Artefakto proiektuaren lehen esperientziaren balorazioa egin ondoren, 2.0 edizioa aurkeztu dute Santiago auzoan. Espazio publikoa dinamizatzeko asmoz, arkitektura lehiaketa martxan jarri zuten 2013an. Euskal Jai pilotalekuaren atzean dagoen baratzea izan zen haren emaitza. Artefakto 2.0k, aldiz Fermin Calbeton kalean dauden panelak apaintzea izango du helburu. Lorategi bertikala izango da obra aurrera eramango duen artistak jorratu beharreko gaia.
Duela bi urte aurkeztu zuen Santiago auzoko diseinatzaile, argazkilari eta arkitekto talde batek Artefakto proiektua. Santiagoko Bizilagunen Elkartearekin eta Udalarekin harremanetan jarri ondoren, parte-hartze prozesu bati ekin zioten, auzoko espazio publikoa dinamizatzeko ideien bila. Bizilagunen artean, asteburu bakarrean eta birziklatutako materialekin, auzoari balio erantsia emango zion eraikuntza xume bat egitea zen asmoa. Aurkeztutako berrogeita hamar egitasmoen artean, hamar onenak aukeratu zituzten bizilagunek, bozketa bidez. Horiekin, arkitektura lehiaketa jarri zuten martxan. Adituen epaimahaiak “Santiagoko baratzea” proiektua hautatu zuen. Euskal Jai pilotalekuaren atzean eraiki zuten, 2013ko udan.
Baratzea kudeatzeko, Santiagoko bizilagunak aritu ziren lanean hasieran. Jasotako uzta Berpiztu GKEak erabiltzen zuen, asteartero Bizilagunen Elkartean egiten duen elikagaien banaketan. 2014ko urritik aurrera, kanalaren beste aldean dagoen Dunboa eskolako haurrek hartu zuten baratzea zaintzeko ardura. Baratze Eskola da orain. “Ia asteartero joaten gara baratzea zaintzera eta produktuak jasotzera. Belar txarrak kentzen eta haziak landatzen ikasi dugu”, azaldu du Milena Nicolaescu ikasleak. Jasotako uztarekin zozketak egiten dituzte, ikasleek produktuak etxera eraman ahal izan ditzaten. Arazoren bat edo beste izan dutela onartu du Egoitz Sanchez ikasleak: “Jendea baratzean sartzen da, eta produktuak zapaltzen ditu. Kartelak egin ditugu, errespetua eskatzeko”.
Helburu zehatza bigarren edizioan
Bere bidea egin du, beraz, Artefakto proiektuaren lehen edizioaren fruituak. Orain bigarrena aurkeztu dute. Artefakto 2.0 zehatzagoa da, ekintza eremuaren eta moduaren aldetik. Fermin Calbeton kaleko horman dauden bi panelak apaintzea izango du helburu. Kontzertuetako, zirkuetako edo beste kultur ekitaldietako kartelak jartzeko panelak dira. “Kasu honetan, Fermin Calbeton kaleko bizilagunei eta inguruko merkatariei eskatu diegu paneletarako gaiak proposatzeko”, argitu du Josu Laguardia arkitektoak. Aukeratu duten gaia lorategi bertikalarena da. Lehiaketa martxan jarri dute, interesa duten artistek proposamenak egin ditzaten. Din A3 formatuan aurkeztu beharko dute proiektua, orrialde bateko memoria batekin batera. Ortolaiz argazkilaritza estudioan entrega dezakete (Tadeo Murgia, 1, 1.B), maiatzaren 22a baino lehen.
Ekainaren 21ean burutuko du obra aukeratutako artistak. Hamar egun lehenago egingo du hautaketa epaimahaiak. Kaleko bizilagun edo merkatariren batek, talde antolatzaileko norbaitek, EHUko irakasle batek eta Irungo artista batek osatuko dute epaimahaia. “Egun horretarako, panelak garbi eta prest utziko ditugu”, baieztatu du Arantxa Etxebeste diseinatzaileak. Fermin Calbeton kaleko horma pribatua da, eta jabeekin harremanetan jarri direla adierazi du Josu Laguardiak: “Baimena eman digute. Udalak ere badu proiektuaren berri”. Baratzeak ez bezala, panelek ez dute mantentze lanik beharko. “Obra kalean geldituko da. Hondatzen edo alda-tzen bada ere, berdin du. Lanak izan dezakeen bilakaera ikustea interesatzen zaigu”, aipatu du Arantxa Etxebestek. Hiriko paisaiaren parte bilakatuko da Artefakto 2.0ren emaitza.