Bigarren urtez jarraian Opila Egun ezohikoa bizi izan du Irunek

2020ko apirilaren 25eko Opila Egunaren ospakizuna pandemiarengatik guztiz baldintzatuta egon zen. Urtebete beranduago, jada etxean konfinatuta egon ez arren, San Marko eguna ohikotasunez ospatzea ezinezkoa izan da beste urte batez irundarrentzat. Izan ere, pandemiaren zabalpena ekiditeko segurtasun neurriak ez dira Opilaren Eguneko ohiturekin bateragarriak.

2021eko Opila Egun ezohikoa bizi izan dute irundarrek. Apirilaren 25eko bedeinkapen jendetsuen ordez, hiriko elizaren barrualde eta kanpoaldeak hutsik gelditu dira beste urte batez. Segurtasun neurri guztiak beteko zirela ziurtatzeko, bedeinkapen San Martzial ermitaren inguruko zelaietara opilak dastatzeko hiritar gutxi batzuk hurbildu ziren arren, ezin daiteke alderatu beste urteetan egun horretan mendian hurbildu ohi diren familia eta lagun taldeekin.

Ohituraren etenaldiak
Auñamendi entziklopedian argitaratutako artikuluan azaltzen denez, antzina San Marko egunean prozesio bat egiten zen herri inguruko ermitak bisitatzeko eta, Irunen kasuan, Arteaga, San Martzial eta San Anton ermitetara iristen zen. Apaiz eta agintariak buru zituzten prozesio horien helburua lurrak bedeinkatzea zen. Ostean, erromesek indarrak hartu ostean, erromerian dantza eginez hirira itzultzen ziren.

Euskal entziklopedian publikatutako artikuluan argitaratzen denez, San Marko eta Opilaren Egunaren ospakizuna historian Irunen, Covid-19ak eragindako pandemia iritsi aurretik, gutxienez bitan bertan behera gelditu da. Lehen etenaldi edo aldaketa 1787ko apirilaren 22an gertatu zen Iruñeko Apezpikuak Elizbarruti guztian San Marko letanietan ospatutako prozesio guztiak bertan behera uztera behartzen zuen gutuna bidaltzearekin batera. Urte hartan erromesaldia Santa Elenako ermitara egin zela azaltzen da entziklopedian.

Bigarren aldaketa, berriz, 1816. urtean gertatu zen, euriteek prozesioa atzeratzea eragin ondoren. Horren ostean, Karlistaldiak izan ziren, dokumentazio faltak agerian uzten duenez, San Marko eguneko prozesioen bigarren etenaren arrazoia. Gatazka zibilaren ostean prozesioa behin bakarrik ospatu izan zen berriro, zehazki, 1879. urtean eta hortik aurrera San Marko eguneko prozesioak behin betiko desagertu ziren.

Prozesioa galdu arren, lurraren bedeinkatzea, bazkaria eta erromeria ospatzearen ohituri eutsi zitzaion. Fededunak lurren bedeinkatzea eta erromeria ospatzen jarraitu zuten herri inguruko landetan. Hara, hamaiketako edo bazkaria eraman ohi zuten, gehienetan taloa (artoz eginiko ogia, egositako bi arrautzez lagundua). Tamalez, denboraren poderioz lurren bedeinkapena ere desagertu egin zen. Beraz, gaur San Marko eguneko ekintzak herri inguruko lurretan opilen bedeinkapenean eta horren dastaketan datza batik bat, askotan erromerietako doinuez lagundurik.

Opilaren jatorria
Kasu honetan pandemiak Opila Eguneko ohiturak moldarazi ostean, bedeinkapen, erromeria eta lagunekin partekatutako hamaiketakorik gabe bada ere, ohituraren jatorria eta bilakaera errepasatzeko une aproposa izan daiteke honakoa. Izan ere, opila izenez ezagutzen den jakiaren jatorria prozesioan parte hartzen zuten erromesen hamaiketako edo bazkarian dago. Prozesioa egiten zen garaiko dokumentuek erakutsi bezala, enpanada antzeko zerbait jan ohi zen apirilaren 25eko ospakizunetan. Opiletik oso gertu dagoen elikagaia izanik, egun opila izenez ezagutzen denaren jatorria azal dezake. Prozesioetan parte hartzen zuten gazteei arrautza egosi eta ogi puska bat ematen baitzitzaien.

Auñamendi entziklopedian argitaratutako idatzian azaltzen denez, “tradizioz, opila, labean egindako torta bat izan da, arrautza egosiak gainean edo txorizo zati bat barrualdean zuela. Herriaren arabera jaki horren aldaera ezberdinek denboran iraun dute eta kasu gehienetan torta horiek arrautzekin apaintzen dira. Irunen, konkretuki, kolore arrosekoa arrautzak erabiltzen dira. Opiletako arrautzen kolore deigarria azaltzen duten teoriak ugariak dira.

Azalpen hedatuenetako batek dionez, arrautzak kolore arrosekoak eta egungo opilak bizkotxoz eginda izatearen arrazoia kasualitatea da, Elgorriaga gozodendan Madrilgo amabitxi batek egindako enkargu bereziaren ondorioa. Arrautzak tindatzeko garrapiñatuekin batera egosi zituzten eta opilen ohorea erabaki zen. Beste teoria baten arabera arrautzen kolore bereziaren arrazoia Gerra Zibilaren ostean Irunen kokatutako okin katalan baten eraginean dago, Katalunian famatuak diren “Monas de Pascua” delakoak imitatzen saiatu ostean.

Jatorri eta bilakaeraren gaineko teoria desberdinak eta anitzak izan arren, argi dago egoera bere onera itzuli bezain laster, irundarrak amabitxi eta semebitxi zein alababitxiekin opilaren inguruan elkartzen ditun ohiturari jarraipena emateko irrikan egongo direla.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude