Carlos Arrecubienta, Bidassoa Basque Brewery
“Gargardoaren kultura sortzeko, lan handia dago aurretik”
Irunen egindako artisau garagardoa dasta daiteke dagoeneko eskualdeko taberna zenbaitetan. Carlos Arrecubietak, Goyo Villalabeitiak eta Iñigo Pérezek sortu dute Bidassoa Basque Brewery faktoria. Jatorria ahaztu gabe, Alemaniako edo Ipar Amerikako garagardoaren tradizioa barneratu dute. New Yorken lan egin du Carlos Arrecubieta hondarribiarrak, eta bertan ezagutu du garagardoaren kultura.
– Nola eta zergatik erabaki duzue Irunen artisau garagardoa egitea?
Mikrobiologia-ikerkuntza lanean pasa ditut azken hamabost urteak AEBn. Han garagardoaren mundua deskubritu nuen, eta lantegi batean kolaboratzen aritu nintzen, industria barrutik ezagutzeko. Duela urte eta erdi bizimodua aldatzea erabaki nuen. Behe Bidasoara bueltatu nintzen, negozio honetan abiatzeko asmoz. Goyo Villabeitia bankaria eta Iñigo Pérez ingeniaria aspaldiko lagunak nituen, eta haiekin jarri nintzen harremanetan. Inbertsio handia egin dugu, baina ondo planifikatutako ideia izan da.
– Nolako garagardoa da Bidassoa?
Hiru modalitate ditugu oraingoz. “Kasper” garagardoa alemaniar estilokoa da, suabea, arina eta edaten erraza. “Mugalari” amerikar estiloko Pale Ale garagardoa da. Zapore eta aroma gehiago dauka. Garagardoaren munduan murgiltzeko estilo aproposa dela uste dut. “Boise” India Pale Ale garagardoa da. Zapore mingotsagoa eta alkohol kantitate handiagoa du. Ez dira oso garagardo bereziak, baina hasieran ezin dugu gehiegi arriskatu.
– Non aurki eta dasta daiteke?
Artisau garagardoaren ezaugarriek berek banaketa eremua zehazten dute. Produktu kontserbagarririk edo egonkortzailerik ez daramanez, denboraren poderioz eboluzio bat dauka eta asko alda daiteke. Hori dela eta, ezin dugu Penintsularen hegoaldera bidali, adibidez.
Momentuz Euskal Herrian zehar eskainiko dugu batez ere. Tokiko izaera eta nortasuna eman diogu, gainera. “Bidassoa” eta “Basque” izenez gain, garagardo bakoi-tzak istorio bat dauka atzean. Kasper euskaltzale alemaniar bat izan zen. Kontrabandoa Bidasoaldeko historiaren parte da. Eta Boise, Idahoko hiriburua, AEBn komunitate euskaldun handiena biltzen duen hiria da.
– Ba al dago inguru honetan artisau garagardoarenganako interesik?
Hazten ari den merkatua da, gero eta jarraitzaile gehiago ditu. Marka ezberdinak sortzen ari dira Euskal Herrian. Hala ere, garagardoaren inguruan dagoen kultura ezin da ardoarenarekin konparatu, adibidez. Kultura hori sortzeko lan handia dago aurretik. Esate baterako, jendeak pentsa dezake artisau garagardo bat garestia dela. Baina kontuan hartu behar da guk malta Europako toki ezberdinetatik ekartzen dugula, eta lupuluak AEBtik edo Zelanda Berritik inportatzen ditugula. Kalitatean dago garagardo industrialarekiko aldea.