Bigarren Mundu Gerra Bidasoan

Nazioarteko gatazkak eskualdean izan zuen eraginaren berri ematen dute CBAn eta Oiasso Museoan dauden erakusketek

1940ko ekainean iritsi ziren Wehrmacht-eko tropa alemaniarrak Bidasoko mugara. Duela 76 urte izan zen, Bigarren Mundu Gerraren testuinguruan. Harrera beroa egin zieten frankistek Abenida zubian, nazioarteko gatazkan Espainia estatu neutrala zen arren. Gerra Zibila irabazi ondoren, Francok Hitlerren Alemania lagun eduki nahi izan zuen, armada gaindiezina zuela baitzirudien orduan. Hori dela eta, lasai ederrean ibili ziren tropa frankistak Bidasoaren bi aldeetan. CBA kultur gunean dagoen Nazien presentzia Bidasoan argazki erakusketan ikus daiteke. Oiasso Museoko Comète erakusketak, berriz, garai bereko ihesbide sarearen berri ematen du.A1-42413008.JPG

Armistizioa sinatu eta naziek Frantzia okupatu ondoren, atsedenerako eta indarrak berreskuratzeko gune pribilegiatu bilakatu zen euskal kostaldea, tropa alemaniarrentzat. Gudu-zelaietatik urrun zegoen, erresistentziarik ez zegoen, eremu lasaia zen, eta hondartzak, bainuetxeak, hotelak eta bestelako interes gune eta azpiegitura erakargarriak zituen. Hamarkadak zeramatzan Iparraldeak turistak hartzen. Beraz, naziak ere, turisten moduan ibili ziren Biarritzeko hondartzan, Baionako kafetegietan edo Larrun mendiko funikularrean, besteak beste. Herritarren etxeak konfiskatu zituzten hasieran, baina txaletetan, hoteletan eta gazteluetan instalatu ziren, beranduago.

Iparraldean bakarrik ez, Bidasoaren hegoaldean ere eroso ibili ziren tropa alemaniarrak, frankistak lagun zituztela. Juan Carlos Jiménez de Aberasturi historialaria aditua da Bigarren Mundu Gerraren gaian, eta azaldu du 1940ko ekainaren 27an pasa zela lehen delegazio alemaniarra Irunera, Abenida zubitik: “SSetako destakamendu bat pasa zen, eta beste aldeko lagunek agurtu zituzten”. José Ramón Vega irundarrak azaldu izan du irundarrek harriduraz hartu zituztela soldadu alemaniarrak: “Altuak, ilehoriak eta indartsuak ziren”. Hiriko dendetako, tabernetako eta bestelako establezimenduetako bezero bilakatu ziren: “Erosketa onak egiten zituzten, eta adeitsuak ziren”. CBAko erakusketan dagoen argazkietako batean, ofizial naziak San Martzial mendian ikus daitezke, ekainaren 30ean, Eusebio Pedrós alardeko jeneralarekin, eta urte hartako kantinerekin.

Bisita entzutetsuak

Soldadu arruntak eta ofizialak bakarrik ez, goi karguak ere izan ziren Bidasoaren hegoaldean. 1940ko urriaren 19an, Heinrich Himmler SSen buruak nazioarteko zubia gurutzatu zuen. Irungo tren geltokian harrera egin zioten, bandera naziekin eta Espainiako ereserkiarekin. Donostian, Diputazioaren eraikinean egin zioten ongi etorri ofiziala, txistulariek jotako Agur Jaunak abesti eta guzti. San Telmo Museoa eta Igeldo bisitatu ondoren, Madrilerako bidea hartu zuen Himmlerrek, Francisco Francorekin elkartzeko. Bileraren helburua, Francoren eta Hitlerren arteko elkarrizketa prestatzea izan zen. Urriaren 23an bildu ziren bi diktadoreak, Hendaiako tren geltokian. Elkarrizketak, Espainiak Bigarren Mundu Gerran parte hartzeko baldintzak zehaztea zuen helburu. Ez zuen ondorio zuzenik izan, ordea.

Naziek Stalingraden galdu ondoren aldatu zen egoera”
Juan Carlos Jiménez de Aberasturi, historialaria

Tropa alemaniarrak eragozpenik gabe ibili ziren Bidasoaren hegoaldean, Bigarren Mundu Gerrak kontrako norabidea hartu zuen arte. “Batez ere, naziek 1943aren hasieran Stalingrad galdu eta gero aldatu zen egoera”, zehaztu du Aberasturik. Jarrera aldatu zuen orduan Francok, aliatuen garaipenerako prestatzen hasteko. Alemaniarrek 1944an ihes egin zuten Iparraldeko kostaldetik, Normandiako lehorreratzearen ondoren.

Ezkutuko erresistentzia

Alemaniarren okupazio lasaiaren itzalean, erresistentzia sare klandestinoak lanean aritu ziren. Okupatutako Europa osoan, eta Behe Bidasoa eskualdean ere bai. Ezkutuko jarduera horren adibide da Comète sarea. Belgikan sortu zen, 1941 urtean, naziek okupatutako lurraldeetan eroritako pilotuei ihes egiten laguntzeko. Frantzia Iparraldean eta Belgikan, esaterako, ehunka britainiar gelditu ziren egoera zail horretan. Pilotu horientzat, pentsaezina zen ondo defendatutako Mantxako Kanala gurutzatzea eta Erresuma Batura iristea. Beste aukera, Frantzia osoa zeharkatzea zen, Francoren Espainiara iristeko, eta Erresuma Batuko kontsulatuarekin harremanetan jartzeko. Ibilbide horretan, Bidasoa zeharkatzea puntu kritikoa zen.

Juan Carlos Jiménez de Aberasturik azpimarratu du bonbardaketak astero egiten zituztela, eta ikaragarri handiak izaten zirela. Pilotuen kopurua ere tamainakoa zen, beraz garrantzia handia zuen bizirauten zutenek bueltako bidea egin ahal izatea: “Pertsonal militarra eta kualifikatua zen. Psikologikoki ere garrantzitsua zen haiek etxera bueltatu ahal izatea”. Horregatik egin zuten agintariek iheserako sareen aldeko apustu argia. Andrée de Jongh Dedée emakume gaztea izan zen Comèten antolatzailea. 1941eko uztailaren amaieran, Bilborainoko bidea egin zuen Dedéek, zenbait piloturekin. Erresuma Batuko kontsulatuarekin harremanetan jarri zen, proiektuaren bideragarritasunaz konbentzitzeko asmoz. Bilera horren ondoren, 1941eko udaran martxan jarri zuten Comète sarea, Erresuma Batuko gobernuaren babesarekin. Hiru urteko epean, ia 800 pilotuk lortu zuten ihes egitea, Comèten lanari esker.

Emakumezkoak izan ziren kolaboratzaileetako asko”
Cristina Aguirre, Oiasso Museoko gerentea

Angelun errefuxiatuta zegoen familia belgikar batekin harremanetan jarri ziren. De Greef zen familiaren izena. De Greeftarrek kolaboratzaileen multzoa osatu zuten Bidasoko mugaren inguruan. Kolaboratzaile batzuk iheslariak hartzeko eta ezkutatzeko prest zeuden. Beste batzuek, muga zeharkatzerako momentuan iheslarien gidari izateko aurkeztu zuten euren burua. Muga zeharkatzen urtetako esperientzia zuten kolaboratzaileak hautatu zituzten: kontrabandistak. Maritxu Anatol irundarra aritu zen laguntzaileen artean. “Emakumezkoak izan ziren kolaboratzaileetako asko”, azpimarratu du Cristina Aguirre Oiasso Museoko gerenteak. Comète sareari buruzko erakusketa ikus daiteke bertan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude