Gure inguruko norbaitek FICAB zer den galdetzen badu… azaroaren 14tik 19ra AmaiaKZra, Aquariumera edo Tabakalerara joanda, edo online aukera baliatuta,ikus ditzala film arkeologikoak! Eta ondore harriduraz “Zine Arkeologikoa” botatzen badu… are eta gogotsuago esan film hauek ikustera etortzeko! Bai. Irunen ospatzen den jaialdi honetaz harro egon gaitezke, izan ere, hogeita bi edizio egiteaz gain zine arkeologikoaren erreferente bat da Euskal Herrian, Espainian eta baita nazioartean ere.
Jaialdi honi esker, mundu osoan arkeologiako hainbat indusketa eta ikerketen inguruan egiten diren film onenen aukeraketa ikusteko parada eskaintzen da. Eta jatorrizko bertsioa mantenduz, azpitituluak ipintzen zaizkie aurten ikusiko ditugun 32 filmei. Hezkuntza sailekoak euskarazko azpitituluekin ikus daitezke eta sail ofizialekoak gaztelaniazkoekin. Horretaz gain, eta bereziki ikusmen zailtasunak dituztenei zuzenduta, ONCErekin elkarlanean AUDESC sistemarekin “ikus-entzun” ahal izango da Javier Truebaren El Sueño de la vida Eterna, filma. Gainera, Trueba bera etorriko da filma aurkeztera.
Esan bezala, azaroaren 14tik 19ra Irungo Amaia KZko areto nagusian eta hitzaldi aretoan filmak aurrez aurre gozatzeko aukera izango dute ikusleek, bai eta Xabier Peñalver adituaren solasaldian parte hartzeko aukera ere. Badira urte batzuk dagoeneko, urpeko arkeologiari buruzko filmak Donostiako Aquariumera bidaiatzen dutela, eta elkarlan oparo honek egoitza ezin hobea eskaintzen die, itsasoaren azpiko altxorrak erakusten dituzten filmei eta horiek aurkeztera joango diren adituei. Donostian ere, Tabakalerarekin elkarlanean gazteei zuzendutako saio bat egingo da asteazken goizean.
Aurten baina bi berrikuntza azpimarragarri ditugu FICABen. Aurten arkeologiak memoria historikoari, kontakizun berriak egiteko eskaintzen dion laguntza, atal berri baten bidez ikusi ahal izango da. Larunbat goizean, azaroaren 19an goizeko 11:00etan Amaia KZn Giza Eskubideak eta Memoriaren inguruko bi film proiektatuko dira, bata Brasildarra eta bertako esklaboei buruzko film laburra da eta bestea berriz, gure gerra zibileko fosen indusketetan egin den lanari buruzkoa.
Eta aurtengo bigarren berrikuntzan gazteak dira protagonistak. FICAB jaialdiak ARK-MO izeneko egitasmo bat jarri du martxan, hau da ARKeologia MObilekin egindako filmen bidez erakutsia. Gazteak, zinema, ondarea, kulturaren zabalkuntza, hainbat lurraldetako ikastetxeak, sormena eta talde lana dira, besteak beste, egitasmo honen bidez bultzatu nahi ditugun gai nagusietako batzuk. Gure inguruan dauden lurralde ezberdinetako ikastetxeekin aritu gara lanean, modu esperimentalean martxan jarri dugun egitasmo honetan. Irungo, Berako eta Ziburuko ikastetxeak jo ta ke aritu dira, bost minutuko luzapena duten filmak sortzen, mugikorrarekin, Beren ingurunetik hurbil dauden arkeologia edo historia ondarea sustatzeko eta ikus-entzunezko baten bidez partekatzeko asmoz egin dute. Era berean, Txileko Los Andeseko ikasle talde bat ere gehitu da gure egitasmora, euren aberastasunak guri erakusteko. Gainera, ikastetxe bakoitzeko sortzaileak etorriko dira saio bakoitzera euren filmak aurkeztera.
Aurkezpenak, gonbidatuak, solasaldiak, filmak, Amaia antzokiko zine aretoko sarreran antolatu den Photocall bitxia, klausura ekitaldi mundiala BIZINEMA taldeko kideen eskutik, sariak, etab. Hainbat kontu sei egun berezi hauetan! Baina ezin amaitu nazioarteko epaimahaikideak aipatu gabe: Iziar Ituño aktore ezaguna izango da epai-mahaikide burua, eta berarekin batera Amaia Arranz arkeobotanikan aditua, Carlos Coros Txileko Los Andes Museo Arkeologikoko zuzendaria, Fernando Pérez Azkuna-Alhondiga Kutur Zentroko zuzendaria eta Mertxe Urteaga, arkeologoa eta FICAB jaialdiaren sortzailea.
Azkenik, programa osoa jaialdiaren webgunean ikus daiteke: www.ficab.org
Eta lehiaketako filmak online ikusteko jaialdiak irauten duen egunetan zehar tv.festhome.com atala bisitatzeko aukera ere badago. FICAB jaialdira eskainitako atalaren barruan filmak bi zatitan banatuak ikusiko dituzu. Alde batetik, hezkuntza saileko filmak eta bestetik, jaialdiko sail ofizialean lehiatuko direnak.
Azken ohar bat: lagundu gurea den zinemaldi altxor hau zabaltzen! Eta norbaitek FICAB zer den galdetzen badizu… esan zinemara etortzeko. Eskerrik asko!