Bidasoatik Mundura 2018-2019 ikasturteko erronka berriei aurre egiteko lanean hasi da jada. Jolas eta jarduera bitartez gazteen egunerokotasunean ohitura osasungarriak txertatzeko helburua du programa honek. Era honetan, gaztek ohitura osasungarriak bereganatzen dituzte, elkarren artean ondo pasa eta kirol berriak praktikatzen dituzten bitartean.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleei zuzenduriko sasoi erronka da Bidasoatik Mundura eta bi helburu nagusi lortzeko lan egiten du. Alde batetik, gaztek elikadura osasungarria mantendu dezaten jarraibideak ematea eta, bestetik, gorputza mugimenduan jartzeko ariketa fisikoaren praktika sustatzea. Pablo Murias kirol teknikariak azaldu duenez, “Euskadi mailan horrelako gai bati heltzeko sustatu den proiektu bakarra da”.
“Euskadi mailan horrelako gai bati heltzeko sustatu den proiektu bakarra da”
Pablo Murias, kirol teknikaria
Eskola-ordutegiaren barnean garatzen diren jarduerak proposatzen ditu sasoi erronka honek. Hasi berri den ikasturtean, kirolik praktikatzen ez duten ikasleei arreta berezia eskainiko zaie. Aurten, nobedade moduan, ikastetxeek zentroetan egingo diren ekintzak eta jarduera motak aukeratzeko askatasun osoa izango dute, beti ere, aukeratutako ekintzak ohitura osasungarriak errespetatzen baditu. Era honetan, Bidasoatik Mundura programako arduradunak ikastetxe guztietako ordezkariekin bilduko dira urriaren 25ean, ikasturte berrian heziketa zentroen parte-hartzea zein izango den zehazteko.
“Helburu berdinaren alde lan egiteko administrazio eta entitate ezberdinak elkartzea lortu dugu”
Pablo Murias, kirol teknikaria
“Helburu berdinaren alde lan egiteko administrazio eta entitate ezberdinak elkartzea lortu dugu”, azaldu du Pablo Murias kirol teknikariak. Izan ere, hauexek dira Bidasoatik Mundura tokiko sarean parte-hartzen duten eragileak: Gipuzkoako Osasun Publikoa, Bidasoko ESIa (Erakunde Sanitario Integratua – Osakidetza), Irungo Berritzegune (Hezkuntza Saila), Irun eta Hondarribiko Udaletako kirol zerbitzuak eta Kronikgune.
Parte-hartzea hobetzeko bultzada
Nerabeen artean ohitura osasungarriak sustatzeko beharra identifikatu ostea, 2014 urtean Bidasoan sorturiko tokiko saretik abiaturiko proiektua da Bidasoatik Mundura. Duela bi urte jarri zen martxan proiektua lehen aldiz. Lehen edizio hartan 800 ikasle inguruk parte hartu zuten eta sari bat irabazteko aukera izan zuten parte-hartzaileek.
Hasierako arrakastaren ostean, parte-hartzaileen kopurua nabarmenki murriztu zen. Izan ere, hiru izan ziren joan den urteko edizioan parte hartu zuten zentro irundarrak: Eguzkitza, Hirubide eta La Salle. “Orain arte ikasle eta irakasleen aldetik jasotako balorazioak positiboak izan dira”, azaldu du Pablo Murias kirol teknikariak. Ikasturte berriari begira, ikasle inaktiboei zuzenduriko ekintzen programa irekiaren bitartez, parte-hartze datuak hobetu nahi dira.