanol Espinazok azaldu zuen, “batez beste, egunean 6tik 8 ordura ibiliz, 7 egunetan gutxi gorabehera 3.360 joan-etorri egin ahal izango nituzke”. Horregatik, eskualdeko bisitariei laguntza eskatzea erabaki zuen performancea proiektu parte-hartzaile bat bihurtuz. “Horregatik nire bidaian parte hartzera gonbidatzen zaituztet” esaldiaren bitartez proiektuan parte hartzeko aukera herritar orori zabaldu zien Espinazok.

Lehenengo egunean 422 joan-etorri egin zituen Imanolek, guztira 4.058 joan-etorri egin zirelarik. Bigarren egunaren bukaeran Imanolek 520 joan-etorri egin zituen, zubira gerturatu ziren gainontzeko pertsonen artean 4.205 egin zirelarik. Horrela, bigarren egunerako 925 kilometro ibiliak ziren. Beraz, hirugarren egunaren hasieran 1.549 joan-etorri egitea falta zen bakarrik, beraz, erronka egun bereko arratsaldeko 19:00etan amaituko zela iragarri zen.

Proposamenak jasotako erantzuna ezin hobea izan zen, aurreikusitako 7 egunak erabili gabe, erronka 3 egunetan beteta baitzegoen. Izan ere, hirugarren egunaren amaieran Imanol Espinazok 470 joan-etorri eginak zituen hiru egunen baturan eta gainontzeko parte-hartzaileek 6.080 egin zituzten. Guztira, 14.813 izan dira egitasmoaren barnean egindako joan-etorriak, hau da, 1.660 kilometro, Melillako hesia luze igarotzeraino.

Itxiera batetik bestera
Abenida zubia 2021eko urtarrilean itxi zen, terrorismoaren aurkako borroka indartzeko aitzakiarekin. Ordutik, zubiaren Hendaiako muturrean hesi batek oinezkoen bidea mozten du. Aurretik hiru urtez zubia itxita egon zen eraberritze lanak egiteko eta 2020ko abuztuaren 28an ireki zen. Eraberritze lan horiek 2,2 milioi euroko inbertsioa suposatu zuten eta Irungo Udala, Europako funtsen laguntzarekin, arduratu zen proiektua aurrera eramateaz. Herritarrez gain, José Antonio Santano Irungo alkateak zubia berriro eraikitzeko hainbat eskaera egin ditu, azkena uztailaren 12an Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetari zubiaren irekiera eskatuz.

Abenida zubiaren itxieraz gain, gainontzeko igarobideak kontrolpean mantentzeko Frantziako Poliziak egunean 24 orduz kontrolak egiten ditu Irun eta Hendaia arteko beste zubietan. Autobidean, Santiago Zubian eta Zubi Internazionalean kontrol poliziala etengabea da.

Eguneroko errealitatea
Ibrahim Cherif Ba igandean hasi zen Imanolekin batera Abenida zubiaren gainean joan-etorriak egiten. Bere gurasoak Saharaz hegoaldeko Afrikakoak zirela azaldu du, baina bera aspalditik Hendaian bizi dela adierazi du eta, ondorioz, Bidasoa ibaian gertatutako tragedien lekuko izan dela. “Europar Batasunaren barnean mugarik ez dagoela esaten badute ere, kontrolak etengabeak dira”, salatu du Ibrahimek. “Ez dugu ahaztu behar migratzaileak ez direla hona nahi dutelako etortzen, inori ez zaio gustatzen bere etxea uztea beste herrialde batera eskean joateko”, gaineratu du Hendaiako herritarrak.

Imanolen egitasmoaren arrakasta eta onberatasuna azpimarratu ditu Ibrahim Cherifek: “Horrelako ekimenek erakusten dute oraindik ere jende ona geratzen dela munduan”. Ibrahimek bere burua mugaz gaindiko pertsona bezala deskribatu du, mugaren bi aldeetan bizitza egiten duela azaltzeko. Egunero muga gutxienez lau aldiz gurutzatzen du eta bidaia bakoitzean bere azal kolorearengatik dokumentazioa erakutsi beharragatik nazkatuta agertu da. “Egunero erasotua sentitzen zarenean beti ez duzu modu egokian erantzuten, ez baita atsegina zure emazte edo alabekin batera mesfidantzez betetako begiradez inguratua bizitzea”, azaldu du Hendaiako biztanleak.

Migratzaile elkarteen babesa
Aintzane Lasarte Bidasoa Etorkinekin elkarteko kidea da eta azaldu du Imanol Espinazo artistak abiatutako egitasmora elkarte bezala atxikitzea erabaki dutela. “Bagenekien Imanolek hilabeteak zeramatzala zerbait egin nahian mugaren bi aldetan egunero ikusten dugun errealitatea modu artistikoan salatzeko,” adierazi du Aintzane Lasartek. Ibiltzen hasi aurreko bezperan jakinarazi zien Espinazok egunero mugan migratzaileei harrera egiten diharduten elkarteei bere asmoen berri.

Bidasoa Etorkinekin elkartetik performancearen balorazio positiboa egin dute. Aintzane Lasarteren hitzetan: “etorkinek bizi hobe bat izan ahal izateko egiten dutena oso modu finean erakusteko balio izan du”. Imanolentzat meditazio ariketa izan da, isiltasunean egindako joan-etorriek gogoetarako balio izan diote eta.

Horrela, azkenaldian zubiak lotune izateari utzi dio, oinarrizko eskubideentzako amildegi bilakatuz. “Bide-gurutzea” egitasmo sinboliko eta artistikoa izateaz gain, are gehiago da. Zirkulazio askerako eskubidea defendatu eta egunero mugan egiten diren kontrol arrazisten aurkako ekintza bat da. Ekintzak izandako parte hartzeak argi eta garbi utzi du egungo egoeraren zentzugabekeria, hesiak altxatu ordez, herritarrak zubiak irekitzearen alde daudelako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude